Juan Leon Kruzalegiren 120. urteurrena

 

http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/cruzalegui-juan-leon/ar-35205/

Ehun eta  hogei urte aurton Juan Leon Kruzalegi jaio zela. Mundakan. Abenduaren 26an hain zuzen. Gizon eta artista gogoangarria, haren jaiotzearen urteurren biribil honetan mundakarrok omenaldia zor diogu. Sorterriaz inoiz ahaztu ez zelako eta aholan zabaldu zuelako Mundaka izena munduan.

Orain bizi dugun aro hau baino gogorrago bat bizi izan zuten Kruzalegik eta beste makina batek euskal herritarrek. 1936ko gudatearena eta haren ondoriozko gerraostearena. Zorigaiztoko urte hartan, Juan Leonek, familiarekin  batera, erbestera joan zen. Gerratik ihes, beste asko legez, Argentinara.

Buenos Aires hirian bizi izan zen, eta hantxe ekin zion hemen zela hartu zuen bideari. Margolaritzari. Lehenago, 1935ko urtean izan zen hondoratzearen ondorioz hil ziren arrantzaleen alargunei eta umezurtzei laguntzeko egin zen herri-ekimenerako Indalexio Tribisarrospe leiendako arrantzalearen margola egin zuen, gaur egun Mundakako etxe batean gordeta dagoena bera. Zorionez. Ameriketako euskal aldizkarietan behin eta berriro marraztuko zuen gizon haren irudia. Beti herri-minez, beti oroimenaren indarrez. Eta marraztu ez eze idatzi ere egin zuen.

Juan Leon Buenos Aireseko artista giroetan bizi izan zen, eta Euskal Etxeetan eratu ziren euskal artisten erakusketetan buru-belarri sartuta ibil zen. Horretan legoia izan.

Erresistentzia garaiak ziren. Oraingoa legezkoa, aldeak alde.

2020ko urte gogor honetan Juan Leon Kruzalegiren izena eta izana gogora ekartzeak esangura sakona dauka. Joandako denboretakoak ez dira ariketa huts legez hartu behar. Gerora begira, eta laster hasiko den urte berrian, ordukoen indarra, kemena eta adorea, eta gehiago ere, beharko dugu.

Artea eta literatura arnasbideak dira. Halaxe hartu zuten Kruzalegik eta beste artista eta sortzaile askok erbestean. Itxaropena ezin zen ito. Arnasa behar zen. Urrundik, herri minez, Juan Leonek berea eman zion Euskal Herriari eta bertoko kulturari. Orain berriro ere artea eta kultura gure arnasbideak izan ala ito, hona hemen gure erronka.

Udalaren aldetik herriaren eta herritarren oroimena suspertzeko asmo sendoa daukagu. Hala bada, Juan Leon legoiaren urteurren honetan haren lanen bat daukazuenoi gonbitea luzatzen dizuegu, udalari jakinarazteko. Horretara Mundakako seme haren ondorea merezi duen omenaldia egingo liokeen katalogoa eta, ahala dela, erakusketa atontzen joan ahal izateko.

Ea ba asmoa 2021an gauzatuko ahal den. “Hala bedi!”, esaten dena.

Baina “hala bedi” esateak “egin dezagun” esatea eta egiten hastea eskatzen du.

Gogorra da bizi duguna. Ez ahaztu gogorrak ere bizi izan dituela herri honek.

Juan Leon Kruzalegiren urteurren honetan izan gaitzen herri.

Bestela gureak egin du.

Comentarios

Publicar un comentario

Entradas populares de este blog

Ecce Homo: Hemingway

Hemingway 2 / 1918-1919: EN LA GUERRA Y EN EL AMOR