2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XVL)


Eguzkiaren Atekoak

 
Emilio Lopez Adan Beltza
Urtea etor zedin itxaroten genuen artean Emilio Lopez Adan Beltzak Euskadi 1984 liburua argitaratu zuen. 1979. urtea zen. Ez ninduen ase. Owellen nobela irakurrita beste zerbait espero nuen. Zer, ezin zehazki esan. Zer jango genukeen esateko gai izan ez-eta mahaira zerbait atera digutelarik atera diguten horrek zapuztu egiten gaituenean legez. Zer espero nezakeen liburutik, ez nekien. 

Iritsi zen azkenean 1984 urte ikonikoa. Beltzak aurreikusitako zer edo zer gertatzen hasita zegoen. Niri neuri gertatu zitzaidana zen inondik ere ez nuena. 1984 liburuan dagoena alegia. Atxilotua inoiz filmetan ere ikusi ez dituzuen iskiluekin, autoan bertan jipoia hartzen hasia, etxekoek ez zekiten lekuren batean itxita eta bost egunez habeas corpus barik, kolpeak, Jimenez, un maketo, no te da vergúenza, quieres tirarte por la ventana, coje la pistola, cógela, un maketo como tú, lorik eza, quien es más abertzale Ardanza o Garaikoetxea, quien es más lista, quien es maś tonta, la policia española o la francesa, zer ere erantzunda ostiak barra-barra, mehatxuak, jonki bat bat-batean ziegan, maskara, elektrodoak, auto-lesioak jakako kremailerarekin eskuturretan odola egin arte, Madrilera, mehatxuak berriro, medikuaren bisitak, gora alkandora, kremak, posterrak geletan hala zelan Bhetovenen aurpegia zuen hura “Si no es un judio...” hitzekin ez naiz esaldi osoaz gogoratzen, bulegoetan Fuerzanuevarren pegatina haiek guztiak banan-banan España una y no cincuenta y una, emakume hura negarrez funtzionario polizia antiterrorista haren aurrean orduetan eta orduetan, argazkiak eta argazkiak erotu arte, guardiako abokatua, orduak paperak betetzen makinaz idazten ozta-ozta zekien funtzionario hura, abokatua han begira nire tortura ebidentziei isilik, “le han tratado bien”, gaueko alarauak Madrileko posta-zalditegiak izandako ziegetan, jonkiak, pasiloetan ibilaldiak Bilboko Ingeniari Eskolako zine-klubaren azken egun hartan El acorazado Potemkin filmaren proiekzioan egona omen zen txakurrarekin,...
El acorazado Potemkin

-El milenarismo vasco aipatu zizun, noski.
Bai. Horrek ez du esan nahi egileak ikastarorik eman zienik. Liburuak zekarren argumentario bere eginda zeukaten. Kito.
Hura 1984 eleberrian bezala zen. Igarrita zeukaten maketorena ez zela argudio nahikoa sendoa. Intelektualagoak behar ziren. Pasiloko ibilaldi haietarako. Zeintzuetan Ajuria Eneako Mahaiaren argumentario errepikatzen zidaten. Potroetatik eta bularretik -esaterako!- elektrodoen markak ezabatuz zihoazen artean. Oi, DGSko medikuak eta Hipokrates!

Orain begiratuta, Eguneroko honetakoak idatzi ondoren, liburu hartako tesia askoz ere egokiagoa litzateke beste honetara laburtzea: Amets-gaiztoa, hots, nazionalismo baskoa, zirkulu bitan jaio zen; ni jaio nintzen etxea zentrotzat hartuta hiru-lau kilometroko zirkuluaren barruan eta handik berrogei kilometrora dagoen Abando inguruko zirkuluan. Horra!

Zirkulura bien arteko energia-, ideia-, komunikazio-bidea zirkulu bien artean bizi zian zen gizonezko bat izan zen, bataio izena Sabino Policarpo Arana Goiri zuena.

Zirkulu bien arteko zeretarako -jar zernahi- trena elementu funtsezkoa huts-hutsik ez, erabakigarria izan zen. Aranak ukatzen zuen modernitateak egin zuen posible zirkulu bien artekoa lehenik, eta sortuz joan ziren beste zirkulu batzuen artekoa gero.

“Nazionalismo baskoaren historia trenaren historia da”, esan niezaiokeen Aranzadiren liburua laburbiltzen zidan hari, ez dakit Juan Aranzadiri berari inoiz inork esan ote dion Madrileko DGSko buru argiek zein menderaturik zeukaten bere argumentarioa. Tira, tiro egiten zutenek beste argumentario batzuekin egiten omen zuten eta, zilegi bedi argumentarioen gerraz hitz egitea.
Bahitu, torturatu eta epailearen aurrera bidaltzekotan zirenen artean nolabait maketoaren argumentuaren garabide logikoa zena erakutsi zidaten, milenarismoaren argumentuei axioma berri bat gehituz hain zuzen.

Zelan izan zen hori eta, alkandora hain neukan odolez-eta zikin, beste bat ekarri zidaten, berri-berria, orratzak kendu barik baitzekarten.
Aldean nuena kenarazi zidaten.
Bestea jantzarazi.
Nirea eskatu nien.
Ez zidaten eman.
-¿Para qué la quieres? Esta te la ha elegido Julio Feo.
Begira geratu nintzaion, hain harriturik itxuraz, ze galde egin zidan:
-¿No sabes quién es Julio Feo?, ez du uste izenarekin okertzen naizenik.
Ezetz nik.
-Pues va a ser verdad que no te enteras de nada. El que le elige las camisas a Felipe González.

Eguzkiaren Atea Madrilen
Joan ziren manporrero torturatzaileak eta hantxe lotu nintzen, zutunik, hango guztiaren ugazaba zirudien haren aurrean; jesarrita bera, zutunik ni.
-Ha sido un error.
Hori han behean ere esan zidaten.
-Llevábamos tanto tiempo...! Igual se nos ha ido la mano.
Feliperen zaleak ez ziren fuerzanuevista haiek. Halandabe via librea Felipek eman.

Judu konbertso inkisidore bihurtuaren adibide berria. Juduekin kristau zaharrak baino zorrotzago, zurrunago, zigortzaileago jardun behar, ez zezaten esan, Begira, ez erabateko kristaua, bere baitan judu segitzen du!
Polizia españolak ez ezik estatuak berak ere egituretan -hezurduretan-, erakundeetan -giharretan-, indar-ideietan -haragian- Inkisizioaren egituretatik, erakundeetatik eta indar-ideietatik dutena ez da hemen azaltzeko.
-Jimenez, harira!
-Gaur ez naiz txakur andaluza, ala?
-Gaurkoz barkatuta.

Han jesarrita zegoenak diost, burua pittin bat altxatuz, idazten ari zen itxurei utzita alegia,
-Ustedes lo que tienen que hacer es aprender de Sabino Arana.
Izenak hain harrapatu ninduen ezustean, mutu ni.
-¿No sabe que al final se arrepintió y fundó un partido españolista?

Aranaren “eboluzio españolista”, nazionalismo baskoaren klasiko bat, hantxe, 1984ko urriko goiz eder hartan Madrilen. Eguzki Plazako posta-etxea izandakoan. Ez ginen ba gutxitan ibili haren aurrean soldadutza egunetan, 1974 eta 1975 urte tartean. Gogoan daukat han nonbait zela Editorial San Martinen denda, militar gaietan espezializatua. Pena astegunez ezin joatea.
-Paella ederrak España fondan, ezta?
-Noren psikofonia zara?
Madril klasikoa hala ezagututa, hamar urte geroago hantxe ba frankismoaren ostekoa ezagutzen.
-¿No sabe lo de Sabino Arana?
Manporrero elektrodoetan espezializatuen ugazabak azken kolpe bat zeukakidan gordeta.
-Era un impotente. Su viuda se casó con un guardia civil y tuvo tres hijos.

Ikusi ninduen epaileak. Galde egin zidan tratuaz. Ondo, esan nion. Sinistu nahi izan zuen. Paperak albo utzi zituen, horiei ez diegu kasurik egingo, zera, ikusten da ez zarela burubako bat, beraz, esadazu, zelan konpon daiteke hau? Hitz eginez, erantzun nion.
Halaxe utzi ninduen joaten.
Itsu okerragorik ikusi nahi duena baino, nekez.

Bilbon Santik ikusi ninduen. Gero Txema abokatuarekin egon nintzen. Biek ulertu zuten ezer salatu nahi ez izatea nik. Banekien eginez gero zer espero nezakeen. Horren damua, ostera, ez zait inoiz joan. Torturatzaileentzat lehenengo helburua torturatuaren aitormena dela zalantzan jarrita, torturatuak tortura ez salatzea lehen-lehenengo xedeen artean dago. Erdiestea garaipentzat hartzen dute. Ez lezakete erdiets, inondik ere, tortura badela jakin arren ezikusia eta ez entzuna egiten dutenak halako multzo erraldoia izan ezean. Gertatu zitzaidanaren ondorioak zein izan diren ez da hemengo gaia.
Hemengo gaia Nikoleren irudia da orain.

Gertatuak kontatu ostean Txemari sikarioen ugazabak esan zidana aipatu nion.
-Hori esan dizute? Ez da harrigarria. Ajuriagerra ere egia zelakoan zegoen eta.
Juan Ajuriagerra

Juan Ajuriagerrari Nikole alarguna karabinero batekin ezkondu zelakoa nork saldu zion, ez dakit. Saldu zionak gerra ostean saldu behar izango zion, dena dela. Zeren eta gizona, Bilbon jaioa hain zuzen ere Sabino hil zen urte bereko abuztuaren 6an, 1934an, Nicolasa de Atxika-Allendek (sic) Euzkadi egunkariari “la enseña bizkaina” haren grabatua eman zion urtean hain zuzen, Bizkai Buru Batzarreko burkidea zen; hartan iraun zuen 1937ko abuztuaren 28ra arte.
Horraino oraingoz Juan Ajurigerrarenak. Gerra aurreko urte guzti haietan ez zuen jakin antza Sabino Aranaren alargunaren berri, bestela ez zuen ezkontzarena sinestatuko. Noski, gerta zekiokeen, neuri bezala, gerra ondoan haren oroitzapena garunaldea denboraren eraginez bilakatu ohi den Gruyère gaztako zulotxoren batetik joan izana.
-Nork daki, pentsa zezakeen, igoal ezkondu egin da ni kanpoan izan naizen artean. 

Kartzelan sei urte (1937-1943) igaro zituen espetxean Frantziara ihes egin baino lehen. Beraz, ezer ez jakiteko motiborik ez zuen falta. Arraroagoa da Wikipediak dakarren beste hau jakinda, “Isilpeko borrokaren eratzailea, hogeita hamar urtez ezkutuko jeltzaleen buru izan zela” alegia, alargunaz ezer ez jakitea. Harekin prozesatu zituztenetako batzuk, Palas izeneko ostatukoak eta, EAJk antolatuta zeukan sare hartako izan ziren. Ajuriagerraren sarekoak, alegia. Dokumentua badaukat.

Eman dezagun, halandabe, ezkondu egin zitekeela Nikole. Gerra ondoan. Nornahirekin, alarguna zen eta. Seme-alabak, ostera?

Ez zaio buelta gehiagorik eman behar. Ajuriagerrak ez zekien bera alderdian sartu zenean, Wikik 1926an dio, zenbat urte zituen Nikolek.
-Berrogeita hamabi, Juan, be-rro-gei-ta-ha-ma-bi!
Umerik egiterik bai urte horiekin? Ala lehenago egin zuten? Gerra ondoan, 1937an, hirurogei zituen andreak.

Ajuriagerrak ez zekien ezer Sabino Arana Goiriren alargunaz. Kito.
Jakitekotan Luis Arana Goirik zekikeen. Nikole baino hile bi geroago hil zen. 1951ko ekainaren batean. Santurtzin.
Sukarrietakoek, Busturiakoek, Mundakakoek, Bermeokoek, Kanalakoek, gerra aurreko urteetan Abiñara joaten zitzaizkion sabinianoek, horiek eta beste askok, ez dut uste doilorkeria haren aditzerik ere zeukatenik.

Doilorkeriara itzuliz -esan diezaiodan doilorkeria gezur-mokordo eder hari- haren sakoneko esangurara iritsi behar dut, Madrileko Eguzkiaren Atetik Espainia Inperialaren funtsaren euskarria ziren sikario haien ugazabak “Sabino, alarguna, ezkondu, karabinero, seme-alabak” ekuazioaren zergatia uler dezadan. Haren ulerpide bila, alegia 

Harako hark bere tesiaren idazpurutzat “milenarismo baskoa” jarri zuen era berean, Eguzkiaren Ateko errebelazioari “Lady Chaterley's paradigma” jarriko diot nik hemen. Erabaki honek The Lady Chatterley's Lover eleberriaren berrirakurketa eskatzen du.
-Exageratua, betiko moduan, ezta, andaluza?
The Lady Chatterley's Lover

Eleberria 1932an argitaratu zen, eta beste ezer baino lehen esan dezadan XX. Mendeko lehen erdialdean bere literaturgintzan emakumeak gogoan hartzeko ahalegin handiena egin zuen D.H. Lawarenceri feminismoaren adarretako batzuk adarkada ederrak jo dizkiotela. Bego esanda, jakitun naiz.

Constance Chatterley emakume ezkondua da nobela hastean. Senarra, Clifford, gerrara joana eta 1917an atseden egitera etorrita frontera berriro joana, bigarren horretan larri zauritu dute; sarraskia amaiturik behin betiko etxera etorri denean senarrak betiko elbarriturik dakar aldaketatik edo gerritik beherako gorputz zatia. Betiko, jakinik -“for ever, knowing he could never have any children”- ezin izango duela umerik inoiz izan. Esateko modu bat da hori, umerik ezin izateko moduak baitaude. Uler bedi, bada, sexu intercouse halakorik burutzeko gai ez dela. Zer geratzen zaio bikoteari? Emakumeari, sublimazioa. Gizonari, gerrako heroiaren estatusa. Biei ere, aberriaren sakrifizioaren sinboloa.

Eguzkiaren Ateko polizia-filosofo-antropologo haien sakoneko irakaspena aberriaren aldeko sakrifizioaren horrexetan datza. Hasteko, Nikole alargunak umerik izan ez zuenez, zer pentsa? Logikoena zera litzateke, bietako batek, nahiz zela zela emakumea nahiz zela gizona, ezin zuela pentsatzea. Zelan jakin nork ezin zuen?

Alargunak berriro ezkonduta ahal izan baldin bazuen, ezin zuena lehenengo senarra zen. Senar Zaharra. Sabino Arana Goiri. Gaixoa zelako ala inpotentea zelako? Ezin horri erantzun. Eguzkiaren Atekoak ostera bazeukan erantzuna: inpotentea zen.

Ez da horretan amaitzen baina Lady Chaterley's paradigma. Nobelaren arabera orgasmoaren plazera, emakumeak, Clifford senar zaharrarekin? Ezta sexu intercouse hartarako gai zenean ere! Plazer hori bigarren gizon batekin erdietsiko du. Norekin eta Oliver Mellors izeneko ehiza-arduradunarekin; beraz, alde horretatik Nikolerekin simetrikoa den landa-inguruko gizon arrunt batekin. Clifford Inperioaren alde sakrifikatu den gizonaren sinboloa bada, Oliver country delakoaren sinboloa da. Aberri eredu bi, aurrez aurre, gizon banatan haragituak. Inperio-aberria, hots, Bretainia Handia: eraikia, gezurrezkoa, odolzalea eta irentzailea -Euzkadi bezalaxe-; herri-aberria, hots, countrya, Ingalaterra: bizi librea, harreman zintzoak, natura oro-sendatzailea -Espainia bezalaxe-; aberri aizuna vs aberri benetakoa.

Nikole Chatterley haren kasuan bezalaxe. Inpotentearen zakila -Inperio aberria- ez zen deus -jauzi handia egin behar da, Clifford-en Britaniar Inperioa Aranaren aberri egingabea bezain kimerikoa zitekeela onartzeko baina, tira, barkatu ahalko zait ausardiazko lizentzia-; karabineroarena ostera ahaltsua zen.

 Lehengoarekin umerik ez, bigarrenarekin hiru.
-Hiru, Jimenez? Kontatzen ere ez dakik eta.
-Oraingoz hiru, psikofoniopata ostia hori.
Bazen aldea. Nikolek benetako zakila, benetako gizon umegile bera ama egiteko gai zena, bigarrena izan zuen. Eguzkiaren Atekoen informazio haren arabera, noski.

Zergatik ostera karabineroa eta ez, esaterako, ehiza-zaindaria, Oliver Mellors bezalaxe? Ez zen ba Sabino Arana Goiri Bizkaiko Tartarin ehiztari trebea, beste hark zioenarekin bat?
Bada, Eguzkiaren Ateko polizia-filosofo-antropologoa bezalakoentzat Espainia Matxoaren irudia -aberria gizon!- guardiazibila delako, txapelokerra. Edo bestela horretatik inork gutxik bereizten dakien karabineroa, laster ikusiko dugun legez. Psiko-sinonimiaren arabera, “karabineroa berdin española, berdin maketoa”. Norbaitek psiko-sinonimia horretan sinets ez baleza ere, noa beste adibide baten bila. 

Joseba Agirreazkuenagak Argian 2003ko azaroaren 23an idatzi bezala, 2001ean Planeta argitaletxeak argitaratu zuen Arzalluz: La dictadura del miedo -Josebak ez zuen titulua eman- J. Diazek eta I. Duránek liburuan egileek diotenez “(Sabino Arana) contrae matrimonio con un carabinero maketo y tiene 5 hijos.”
-Hordago!

Eguzkiaren Atetik Planetara hamazazpi urte igarota, hirutik bostera seme-alabak. Eta Joseba laguna ezustekoz ezusteko, hurrengo ere baitzioen Argia hartan: “Nire harridurarako, Santanderreko Menendez Pelayo Unibertsitateko mintegi mamitsuan ere, hara non entzuten dudan, serio-serio, katedradunaren ahotik, Sabino Aranaren alarguna karabinero edo guardia zibilarekin ezkondu omen zela. Ez denbora asko dela, hiru bat urte besterik ez, Ernest Lluch historialariaren omenez egindako mintegian izan zen hori. J. Ajuriagerra, EAJko buruzagia ere, uste horretakoa zen 1970eko hamarkadan”.

Inpotentea bat eta milaka milenarista, horra nazionalismo baskoaren misterioa ulertarazten diguten axioma bi. Poliziak eta historialariak -espainolak- parekide egiten duten axiomak, hain zuzen.

Polizia españolak, “te hemos quitado diez años de vida” esaten zidan huraxe eredu, ikerlari apartak direnez argitu ahalko digute egunen batean nor zen karabinero maketo heroiko hura, non diren haren bost umeak, zenbat diren zein sexu biologikoak eta abar. Zalantza izpirik ez daukat. Denbora kontua da.
Historialari espainolek sekulako gai mamitsua daukate hor. Zein tesi ederra, oraindino zer dela-eta idatzi gabe dagoen ez dakidana, “Nicolas Atxicallende: de la dictadura racista a la libertad de ser madre”, edo halakoren bat. Bostehun orrialderekin ez luke nahikoa balizko tesigileak. Pentsa, Javier Corcúerak berak ere egin zituen karabineroaren balentriak aditu, eta aditu bezala liburura eraman. Zorionez bigarren ediziorako Nikole desezkundu eta umebakotu egin zuen.

Orain arte idatzi dudana idatzita ez dut uste esan beharrik daukadanik baina, esan egingo dut. Nahikoa jota geratu naiz.
Maiatzeko lehen asterako herrian goizez txistularien kalejirak egingo direla iragarri dute udal-agintaritzatik.

Ez dakit artez ulertu dudan.
Txistulari taldekoek kalejira presentziala egingo dute, orain boladan dagoen esateko modu horretan esanda? Zabalean jarrita ala ilaran joango dira? Txistuekin zein litzateke segurtasunezko tartea? Ala kalejira musika-gurdiak egingo du?
Balkoi eta leihoetara ere txistuekin eta danbolinekin irteteko eskatu zaie “Mundakako ehundaka txistulariei”.

Ene bada! Ez dut jakin sorterrian hainbeste direnik Frankismoan luzaroan kasik kartzelarako motiboa zen tresna hori jotzen dutenak.

Eta nik ez-eta boligrafoaren tutuarekin ere, Oliver Mellorsen txilibitua!
Pentsatu dut kalejira horiek egiten dituzten artean zer idatzi: “si una notte d'inverno un carabiniere...”

Universidad Menéndez Pelayo


Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 2020ko apirilaren 30a

Comentarios

Entradas populares de este blog

Ecce Homo: Hemingway

Juan Leon Kruzalegiren 120. urteurrena

Hemingway 2 / 1918-1919: EN LA GUERRA Y EN EL AMOR