2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XLVII)
SABINOREN EUKALIPTOA emborra |
Oroimenaren eukalipto galdua
Karlistadak hiru izan zirela emanda, ehun urte baino epe laburragoan
lau gerrate, ostantzean hiru. Hondamena denera zabaldu zen.
Esaterako, XIX. mendearen amaiera aldera Bizkaiko mendietan ez zegoen
apenas basorik. Horretan gerrateek ez ezik lehenago hasitako prozesu
luzeago batzuek ere, burdingintzak batik bat, eragin nabarmena eduki
zuten. Egoera hartan galeraren kontzientzia harturik herrialdea
larrialdian zegoela iritzi zionik ez zen falta izan. Mario Adan de
Yarza halakoen artean zegoen.
Mario Adán de Yarza |
Bilbon 1946an jaioa, zuzenbidea ikasketak hasita eta amaitu barik
bertan behera utzi ostean, Mario Adán de Yarza Europan barna ibili
zen, begirada baso birlandaketetan eta nekazaritzari buruzko
aurrerapenetan pausatuz eta ikusitakoez sakonki hausnartuz. Zeren eta
Bizkaiak garai hartan gerrateen ondorio latzak bizi baldin bazituen,
Europako zenbait lekutan gatazka gogorragoak eta suntsiketa
bortitzagoak bizi izanak baitziren; hala bada, hondamenari aurre
egiteko konponbideak bilatzen ziharduten.
Azken gerra zibilean, 1970 hamarkadakoan, Bilbo defenditu zuen
“Batallón de Auxiliares” -Urgazleen Batailoia?- hartan izana,
Bizkaiko Diputatu izatera iritsi zen. Liberala, beraz, bere
hastapenetan, gero halako kolpeak hartu zituen politikagintzan ze,
albora utzi zuen, gaztetako zaletasun hartara itzultzeko. Zuhaitzen
eta landareen mundura, alegia.
Bazka erremolatxa Mario Adán de Yarzak ekarri zuen Euskal Herrira,
baita ere kanpoko zuhaitz espezie zenbait. Baso galduak
berreskuratzeko asmoz bere jakintza erabiliz, arantzadun zuhaixken
eta koniferen landaketak sustatu zituen. Diotenez, espezie gogokoen
artean pinus insignis (pinu
beltza, edo pinu azkarra), cupressus macrocarpa
(Monterreyko nekosta) eta pinus hamiltonii (itsas pinua)
zituen. Dirudienez, ez zion muzin egiten eukaliptoari.
Eukaliptoaren jatorrizko lekuak Australia eta
Tasmania omen dira, eta espeziak berriz seiehun edo zazpiehun baino
gehiago, aintzat iturria. Horien artean eukalipto urdina (Eucalyptus
globulus) deritzona dago.
Europako lehenengo eukaliptoak
Cook kapitainak Australiara egin zuen bigarren itsasaldian (1772an
abiatu zen) ekarri zituzten; halaxe, zaharrena
Ingalaterrako Kew Errege Botanika Parkekoa omen
da, 1774an datatua.
Esan behar da Cooken bigarren bidaia hartako Resolution
hura 1775ko uztailaren 30ean ainguratu zen berriro etxean,
Portsmouth-en. Beraz,
datak eta datuak ez datoz bat. Resolution
ontziaren izenaren adieretako batekin
bat eginez erresolbitu beharrekoa gorabehera hori alde batera,
eukaliptoa Europara, Galiziara hain
zuzen, 1860 urtea aldera iritsi zen,
Australian misiolari zegoen Rosendo Salvadok familiari igorri zizkion
hazien bidez iritsi ere. Urdaibai.org webgunearen arabera Euskal
Herriko lehenengoa Lekeition hazi zen. 1879an, “Carlos Adan de
Yarzak” landatuta, halaxe dio weblekuak. Ez dirudi datua guztiz
zuzena denik. Izan zen Carlos Adan de Yarza bat, 1886an jaioa, bai;
Alabaina, hark, izena
eta abizen horren
artean, Solana zeukan; Carlos Solano Adan de
Yarza zen, margolaria,
BBBko burkidea izatera iritsi zena.
Beraz, Mario Adan de Yarza izan bide zen lehen
eukalipto haren aitapontekoa. Ez dakit
eukalipto urdina ala besteren mota batekoa ote zen.
Han-hemenka
eukalipto urdinaren ale
bakanak ikusten dira, tantai bilakaturik. Sartu zirenez
geroztik ontzigintzan guztiz preziatuak gilak pieza bakarrean
taxutzeko eskaintzen zuten erraztasuna zela-eta, edergarri eta
hornigarritzat ere guztiz ziren estimatuak. Horra
adibidetzat Gernikako Euskal Herria Museokoa. Horkoa zaharrenetakoa
omen da, Euskal Herrian ez ezik Iberiar Penintsulan ere.
Laster aurkeztuko duguna horren
zaharra ez bazen ere,
zaharra, izatez, bazen.
Oro har, eukalipto landaketa
demasakoek ez diote onik egiten zuhaitzaren ospeari, zer esanik ez
Urdaibai legezko ingurune ustez babestuetan direnean. Hala landaturik
dirutarako eta
inguruaren kalterako, ez omen da beste ezertarako eukaliptoa.
Dirua batzuek egiten dute; inguruan landaketa basa horiek eragiten
dituzten kalteak aldiz besteok pairatzen ditugu. Ez dago hurrun beste
Adan de Yarza baten etorrera otoi eskatu beharko dugun eguna.
Politikagintzan urteetan jardun zuen Adan de Yarza
hura liberalen aldean
hasi zen, esan bezala, aurrerago
ostera Euskalerria
izeneko elkartera
hurbildu zen. Bada,
euskalerriako
zeritzen haiek, Sota buru, nazionalista baskoen multzoan sartu
zirenean, Mario Adan de
Yarza ere sartu zen, besteen
erabakian bat eginez.
Lekeition sustraitua, Mario Adan
de Yarzak herriko
botoen nolabaiteko kontrola zeukalako iritsi bide ziren hango
udaletxera historiako lehengo zinegotzi
nazionalistak.
Sabino Arana Goirik botoen
horregatik ez ezik beste kontu batzuengatik
ere gogoko zituen Adan de Yarzatarrak, pluralean, bat baino ziren
eta. Hain zuzen ere Marioren anaia nagusia, Ramon, ospe handiko
geologoa zena, meategietako negozioan aholkulari izan zuten
Aranatarrek. “Luis Aburto, Adan de Yarzak (berak ezin zuelako)
gomendatu zigun ingeniari espainiarra, eta Iturri, Caceres alderantz
abiatu dira”, ziotson
Aranak berak 1901eko ekainaren 10ean Zabalari gaztelaniaz egindako
gutunean. Ramon Sotari 1903ko maiatzaren bian egin zion beste gutun
batean, Sotarekin berarekin eta beste izen birekin batera, Mario Adan
de Yarza hautagai izendatzekoan zirenen artean zela ziotson. Horretan
iritzi aldaketa nabarmena dago Aranaren aldetik. 1897an
Arantzadiri, azaroaren 19an hain zuzen, egin zion gutunean “Liberales
embozados” -liberal maskaratuak- iritzi zien haien taldekotzat
jotzen baitzituen. Dena dela alderdian sartu
berrien iragana beti bide zen susmagarria
fundatzailearentzat, gogoratu Ulacia. Katabutaren barrutik noren lepo
gainean zeroaten kanposantura ikusi ahal izan-eta, oi Ulacia ikusi
izan balu! Berpiztu gizona!
Yarza anaien kasuek Sabino Arana Goiri bizi izan zen
giroari buruzko zertzelada argigarriak eskaintze dizkigute. Aipatu
dut Marioren biografia, labur-labur. Ramoni buruz esan Bilbon jaio
zela, 1848ko ekainaren 5ean, eta, ikertzaile askoren iritziz, Euskal
Herrian inoiz izan den geologorik garrantzitsuena dela. Mundu mailan
ere, XIX gizaldiko petrografo ospetsuenetakoa eta espeleologia
zientifikoaren aitzindarietakoa izan zen. Horren erakusgarri da, gaur
egun ere, Euskal Herrian arlo horietan egiten diren ikerketa gehienak
bere idazlanetan oinarritzen direla.
Aipatu baino maiseatu egin da Sabino Arana Goiriren
eta nazionalista garaikideen arrazismoak akuilatu zituela, zera,
gizabanakoen garezurrak, edo burezurrak, eta odolaren osaketa basko
jatorrizko edo primigenioaren azterketak.
Geure amumari egin
zioten odolaren azterketa, hara,
nerabea nintzelarik. Baskoek RH mota bakoitzeko zein kuota zeukaten
eta abar jakitearren, ez daukat argi, ez niri horretaz galdetu, zein
daukadan ez dakit-eta. Horiek munduan beste inon egin izan ez balira
legez. Imajina dezagun Telesforo Aranzadi burezurren ezaugarriak
ikertzen, eta halaxe ondorioztatzen garezur-aurpegi baskoaren
arkitektura. “Basko tipikoa” bazela, hala garai hartan zelan
lehenagoko eta geroagokoetan ere, guztiz zabaldurik zegoen. Europako
beste edozein herrialdetako “buru tipikoa” bazela zabalduta
zegoen legez. Interneten hurrengoa topatu dugu:
“Al decir de Luis de
Hoyos, antropólogo con el que compartió horas de trabajo muchas
veces pesado y con el que dio a conocer el método analítico-métrico
del tamaño del cráneo, Aranzadi no era un científico que se
dedicara a recopilar datos y medidas solamente, sino que su amplio
conocimiento le llevó a la interpretación de los mismos, dando por
ejemplo, a la introversión del basio un carácter de fondo
explicativo de la arquitectura cráneo-facial vasca.”
Telesforo Aranzadi |
Ezkertiar espainiarrek salatu-edo egin dute Arana, Aranzadi, Adan
eta Aberri-Aita haien arrazakeria. Espainiar eskuindarrek ere, diren
arrazistak eta xenofoboak izangatik, antzeko salaketak egin izaten
dituzte, nazionalista baskoei hitz egiten ari baikara, ez ahaztu.
Gehienetan testuingururik barik egin izan dituzte salaketok. Ez ditut
defendituko, ezta madarikatuko ere A handidun haiek.
Testuingururik barik ezer gutxi ulertzen dela, diot, ez besterik.
Edozertaz.
Esaterako, Estatu Batuetan sartzeko sinatu behar
direnen artean hortxe dago norberak norberaren buruari zein
arrazatakoa deritzon galdera; horren erantzun-sortan aukeran
eskaintzen da “caucasian” jartzea. “Zuria” esateko modu
zientifikoagotzat-edo. Nik neuk, hegazkinean aukerako erantzun-sorta
betearazi didatenean, “beste bat” hautatu izan dut. Odolarena,
bestalde, ez da aspaldidanik inon beharrezkoa; DNA dago eta.
Auzia politikoa zen. Nazionalista bizkaitarrek
lehenik, baskoek ondoren, Espainian edo Frantzian bizi beharraren
ezinbestekoari borroka politikoa egiten zioten. Borrokarako tresnak,
edo armak, horrela esatea nahiago baldin bada, etnian, historian,
hizkuntzan, santutegian, antropologian, apeliduetan,
denean bilatuz; garezurrak neurtu eta sailkatu
behar baldin baziren, egin egiten zen, kito.
Estatuek ez zeukaten halakoen premiarik; hasteko eskola, armada,
epaitegiak eta kartzelak zeuzkaten. Halandabe arraza nazionalaz hitz
egiten zuten. Lotsarik gabe. Frantziako Errepublikako eskoletan zein
Espainiako Erresumetakoetan irakasleek lasai-lasai bota zezaketen
Afrikako kolonia frantsesetakoak eta Afrikako kolonia
espainoletakoak, batzuek frantziar eta beste batzuk espainiar egiten
zituztenak, zer-eta historia eta hizkuntza zirela, katolikotasuna
aipatzea ahaztu gabe. Frantziarrak zergatik ziren galoak eta
espainiar zeltiberiarrak, horrelakoak azaltzen ez dakit nik zelan
moldatzen ziren Kaledonia Berrian eta Yucatánen. Ez al zuen inork
galdetzen, “Eta guk zergatik daukagu larrua honen ilun?”
-Harira Jemeinez. Eukaliptoak.
Eukaliptoa Jemeinen liburuan |
Tradizioak dioenez Sabino Arana Goirik bere eukalipto alea landatu
zuen Abiñaga auzoan. San Antonio ermitaren ondoan.
Eta tradizioak dioela idatzi dut, delako zuhaitz ale horrekin
leiendakoa den edozerekin jazo ohi dena jazo delako. Zera, landaketa
noiz izan zen bertsio bi behintzat badirelako. Batak landaketa
ezkontzaren egunean izan zela dio; besteak heriotzaren egunean izan
zela dio.
Ezkontza otsailean eta heriotza azaroan izan zirela
gogoan, biologiaren aldetik egokiena zein zitekeen, bertsio bietako
zeinek zuztar sendoago eduki zezakeen hausnartzen ibili naiz.
Premiarik barik, egia. Amore eman dut, halandabe, Eguneko honetan
sartu aurretik entzunda neukan bakarra izan arren, idazte prozesuan
bigarren bertsioa iritsi zaidalako. Beste ezein iturritara joan baino
lehen bigarren bertsioa ontzat emateko arrazoizko arrazoirik
balegokeen aztertzearren.
Abizenen artean zazpigarrena Atxikallende daukan
Doroteo Zobaran Doro
lagunak -musikaria, ipuin kontalaria, irakaslea, eta, hitz bakarrean
esanda, sortzailea dena-, behinola idatzi zidanez “eukalipto hau
-argazkiak zekartzan idatziak- Sabino Aranak landatu omen zuen
ezkontza egunean 1902ko otsailaren 2an, halaxe zioen nere amonak,
Maria Atxikallandek, Nikolasaren lobak alegia”.
-Testigantza sendoa, ezta, andaluza?
Lekukotasun sendoa da, bai, Nicolasaren Mónica ahizparen
ondorengoena. Sutondoko ehun urte ez dira ehun urte biologiko, ez.
Edonola ere Jemeinek, Eguneko honetan dagoeneko zenbaitetan aipaturik
utzi dudan liburuan, eukaliptoaren argazkia ipini zuen. “El árbol
que planto su mano en Sukaŕieta” dio gaztelaniaz irudiaren
goialdean idatziak. Zuhaitzaren ezkerretara argazkian Koloniako dorre
handiaren teilatu-hegal bat, horren azpiko terraza eta eraikinaren
hortik behera ondoko eraikinaren teilaturaino zatia igartzen zaio;
ermita ez da ikusten. Halanbabe liburuak badakar hori ere, beste
argazki batean; horretan bai, zuhaitzaren enborraren zati eder bat
ikusten da.
Egunekoan Nikoleri eskainitako azken atal honetara
-aurrekoa ere azkena izatekoa izan zen- Jemeinek liburuan atera zuen
argazkia ekarri dugu, beste batzuekin batera. Bada, adi! Eukaliptoa,
Jemeinen argazkian ikusten denarekin bat, ermitaren parean landatu
zen, esan nahi baitut biak lur
sail berean, parez pare zirela;
gerora berriz eukaliptoaren
inguruan horma edo
pareta tzarra eraiki,
eta horrek itxitako
esparrua edo barrualdea lurrez bete zuten. Jatorrikoan baino metro bi
edo hiru metro gorago landatua ematen zuten -iraganean, egun
eukaliptoa ez dago eta-, eta halandabe zuhaitzak eutsi egin zion.
Ermitaren paretik “han goian” ikusten zen tantaiak “han goian”
landatua ematen zuen. Ez zen hala. Eukaliptoari
gerriraino jantzia jarri ziotela esan liteke.
Eukalipto jantziari inguruan pergola polita egin zioten, lehendik
zegoen “zor den bidea” zenaren parte bat harturik. Horrekin
nahikoa ez eta, trenbidearen paretik Koloniako eraikinaren luzera
guztian ermitaraino zihoan bidea, publikoa zena, itxi egin zuten.
Bidearen azken tartetxoan, eukaliptoaren ingurutik ermitaren
lur-saileraino, harmailak jarri zituzten. Horiez gain, bidearen jabe
berria nor zen aldarrikatzeko eta eukaliptoari presondegia ixteko,
atea jarri zuten. Egun ere hortxe dagoena. Inon ez dagoena eukaliptoa
bera da.
Eukaliptoaren beste irudi batzuk |
Sabino Arana Goiri eta Juan
Antonio Arginzoniz, Jabieren aitita, hain ziren elkarren lagunak ze,
lehengoak bigarrenari pinuak ere landatu zizkion, hara. Busturian
pinudiak izena gorde du; Juanantonen pinudia.
Zelan ez ikusi hartan guztian Mario Adan de Yarzaren diskurtsoa
praktikara eroanda.
Kanpoko espeziak behar omen ziren eta, haiek, ez
ziren maketoak?
-Jimenez, exageratua. Sabin espezie maketoen alde?
-Hori zeuk diozu, psikofoniopata hori! Nik galdetu
baino ez dut egin.
Eukaliptoa, ostera, pinuaren funtzioari alderatuz,
apaingarri hutsa zelakoan nago. Alternatiboen ezkontzari beste
zoro-ukitu bat gehitzearren landatu ote zuten, ala urte batzuk
geroago Hollywoodek ekarri zituen filmetako eszena irudi lezakeena
osatzearren izan ote zen? Zera, zuk eta biok elkarrenganako betiko
maitasunak eta betebeharra eta laguntza eta hori guzti hori zin egin
dugun egun honetan landatzen dugun eukalipto honek gure bizitzako
egunak ikusiko ditu, gu biok hil arteraino hor iraungo du, gure
zinaren lekuko, eta gero ere iraungo du, hemen izan ginela
oroitarazteko.
Azken hori ez da bete. Dagoeneko
eukaliptoa ez da existitzen.
Asmo ederrekin landatua,
eukaliptoaren bizialdia, hil arteraino,
ez zen gorabeherarik bakoa izan. Esan dugu zelan jantzi zioten
gerrialderainoko tartea. Begetalen jostunak bere lan hori burutu
aurretik, dena dela, Jemeinek eukalipto sakratuari omen egin zion
1935an hura liburuan sartzean. Hartarako Abiñara etorri zen. Ez
beharbada bereziki hartarako, edo hartarako huts-hutsik. Nikolek
zeuzkan Maisuaren -liburuan halaxe diotso, Maestro- oroigarrien
argazkiak ateratzera etorri bide zen.
Argazkietako batzuk sartu zituen. Esaterako,
ezkontzako arresekin -ezkontzako txanponekin- Nikoleri Sabinek egin
zion lepokoarena; hura,
Mentxuk, alarguna hil ostean, urteetan urre gorria legez gordea eduki
zuen. Liburuan dago, baita ere, ezkontzako
argazkietako bat; Sabin eta Nikole besotik, zutunik, aurrera begira,
halaxe ageri direna. Liburuan, azkenik, ezkontzako beste argazkitik
ebatsitako, ebakitako, Sabinen buru abstraiktua dago. Nago,
gainera, Euzkadi
egunkarian argitaratu zuten “estandarte bizkaino” hura ere
bisitaldi hartan hartu zutelakoan,
pluralean. Bada-eta beste argazki bat, guztiz
esanguratsua, 1935ekoa, berau ere Mentxuk gordea, plural hori
erabiltzea zilegi egiten didana.
Ermita de San Antonio de Abiña, en Sukarrieta, en la que contrajeron matrimonio Sabino Arana y Nicolasa de Achicallende. |
Argazkia Abiñako egungo plaian hartuta dago, zalantzarik gabe,
atzean Urdaibaiko azalera handienekoa den ofitazko tontorra horixe
ikusten baita, ganbelu taxukoa alegia. Engainagarri gerta liteke gaur
egun harea dagoelako orduan lurra, belarra eta harriak ziren lekuan.
Ez dago zertan harritu, ostera, laster ofitazko ganbelua bera ere
desagerturik izango dugu eta.
-Argazkia, Ximeinez.
- Barkatu, psikofilologo hori.
Talde
argazkia da. Guztira
hamaika gizon-emakume eta, dozenara iristeko ala zer, txakur eder
galanta dago, artzain aleman arrazakoa, zilegi bekit
hitza.
Argazkia ondo konposatuta dago, norbaitek nor non
eta zelan plantatu aginduta bezala. Nikole lehen planoan dago,
aurre-aurrean, jesarrita, hankak luze, albo bietan emakume bana,
emakumeok beso banatik oratzen diotelarik; kamerari begira dago,
irria ezpainetan. Igarri-igarrian dago kameradunak eskaturik dela
irria, bestek eta halaxe daukate-eta; halandabe poztasun aire bat
darie denen irriei,
jarreretan taldetasun bat igartzen da, hitz gutxitan, argazkiari
bozkarioa dario.
Omenaldi halako baten ostean izan zelakoan nago.
Udan. Jantzietan igartzen da, besteak beste. Gogoratu Euzkadik
“Nicolasa de Atxika-Allende” Sabinen alargunak utzi zien “enseña”
uztailean argitaratu zela. Ez ote zen San
Antonio egunean izan bisitaldia? Ala hurrengo egunean izan zen,
Gorpuzti delakoarena urte hartan ekainaren 20an ospatu baitzen.
Errepublika eta guzti, egun hark egutegian gorriz markaturik segitzen
zuen.
Nikolez gain, bost emakumezko eta bost gizonezko
ageri dira argazkian. Gizonezkoetako
hiru apaizak edo fraideak dira. Mentxuk berak bi identifikatu zituen.
Markiegi eta Korta. Ez ziren edozein.
Jose Markiegi Olazabal, apaiza, idazlea, itzultzailea |
Jose Markiegi Olazabal, 1895eko
martxoaren 16an jaioa,
Deban, apaiza, euskal idazlea eta itzultzailea izan zen. 1936An
faxistek atxilotu egin zuten, Arrasateko elizako Jose Joakin Arin eta
Leonardo Guridi apaizekin batera, eta Ondarretako kartzelara eroan.
Han, urriaren 24 eta 25a tarteko gauean iratzartu egin zituzten, aske
zirela esateko. Ilunetan, Oiartzungo kanposantu aldera eroan
zituzten, eta bertan fusilatu, paretaren kontra.
Esango
nuke Mentxuk gorderiko argazkian Markiegi eskuinetik hasita zutik
diren lerroan bigarrena dela.
Mentxuk argazkian identifikatu zuen Korta hura, berriz, 1937ko
martxoaren 18an Asturiaseko fronteko lubakietan hil zuten apaiza ote
zen, hots, gudarien kapilau edo jauparien komandantea zena, Jose
Maria Korta Uribarren? Baiezkoan nago. Martxoaren 19an Euzkadi
egunkariak lehenengo orrialdean argiratu zuen argazkian ageri den
Kortaren tankera hartu diot argazkian ageri diren hiru apaizetako
bati; argazkian ezkerretaren dagoenari. Bietan bat eta bera dela
esango nuke.
Argazkiko besteak ez dut identifikatzerik izan. Halandabe nahikoa,
zera galdetzeko, ea zer egiten zuten argazkian Nikolerekin, ez baldin
bazen hura aintzakotzat hartzen zutela erakutsi baino. Eta bi haiek
ez ziren edozein apaiz haiek biak nazionalismoaren barruan. Faxistek
Markiegirekin erakutsi zuten; Kortak bere karguarekin eta
konpromisoaren bidez erakutsi zuen.
Euzkadi, 1937ko martxoaren 20a |
Penduluak beste muturrera egin ote zuen? Ala ez zegoen pendulurik,
gorputz berean arima bi baino? Arima batekoentzat Alarguna zen
Nikole; bestekoentzat inor ez bat.
Hilda Markiegi, hilda Korta, nork esan zezakeen Nikole ez zela
inoren umeen ama izan?
Ermita ondoko eukaliptoak beharbada.
Tamalez 2015ko egun batez alternatiboen ezkontzako hura, ehun eta
hamabost urteko tantaia, ez da huskeria gero!, ebagi eta eraitsi egin
zuten. Gerriraino jantzi zioten lurraren gainean aurrez aurre eraiki
zioten pergolari kalte egin zion. Halaxe, historiarik bageko pergola
hark historia pittin bat hartu du bere gain; hain zuzen ere,
beragatik izatea, omen eta guzti baina beragatik, Sabin eta Nikole,
Nikole eta Sabinen betiereko maitasunaren lekukoa desagerrarazi
izana.
Krimen sinboliko hori baino lehen zaila baldin bazen inork ermitaren
inguruan haiei buruz galdetzea, eukaliptoa bertan egon barik nork
galdetuko zuen ea nork landatu zuen hura, ausaz norbaitek erantzun
ahal izateko Zerak eta Zerak, beren ezkontza egunean. Eta, ausaz
baita ere, norbaitek galde eginez gero zer jazo zitzaien ezkontzaren
ostean Zerari eta Zerari, nik hemen kontatu dudan historia honen
parteren bat konta ahal izan dezan.
Ez da ezer geratzen.
Abiñako txalet vaskoa -Sabinok esan bezala- Nikole hil ondoren
eraitsi zuten.
Sutondoko ehun urteko kontakizunen azken belarrietakoa den Josu
Aizpuruk esan dit berak entzunda daukala Nikole etxean hil zela,
isil-isilean; haren falta igarri zutenean Koloniako langile batek
-ezin izenarekin gogoratu, gogoratuko zaiola diost- eskailerak jarri
zituela, eta haren logelako leihora
igonda kristala apurtuta sartu zela barrura.
Hantxe omen zegoen ohean hilda Nicolasa Achicallende Iturri, Nikole.
Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 2020ko maiatzaren 6a
Comentarios
Publicar un comentario