2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XLVI)
Zenema |
Absente!
Zinemagintzari buruzko edozein eskuliburutan dakar. Zein den plano
pikatua edo, bahetik gorakoa, zein kontrapikatua, edo goitik
beherakoa, eta zein bakoitzaren indarra, erabilera, sinbologia eta
abar. Bestalde ez da komunikazioaren teorien historia
espezializatuetara jo behar argazkigintzaren bilakaeran lehenik
artaziek, gero laborategiko prozesuek, hurrengo photoshop legezko
tresnek eta azkenik egungo prozedurek jokatu duten rolak ezagutzeko.
Ez da historian aditu zertan izan 1900 urtea aldera zinemagintza
hastapenetan zegoela eta argazkiak egiteko baliabideak zeuzkatenak
gutxi batzuk zirela jakiteko. Zer esanik ez kamera zeukatenak.
Batekoa zein bestekoa.
Sabino Arana Goirik argazki kamera zeukan, esanda nago. Luis anaiari
Albiako etxearen inguruan egin zion argazki bat ikusi dut. Horretan
ikusten dena kasualitate hutsa ez baldin bada hark bazekien zerbait
fokatzearen garrantziaz, pertsonaia inguruarekikoan kokatzeaz eta
erretratuak -anaiak kasu honetan- bere buruaz iradoki nahi zuenari
begira jarrera egokia litzakeenaz, besteak beste. Luisek han atzean
baserri-etxe bat dauka, horren aurrean goitik behera datozen
harmailetan jesarrita dago, ezker eskua kokotsean eta ukondoa alde
horrexetako belaunburuan paraturik dauzka, begirada fokutik kanpo han
nonbaiten legokeen zerbaiti begira bezala ageri du, azken hori mundu
zehatz honetatik -bukolikoa denik ezin ukatu- harago transzenditzen
zuen beste baterantz begira bailegoen.
Sabino Arana Goiri halaxe ageri zaigu haren ereduzko argazkien
artean kanonikoena den horrexetan. Ezkerretarantz begira baina; eta
atzealdean errealitate zehatzik ez duelarik. Ez eta Luisek daukan
basko-bukoliko hori ere. Ezer ere ez dauka buruak inguruan.
Sabino Arana Goiriren burua |
Jakina. Halako argazkirik garai hartan ez zegoen haratik hara
egiterik. Irudia, horixe kasurako, besteren batetik ebaki egin behar
izaten zen. Nahiz laborategian -ahal zelarik-, nahiz artazi edo
guraizeekin -bestela-. Sabino Arana fundatzaile, maisu edota
transzendentearen kasuan ere horrelaxe izan behar.
Argazkia Ceferino de Jemein haren Biografía de Sabino Arana e
Historia gráfica del nacionalismo liburuan dago. 1935ekoa da
liburua.
-Poztuko zara, Jimenez. Kasik-kasik Jemeinez!
-Esango banizu zenbat diren inguruetan -ika amaiera duten zortzi
abizen euskaldun dutenak.
-Ez dizut ulertzen.
-Hobeto. Badakizu-eta erromatarrak hemen ez zirela inoiz izan.
-Zer?
-Segi dezagun, psikozer hori.
Bada, jakingarria litzateke Jemeinek zein argazkitatik ebakiz edo
zein argazki tratatuz erdietsi zuten irudi ikoniko hori. Gogoratu,
Sabino Arana Goirik eskuinetatik ezkerretarantz begiratzen du,
kokotsa pittin bat gora nora begiratzen duen ez dakigularik.
Ulertutzat joz etorkizunerantz begiratzen duela. Zeren edo noren
etorkizuna, esan beharrik ez dago. Aberriarena. Bestalde polito
orraztuta ageri da, arraia -ildoa?- esaten zitzaiona kameraren aldera
daukalarik, hots ezkerrean edo eginda, eta horren amaieran, bekokian
bertan, ilea galtzen hasita dagoela erakusten duen halako soilgune
zabala ikusten zaio. Bekokia-sudurra-bizarra marra goitik behera
eskuin ezker gradu batzuetako okerduraz -45 gradu doi-doi?- perfektua
da, hiru gune edo maila ondo bereziturik. Hain zuzen ere, bekokiarena
-bekainetarakoa-, sudurrarena -goiko ezpaina artekoa-, eta
kokotsarena -bizar-puntarainokoa-; bigarren guneak begiak ikusten
zaizkio, ez guztiz zabalik, eta ahoa itxita igartzen zaio, ezpainik
ez zaio ikusten; erakusten duen belarriaren ardatz teorikoa betartera
doakio 90 graduko perpendikular zehatzean. Begirakuneak bozkarioa eta
lasaitasuna uztartzen ditu. Bozkario-lasaitasuna uztardura hori
etorri ere fokutik kanpo geratu den zerbaiti begiratzetik datorkiola
esan daiteke.
Fokutik kanpo geratu dena ostera ez da zerbait, norbait baino. Eta
argazkian norbait hori fokutik kanpo geratu dela ematen badu ere,
jatorrizkoan ez da horrela. Jatorrizkoan, argazki osoan alegia,
Arana, Goiri, Ansotegi eta Atxa'taŕ Sabin'ak Atxika, ItuŕiItuŕi,
Atxirika eta Arbiña'taŕ Nikole'ri -izenak halaxe idatzi zituen
gizonak “alkaŕen ezkontzauŕia” haren gonbitetarako-, harexeri
begiratzen dio. Noiz, aurrerago
esango dut.
Cesar Augusto Sandino |
Lehenengo Nikaraguan ohartu nintzelakoan nago. 1980an. Augusto Cesar
Sandino “general de hombres libres” haren irudia denean ageri
zen. Sabinorena bezala. Abstrakzio maila ederrean, argazkitik
aterata, inguruko dena kenduta eta, gainera, magoz edertuta. Nondik
hartua zen irudia, bada, Sandino zaldi gainera igotzen ari zela
ikusten zen argazki arrunt batetik. Harrez gero irudia pittin bat
behintzat sobietartu egin dute.
Sobietartu, esan nahi baita Sobiet Batasunean Marxekin, Leninekin
eta Stalinekin eta egin zutena egitea. Elkarren parean jartzea, biak
gora begira, hemen behean gaudenok ikusterik ez dugun hurreneko
etorkizun argitsu zorion beteko bat aurreikusten. Besteok baino
lehenago, goragotik begiratzen dutelako. Ez ziren inoiz elkarrekin
izan hirurak batera, ardura al du horrek? Sandino Carlos
Fonsecarekin, Ernesto Ortegarekin eta, begira, Castrorekin berarekin
irudi bakarrean jarri izan dute.
Esan dezadan bide batez niretzat Sandino Arana esatea aberria ikusi
zuten biren historiak lotzea dela. Zer izan zitekeen Sabino zaldi
gainera igo izan balitz!
Lenin, Engesl, Marx |
Sobietartzera, Karl Marx gizon maitemindua izan omen zen. Jenny von
Westphalen emaztearekin eta sema alabekin enamoratua. Zazpi izan
zituzten. Londresen zelan bizi ziren, pobre eta behartsu, hiruk egin
zieten aurrera. Ez da hori baino hemengo gai. Ezkondu zirenean Karl
eta Jenny bikoteak ere ezkontza argazkia egin zuten.
Jenny eta Karlen argazkia Nikole eta Sabinen argazkiari aldeturik
bietan nabarmentzen dena da unearen garrantziaz oharturik
begirakunean darien zerbait lauso hori -bozkarioa, ekurutasuna, ez
daki nik- ageri dela lauren kasuan. Jenny eta Karl, bestalde, aurrera
begira daude, kameraren begiari, beharbada beste argazkiko Sabinen
begirada baino libreago batean. Ala bien arteko parekidetasuna
adierazi nahi dute von Westphalen andreak eta Marx jaunak? Marxen
argazki sobietikoa ez dakit, egia, nondik atera duten.
Karl eta Jenny |
Azkenik Lenin sobietartuaren irudia hura mitina ematen ari den
argazki ezagun batetik aterata dago. Mitinean Vladimir Ilich inguruan
daukan jendetza-edo baino gorago dago eta, haren burua fokatzeko
kamerak nolabaiteko pikatu egin behar izan zuen. Lenin ez zegon han
hurrenean berak beste inork hain argiro igartzen ez zuen etorkizun
zoriontsu bati begira; langileei hitz egiten ari
zitzaien, hemen, mundu honetan, begirada azken lerrokoen bila
luzatuta.
Vladimir Ilich Lenin |
Stalini buruz ez dut esango. Mao burkideari bakea emango diot.
Mintza naiteke ostera Che Guevararen kristotze prozesuaz. Haren
begiak nola igoarazi dituzten halako plano altu batera, nondik irudi
baituen besteok hemendik behetik ikusten ez duguna ari dela ikusten.
Habanako plaza handian haren irudia ikusteak berretsi egin zidan
kristautzearena.
Bejondeiela!
Argazki horiek egiteko garondoa behartu, lepo-hezurren bat lekutik
atera, halako zerbait egin behar izan diete horiei guztiei, eskerrak
argazkietan egin dietena, ez errealitatean.
Irudietan horiei garondoa nola behartu dieten gorago begira dezaten,
behartze horren tamaina, bortxa Oteizaren Sabino Aranado dena delako matematika-formula
soil honen bidez adiera litekeelakoan nago: irudian ageri denaren
ideiak zenbat eta traizionatuago hemen behean, orduan eta gorago
begira, hots, garondoa behartuago, irudiko horrek.
Begira gure profetak! Non ote horien ideiak, beteko ote horien
profeziak?
Oraingo bideetan barna segituz gero ezetz dirudi.
Hiruko sobietikoa dagoeneko ez da erakusten, besteez ez dut ezer
esango.
-Eta Sabino, Jemeinez kabroi basko-andaluza?
-Baskoa? Ez adarrik jo, hori, ezta psikofonikoki ere.
Nikole eta Sabin ezkondurik |
Sabino Arana Goiriren ezkontzako erretratuari haren emaztea kendu
diote. Ez dut nabarmenduko horren karga sinbolikoa, horretarako
daude-eta haren matxismoari buruz, esaterako, idazten dutenak. Galde
egin besterik ez, zera, askok eta askok, argazkia ezagutu zenetik
hona, horretan Sabinori halako begirada lasai eta zoriontsua eragiten
ziona aberria zela uste izan dutenek, zer esan behar dute jakitean
gizona ez zegoela aberriaren balizko etorkizun gutxi beherago edo
gutxi gorago utopiko edo ez hain utopikoari begira, haragizko
Nikoleri baino.
Hala bada, uste izan dutenek begirada horretan gizon politikoak bere
proiektu politikoak zelako emozioz bizi zuen islatzen zela, ez ote
dute hausnartu beharko, zera, emozio horrekin bizi zuena emaztea
zela.
Haren zaleek haren emozio likidoen portaera beste edozein likidok
ontzi komunikanteetan duen portaera berbera dela onartu behar dute;
joan ontzi batera, joan beste batera, emozioaren fluxua berbera da,
ez baitago ontzi hartzailearen ezaugarrien mende -haragizko ontzia,
ontzi abstraktua, filosofikoa-, fluxu-iturri den ontzian dagoen
emozio bolumenaren mende baino.
Irudi ikoniko horrek adierazten duen emozioa ez da aberriarekiko,
Nikolerenganakoa baino. Horra.
Eta Nikoleren begirada eta jarrera argazkian? Begiak eta ahoa,
emozio lotsak pittin bat apalarazian uztarturik biak; gerrialdearen
estua soinaren geometria iradokiz; mantelina goi, ile adatsa
orrazturik zelan duen erakutsiz; bitxiak sama aldean; perlazko
arrosarioa eskuetan; arnasari zelan barruko emozioari halaxe eusten.
Nikole argazkitik Jemeinek berak atera ote zuen, erabakia beste
batena izan ote zen, galderak gora eta galderak behera, zalantza
izpirik barik argi dagoena da ebakuntzaren helburua politikoa zela.
Erabaki horrek emakumea inexistentzia kondenatu zuela esatea lar
esatea litzateke, badelako Jemeinen-en liburua ezkontzako beste
argazki bat. Haatik, ebakuntza egin zaion beste hau erotikoagoa da.
Apurtzaileagoa.
Argazkia gorderik zeukan Mentxu Aizpuruk harekin batera Nikoleren
beste ondasun batzuk ere gorde zituen; bitxiak, esaterako. Ez ditu
horiek ikusi, bai aipatu Eguneko honetan Sabinek bitxiak oparitzen ez
ezik eros zitzaten ere akuilatzen zuela. Ikusi dugu, Argian bertan,
zelan Nikolek gordeta zeukan ezkontza eguneko mantelina.
Oteizaren Sabino Arana |
Sukarrietako kanposantuko hilobian jarrita dagoen Sabinen irudia
argazki horretatik hartua da, esanda nago. Esanda nago baita ere
Nikole lurperaturik dagoen aldera begira dagoela. Aberriaren
etorkizunera begira dagoela eman lezakeen arren. Itxarkundia olerkia
ekarriz gogora:
“Askatasun-eguzkia / Basotik urten da, / Bere argia edonon /Arin
zabaltzen da.”
Eguzkia, fisikoa, gorpuzkiak hantxe dituen haren begiradaren
kontrako aldetik urteten da. Berdin dio. Sinbolismoaz ari gara.
Hain gazterik hil ziren fundatzailea, idazlea, olerkaria, maisua,
senarra, Sabin-Sabino haiek denak. Baita, ahaztu zait, nik bai
burua!, profeta ere.
Jorge Oteizari agindu zioten haren irudia ebakitzeko, edo taxutzeko,
euskaraz zaharragoa da lehena. Trumoiaren semeak profeta tankerako
burua sortu zuen. Zahartu egin zuen gaztarik hil zen hura. Profetak
ezin direlako hain gazte agertu, ez, kristau tradizioak halako ildo
luze-sakona goldaturik daukaten inguruotan.
Irudiak lantzen hasita Argentinan Haren lan guztiak argitaratu
zutenek kartzelako argazki ospetsua sartu zuten. Ebakuntzatxoa
eginda, tradizioak agindu bezalaxe. Maisua jesarrita, idazmahaiari
lepoa erdi emanda, eskuin-eskuan luma eta horren muturrean paperak.
Larrinagan egina da. Ohea falta da. Hau da, erakusten duen duintasun
eder hori preso nazionalista baskoa dela dakienaren duintasuna dela
erakuts lezakeen osagarri funtsezkoena.
Ez dira asko Sabino Polikarpo Arana Goiri (Abando, 1865 /
Sukarrieta, 1903) haren argazkiak. Kasik hiru urtez emazte izan zuen
Nicolasa Achicallende Iturri (Sukarrieta, / Sukarrieta, 1951) haren
hiru argazki ikusi ditut. Gehienok ostera bat beti bera, ezkontzakoa;
batzuetan osorik eta beste batzuetan burua bereizirik. Nire gogoeta
guztion iturria den argazkia 2003an ezagutu nuen.
Eguneko honetan erabili ditudan gutunak Joseba Agirreazkuenagak
prestaturiko ediziokoak dira. Bi liburuki izateko zirenetarik bat
dago argitaraturik -Barne-muinetako
Sabin Arana Goiri
/ Gutunak I
(1876-1903)-, bestea ikusten eta erabiltzen utzi dit. Horiei esker
idatzi dut hemengo gehiena.
Egunen batean Nikoleren historia idatzi beharko zela zergatik hasi
nintzen pentsatzen, aurrekoan esan nuen. Ideia hori saltzen urteetan
ahalegindu naiz, zeregina emakumezkoren batena izan behar zelakoan.
Alferrik.
Aurreiritziak erraz fosilizatzen dira.
Feminismoaren joeren barruan sartu barik, deigarri egin zait eskura
izan dudan saio batean -emakumeak eta nazionalismoa baskoa uztartzen
ditu tituluan, eta egilearen izena esango ez dudan arren estimu
handitan daukat-, egileak Sabino Arana Goiri ezkondu egin zenik kasik
ez duela esan ere egiten; Nicolasa de Achica-Alledende “su futura”
hari idatzi zizkion lerro bi dakartza. Jar zezakeen nor zen emakumea
lerro pare batean behinik behin, zelan ezkondu ziren aipamentxo bat
egin, haren biografia laburra hiru lerrotan eman; zertarako baina?
Analisi zientifikoaren aldetik begiratuz -ni idazle hutsa naiz-,
esango nuke emankorragoa izan zitekeela, hala horretan zein beste
edozeinetan ere, hastea esanez zein izan zen Sabino Aranak berak
emakumezkoekin -ama, arrebak, koinatak eta, azkenik, emaztea-,
hezur-haragizko emakume historiko-errealekin, izan zituen harremanak
versus testuetan emakumea kontzeptu singulartuari buruz eman zituen
iritziak eta usteak. Baina ez. Hezur-haragizko Nicolasa de
Achicallende ez da inoiz existitu. Ez
polizia-filosofo-antropologoentzat, ez alderdiko buruzagientzat, ez
feminismoaren ikuspuntutik Arana-Goiriren ideiak aztertu-edo egin
dituztenentzat. Halaxe, Nicolasa jatorrizkoa, zelan haren bilakaera
Nikole lehenengoz ezkondua eta alargundua edo beronen berbilakaera
Nicolosa berrezkondua eta berralargundua, ez dira inoiz existitu.
Kito.
Ikasgelan saioa hasi aurretik irakasleak gure izenak banan-banan
irakurtzean etorri ez zirenen izenean ere erantzuten genuen,...
-Etorri bakoen izenean, zer erantzuten zenuten ba?
-Ausente!
Halaxe galdetu behar dut orain,
-Nicolasa, Nikole, zerekoa, Abiñakoa, zeraren alarguna?
Berdin dio zelan esan. Erantzuna isiltasuna da.
Absente! erantzun dezakeenik ere ez dagoelako klasean.
Ez dago inor.
Bitartean, ez dakit doilorkeria berriro non agertuko den.
Agertuk egingo dela, ziur.
Isilik egotea ez den beste zerbait egin ezean behinik behin.
Agur, Nikole, Nicolasa, koroia!
Bihartik aurrera neuk zainduko ditut zureak ez diren ume guztiak.
Abiña |
Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 2020ko maiatzaren 1a
Comentarios
Publicar un comentario