2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XV)
Argazkia: Sukarrietako udaletxe zaharra / alondegia eta ostatua
eraikin honetan egon ziren (1936)
|
Ezteiak? Kaka!
Erroxeli Koko
Ojinaga erkide eta lagunaren ustez Sabino eta Nikoleren ezkontzako
bazkaria ez zen Txatxarramendiko jatetxean izan, bere aititeren ezanez. Diostanez, orduan ba
omen ziren beste ostatu bi gitxienez Sukarrietako Samikole aldean.
Diostazenetako bat, Erramona enea,
antza 1904koa da. Bestea bai, lehenagokoa da eta, izan zitekeen
Sabino-eta bazkaria hartan egin izana. Alondegian, udaletxeko
behekoan zegoen.
Lagunak irakurrita daukala diost, non edo non,
gutunen batean, behin Sabinok idatzi egin zuela, zera, Sukarrietan
egon zirela, bazkaltzen, eta “arrainak hantxe ikusten zirela, eta
mahaitik ogi apurrak jaurtitzen zizkietela, jateko”. Egia. Haraino
iristen zen itsasoa, eguneroko honetako beste atal batean dago. Hango
arrainak, bide batez, lazunak izango ziren.
Lazuna |
Non ere egin zuten bazkaria, Sabino Aranak ez zion
muzin egiten Txatxarramendikoari. Arerio politiko gogor zeukan
Gandariasena izan arren. Azken batean jauntxoak errentan emana zion
Gaspar Bastarrechea bati, nork daki berau ere ez ote zen egoneko
bizkaitarren artekoa, inguruotan haien haziak lur ongarrituan ereinda
baitziruditen.
Esaterako, Txatxarramenditik idatzi zien 1899eko
urtarrilaren zazpian Bilboko kartzelara Zabala’tar Gotzon eta
Orueta’tar Erroman alderdikideei. Hizkeraren aldetik borrokalari
ageri zen.
“En el último tren de
hoy ha venido de Bilbao un emisario portador de un oficio del
Gobernador Civil en el que se me da cuenta de una citación del Juez
Instructor Militar, para que me presente á declara en el Gobierno
bélico pasado mañana a las once; y como mañana tengo aquí un
quehacer, me veo precisado á cumplirlo por la mañana, para ir a esa
por la tarde. Si no por este contratiempo que me dispensa la marcial
gente de España, y hubiese ido á ésa en el primer tren de la
mañana, para, después de verlos á Vds. á la hora reglamentaria,
volverme en el tren de las once.”
Espainiako Gerra Ministroa 1900ean |
“Gobierno bélico” eta “marcial gente de España”, hori
hizkera. Dena dela hura dena urtebete lehenago izana zen. Zabala eta
Orueta aske ziren eta bera ezkondurik. Ez ote zen apalduko?
Ezkontzaren ostean Nikole eta Sabino Lurdara
-Lourdesera- abiatu ziren. Elkarrekin ia urte egitekotan ziren.
Sabinoren hizkera ez ezik jarrera ere gogortuz joango zen. Inflexio
gune hura iritsi zen arte bederen. Zera, alderdi españolista fundatu
behar zela, eta abarreko beste abar guztiak, haren abarrotsa ez
da-eta egundaino isildu.
Ezkontzaren ostean Lurdara joan behar zuten
ezkonberriek. Kosta ahala kosta. Gaixorik zirelarik. Zer zen baino
“trankazo” bat hogei urte lehenagotik txerrenarenak jasaten ari
zen gizonarentzat. Arriandiaga erkideari azaldu zizkion gaitzaren
xehetasunak, 1901eko irailean, ordurako bere buruari sendabiderik
ozta-ozta ikusten ziolarik. Bitartean Lurdako urek mirariak egiten
omen zekiten.
Urei, dena dela, fede handia zien Sabinok, Sabinek,
fede handia anaia Luisek, Koldok, eta fede handia naturismoaren
irizpideak jarraibidetzat zituen Arriandi(aga) hark. Sabino urtero
joaten zen “urak hartzera”. Udaberri aldera. 1903ko ekainean
Albizuriri “he retrasado la temporada de aguas”, esan zion, gutun
bidez. Hiltzeko urte erdi falta ez zuelarik urak hartzekotan zen
gizona. Hitz egingo dugu geroago Vichyko urei zien fedeaz. Orain
ostera Lordarako bidaiaz ari gara. Bidaia kasik suizida hartaz.
Otsailaren bian Sukarrietan eguerdi osteko trena
hartu zuten. Gogoratu eguna zelan hasi zuen Sabinok, “en la boda
estuve como atontado”, ze Amorebietara iritsi zirenerako hara non
“Nikole también, después de tomar un vaso de agua, se sintió
mala”. Handik Maltzagara, Maltzagan aldaketa, Zumarragara, horretan
Irunerako trena hartzeko berandu dela-eta gaua bertan eman behar;
Nikoleri burua kargatzen ari zitzaion, Sabin bera sukarraz, afaltzeko
gogorik gabe. Biharamunean Donibane Lohizunen ziren; arratsaldean
baina. Ezin erakutsi izan zizkion gaztetan ezagutu zituen lekuak,
aitak Karlistadaren eraginez familia hara aldatu zueneko oroitzapenak
aletu. “Apenas podía arrastrarla del brazo, yo mal y ella peor”.
Halandabe hurrengo egunean Lordarantz abiatzea erabakita, zazpitarako
han ziren. Gaua Pirinioetan otsailaren lauan. “Yo seguía mal,
Nikole se había puesto peor”. Halandabe, “haciendo un esfuerzo,
conseguimos visitar a la Virgen antes de ir al hotel”. Eta ohera,
afaldu gabe. Hurrengo egunean purga bana, “purga por barba” zioen
Sabinek, eta irten barik. Bigarren gaua “me la pase delirando”.
Nikole izuturik. “Ezin jagi nintzen hurrengo egunean, ba, Nikole,
erdi jausten, Kobara ur bila joateko gai izan zen”. “Azken horren
hurrengo egunean, 7an, itzartu berritan lozorroturik bezala nengoen,
Nikoleri dei egitean ohartu nintzen”.
Medikua eskatu, monjei deitu, etorri denak, medikua bera “bellísima
persona”, eta ea zer daukaten, sintomak esateko, esan sintomok eta
medikuak orduan ea ba sentitzen ote diren kemenarekin Baionaraino
joateko -“donde mi mujer se sentiría mejor cuidada por vaskas”,
esan omen zion medikuak-, eta zeukatena trankazoa zela, birikietakoa
berak eta bularrekoa andreak, eta Baionarako gai ba bera baietz baina
ezetz Nikole, birikeria harrapatzeko arriskuan zela. Laburtuz,
Sabinoren beraren hitzetan:
“Estaba yo dispuesto a
recibir una mala noticia, con la mayor resignación. Hubiese sido
notable que, a los pocos días de casados, nos hubiésemos largado al
otro mundo los dos. La Virgen no lo quiso.”
Lordako miraria!
Lordako agerraldiak |
Lordan katolikoek Ama
Birjina zein Andra
Mari, bietara deritzotena agertu omen
zitzaion hango neskato bati. Hamazortzi aldiz agertu ere. Zera esaten
ziola zioen berak, izenez Bernardette zen hark, “otoi egiteko eta
hango ura edateko.” Aholku guztiz Zen eta erabat naturista. Ur
miragarrien garaia zen. Ustezko agerraldiak noiz-eta 1858an izan
baitziren, lehena otsailaren 11n, hara, bikoteak egun hartan bertan
izatea zeukan aurreikusita. Ezin baina. Zera, harrez gero ehun bat
milioi lagunek bisitatu dute handik hona Frantziako bigarren
turismo-leku bilakatu den hura, ikas bezate Gaztelugatxe mundura
zabaldu dutenak, zera, lekura mundua ekarri nahi dutenek. Zelan ez
daukagu uraren miraririk? Begira, handik ez oso urrun, Unben bertan
señora berbera agertu omen zen. Eta Lordakoak nola egiten zuen
okzitanieraz -Lorda izena okzitanieraz da; Lourdes frantsesa-,
hemengoak gaztelaniaz egiten omen zion hango neska baserritarrari,
beste aldeanatxo bati, “¡si Sabino viviría!”, eta mundu
honetakoak berriz euskaraz erantzuten.
Amelia Barquínek dioskunez, “Gaskoiaren
modalitate bat izan zen, hain zuzen, Lourdeseko Ama Birjinak
Bernardette artzain gazteari hitz egiteko erabili zuen hizkuntza,
Buesa-k (1986:16) gogorarazten digun bezala. Ama Birjinak erabilitako
hizkuntzei buruz luzaro jardun daiteke: badirudi, adibidez, Unbeko
Ama Birjana dizipuluari beti gaztelaniaz mintzatu zitzaiola, honek
euskaraz erantzuten bazion ere.”
Lordakoarekin 1862an ados Erromako Eliza Katolikoa, Unbekoarekin ez
zegoen ezer adosteko prest, gerra aurrean Ezkion zer gertatu zen hura
ere kontutan hartzekoa baitzen. Baina Lordan bai,Unbeko Ama Birjinaren kapera Lordan agertu egin
zen eta mirariak obratzen omen zituen, obratzen omen ditu. Hirurogei
eta zortzi -68- mirari ditu onetsirik Erromako Elizak gaurko egunez.
Iaz, 2019an, herriko udal-karteldegian ikusi genuen
honetarako Internetetik kopiatu dugun hauxe:
“Beste urte batez, eta Lourdeseko Bizkaitar
Ospitalitateak sustatuta, urriaren 18tik 20ra eleizbarrutiko
erromesaldia egingo da Lourdesera. On
Mario Izeta
guru (sic) dala, eta eleizbarrutiko
hainbat abade eta parrokok, Aitor
Uribelarrea
seminarioko errektore eta
Ospitalitateko kontsiliarioak, Luis
Alberto Loyo katedraleko
deanak, abadegaiek eta hainbat lekaide eta lekaimek osatutako taldeak
lagunduta, 600 lagun inguru –gaixo, boluntario eta erromes- joango
da erromesaldian. Oraindik bada lekuren bata (sic) edo beste. Gehiago
jakiteko, 94 (…) eta 639 (...) telefonoetara deitu daiteke.”
Unbeko Ama Birjinaren kapera |
Eta Unbe gurea, zer?
Horko agerraldiak ez omen ziren benetakoak izan.
Hona Wikipediak horretaz euskaraz dioena:
“Unbeko
Ama Birjina (edo Unbeko Ama Birjin Garbi Mingarria) Laukiz
(Bizkaia) udalerriko Unbe mendian dagoen izen bereko santutegian
agertu ei zen Andra Mariren deitura da. Unbeko Ama 1941 eta 1988
artean hainbat aldiz agertu ei zitzaion Felisa Sistiagari plentziar
iragarleari. Agerkunde horien sinestunek diotenez, Ama Birjinaren
aginduz kapera altxatu zen Unben. Ordutik aurrera hamaikatxo lagun
joaten dira Unbera euren minak sendatzeko mirari bila. Iraileko
lehenengo zapatua izanda Ama Birjinaren egunik garrantzitsuena,
autobus eta beribil ugari joaten dira egun horretan. Antza denez,
hango putzuko ura, edangarria izan barik, miraritsua da. Ama
Birjinaren kaperan ustezko sendatuen makina bat opagai dago.”
Unbera garai batean joaten ziren biribilen artean Joseba
lehengusuaren taxilari kasik partikularrarena zegoen. Neska zela-eta
Joseba Bermeo eta Mundaka artean makinatxo bat aldiz ibilita,
taxilaria eta biak elkarren lagunak egin ziren. Hain lagunak ze,
behin lapa-saltsa prestatu zigun taxilariak, koadrilako beste lagun
baten etxean, gurasoak kanpoan zirela baliatuz. Hark taxian Unbeko ur
bedeinkatu zeukan, hantxe, ontzitxoan, irudiarekin batera. Asko ziren
horrelakoak inguruotan. Iragan mendeko 70ekoez ari naiz. Orduan
Palmar de Troyako agerraldiak jazo ziren eta Unberakoaren zale ziren
batzuek mirari-leku berrira joaten hasi ziren. Taxilari hura tartean?
Baiezkoan nago.
Argazkia: Bermeoko Santamañe ala Kurtzio |
Bermeoko Santamañe: Palmar de Troya eta Unbe Mendiko Birjinaren inguruan sortutako erlijio-mugimenduen aldeko talde batzuk XX. Mendearen 60 eta 70eko hamarkadetan euren debozioak gurtzeko baseliza hau erabili zuten. Ostiralero bertaratzen ziren.
Lordako hartara itzulita, Nikole eta Sabinekin mirariaren erdia
obraturik zen, ez baitziren hil. Bizkor-bizkor emanda egoeraren
nondik norakoaren berri, bertara agertu zitzaizkien Luis Koldobika
anaia, Paulina arreba eta Maria loba; hilaren zortzian hain zuzen.
Hurrengo egunean Luisen emaztea agertu zen. Sabinok guzti haren berri
emateko Arantzadiri idatzi zion gutunean ez zuen haren izena aipatu.
Bada, Arantzadiri esker gauzatu zen mirariaren beste erdia, antza
denez:
“Entonces fue cuando Luis telegrafió a V.
pidiéndole el envío de Jerez y de gránulos de citrato de magnesia.
Mi estómago, en efecto, estaba empeñado en no recibir nada: ni
champagne con hielo, ni Seltz, ni Vichy, ni agua natural. Todo lo
lanzaba con horribles dolores. Tenía el estómago inflamado, y un
sordo, profundo, triste, me dejaba postrado”.
Eta ur miragarria, Ama Birjinak berak edatea
gomendatua?
“Un día me sentó un poco, una cucharada, de agua
de la Gruta, y entonces empezó mi mejoría, pues ya bebí pronto
Champagne frappée y más luego caldo y Jerez”
Horra obraturik mirariaren beste erdia. Harpeko
urari esker? Beharbada. Dena dela, suspertzeko, ez dago Jereza
lakorik: “Para restablecernos, el Jerez nos vino de perillas, pues
allí no hay”.
Beste garai batzuk ziren. Alkoholdun edarien
gaitasun sendagarriei fede handia zitzaien. Txikitan halaxe ezagutu
genituen mistelak eta binorranzioak, zer esan ginebraz. Amak handik
ondoko Solen tabernatik kopatxoa ekartzeko agintzen zigun,
“tripakalak” -tripetako alak, edo minak- zituelako, hilekoaren
minetan zelarik. Guk, jakina, artean ez geneukan halako minen
ideiarik ere.
JEREZ
Jerezagatik, harpeko uragatik, gorputzak berez ere sendatzera egin
zuelako, zergatik ere izan zen, hilaren hamahiruan Nikole eta
hamalauan bera, jagi egin ziren azkenean ere. Sekulako jangurarekin
jagi ere: “Putreen pare jaten hasi ginen eta harpea ikustera joan
ginen”. “Hamaseian aberrira itzuli ginen. Baionara iristean,
arima zabaldu egin zitzaigun”.
Lordarakoaren amaiera? Ezta inondik ere.
“Lapurdiko egonaldia hango leku zoragarri
horiexetara joateko probestu genituen Luisen etxean egindako egunak,
eta han joan ginen, osatuta eta bizkorturik, Nikole eta biok berriro
Lordara, promes eginda geneukan Bederatzikoa egitera. Hura amaituta
gero egun bat eman genuen Pauen, eta etxera azkar-azkar...”
Eztei bidaiaren laburpena hitz bitan egin zion Sabino Arana maisuak
begikoenen artean zeukan Arantzadi dizipuluari. 1900eko urteko
zazpigarren egun haietan Txatxarramenditik idatzi zioneko lege
berean, hau da, ahoan -luman- bilorik gabe. Orduko hartan “Gobierno
bélico” eta “marcial gente de España” esan baldin bazituen,
ezkontzakoak eta ezkontzostekoez egin zion gutunean “luna de
mierda” ipini zuen paperean, Lordan medikua eta monjak etorri eta
joan ostean sentitu zuenari buruz: “(...) creí tomadas todas las
disposiciones y quedé tranquilo, esperando con calma pasara aquella
luna de mierda que eclipsaba a la luna de miel.”
Euria ari du. Karitate hutsez esango nuke, hitz horixe etorri zait.
19 zenbakia eman dioten etsaiaren agintaldi honetan euri ezaren
kezkaz bizi izan naizelako eta, begira, Lordara bikoteak egindako
bidaia haluzinagarri haren parte bat Sabinoren beraren lumatik hartuz
kontatu izanak hitz horixe ekarri didalako. Haratik hara. Karitatea.
Bidaia hark egungo egoeratik begiratuta ematen digu
beste hausnargairik ere. Esaterako, orain bizi dugun zama, karga edo
pisu hau bezalakorik zertan pairatu gabe bidaiatu zuten. Gaixotasunak
nondik nora zabaltzen diren, horren ikerkuntza bere hastapenetan
zegon garaian. Ezeren errurik sentitu gabe ibili ziren. Ze nago guk,
edo honetatik bizirik irten litezkeenak, ez dugula, ez dutela, inora
lehengo moduan joaterik izango. Ez, esan nahi dut, norberak
norberaren buruari galde egin barik aldean beste zein pasaiari
daroan. Nora ere goazen gure bidaiontzian, bidaiontzirik aurreratuena
izanik ere gurea, beste norbait ez ote datorren hor nonbait burua
gordeta, guri noiz eraso egingo zain, horren susmoa gurekin eroan
barik. Alien
filmetan bezala. Beste norbait guri begira, barrez akaso. Ellen
Rypley tenienteari alien munstroak egin egiten ziola begitandu
zitzaidan bezala.
Ellen Rypley (Alien) |
Elias Ojinaga Liverpoolen jaio zen. Bigarren Mundu Gerran Britaniar
Armadaren deia harturik enrrolatzera joan zenean irlandartzat jo
zuten eta, “Hi, irlandarrekin Britaniar Indiako Armadako Kamioen
Konpainiara!” esan zioten. Hainbeste ziren Liverpoolen irlandarrak,
jaioterri eta abizeneko O hura ikusirik ez zuten beste daturik behar
izan halakoxetzat jotzeko.
Ez zioten beste ezeri begiratu. Indian,
welter kategoriako txapelduna izatera iritsi zen. Busturiara etortzen
zenean jaiak baldin baziren ring modukoa atontzen zuten, bertoko
morroskoen kontra boxean egiteko. Behin ere zuen konbaterik galdu.
Abizenak!
Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 202ko martxoaren 29a
Comentarios
Publicar un comentario