2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XLIV)
Gorpuzkiak
Sukarrietako kanposantuan 1922an |
Indarrean jarri berria zuten hizkeraz bere buruari Estatu Espainiar
Berria izena jarritako hartan agintzen zutenek, militarrek, Nicolasa
Achicallende Iturri aske utzi zutenerako, Euzkadi, 1936an hasitako
Euzkadi'ko Jaurlaritza mundu guztiarentzat Gobernua zena, haren
ondorioaz eraturiko zerak guztiak, alderdi politikoak, sindikatuak
eta enparauak, jada ez ziren existitzen. Hala bada, andreak ez zeukan
lehenengo senarraren gorpuzkiei buruz nori galdetu.
Haiek lurpetik ateratzeko lanetan ibili zirenetako bat etxetik ez
oso hurrun zeukan arren. Batetik, ez zekien hori hurreko hori hartan
ibilia zenik, eta, bestetik, jakinda ere horrek ezin izango zion esan
gorpuzkiak nora eroan zituzten. Ez zekien.
Bigarren senarra galdu zuenean legez izan zen. Ez zeukan gorpurik.
Hantxe geratu zen Eugenio Alegría, hil zen lekuan. Eta Sabinoren
gorpuzkiak batek zekien non ziren. Izatez bereak ziren arren.
Batarenak zein besterenak. Gorpu galdu biren alarguna zen, horra.45
Beraz, alderdikoak, Gernikako bonbardaketaren ostean egoeraren
larriaz bene-benetan jabeturik, etorri zitzaizkionean galde egitera
lehenengo senarraren gorpuzkiak ateratzeko baimenik ematen zuenetz,
argi zegoen gorpuzkion jabea nor zen. Alarguna.
Jarriko zen Luis Arana Goiri 1935an jarri zen moduan, baina, legez,
zorioneko gorpuzkiok Nicolasa Achicallenderenak ziren. Testamentuz.
Eta Senar Zaharra -barka berba- bertan zetzan hobia,
Sukarrietako kanposantuan 1922an |
Indarrean jarri berria zuten hizkeraz bere buruari Estatu Espainiar
Berria izena jarritako hartan agintzen zutenek, militarrek, Nicolasa
Achicallende Iturri aske utzi zutenerako, Euzkadi, 1936an hasitako
Euzkadi'ko Jaurlaritza mundu guztiarentzat Gobernua zena, haren
ondorioaz eraturiko zerak guztiak, alderdi politikoak, sindikatuak
eta enparauak, jada ez ziren existitzen. Hala bada, andreak ez zeukan
lehenengo senarraren gorpuzkiei buruz nori galdetu.
Haiek lurpetik ateratzeko lanetan ibili zirenetako bat etxetik ez
oso hurrun zeukan arren. Batetik, ez zekien hori hurreko hori hartan
ibilia zenik, eta, bestetik, jakinda ere horrek ezin izango zion esan
gorpuzkiak nora eroan zituzten. Ez zekien.
Bigarren senarra galdu zuenean legez izan zen. Ez zeukan gorpurik.
Hantxe geratu zen Eugenio Alegría, hil zen lekuan. Eta Sabinoren
gorpuzkiak batek zekien non ziren. Izatez bereak ziren arren.
Batarenak zein besterenak. Gorpu galdu biren alarguna zen, horra.
Beraz, alderdikoak, Gernikako bonbardaketaren ostean egoeraren
larriaz bene-benetan jabeturik, etorri zitzaizkionean galde egitera
lehenengo senarraren gorpuzkiak ateratzeko baimenik ematen zuenetz,
argi zegoen gorpuzkion jabea nor zen. Alarguna.
Jarriko zen Luis Arana Goiri 1935an jarri zen moduan, baina, legez,
zorioneko gorpuzkiok Nicolasa Achicallenderenak ziren. Testamentuz.
Eta Senar Zaharra -barka berba- bertan zetzan hobia, ordurako
denborak eta lurrak landuriko gorpua zetzan arlotxoa, hura ere
Nicolasa Achicallenderena zen.
Luisek Egileor lagunari idatzi zion gutunean esaten zuena ukatuz
eskatu zioten baimena Nikoleri alderdikoek gorpuzkiak ateratzeko
baimena 1937ko hartan. Eta ulertzen da halandabe Luisen haserrea,
Euzkadi egunkarian 1935eko uztailaren 14an argitaratu
zenagatik.
“Este dibujo -zioen egunkariak marrazkiaren oin-oharrean-, que se
cree original de Arana-Goiritar Sabin, ha sido donado para
Bizkai-Buru-Batzar por doña Nicolasa de Atxikallende, viuda de
Arana-Goiri.”
Bazen alderdian Nikole aintzakotzat hartzen zuenik.
Zergatik, baina, irudia eta oharra batera uztailaren 14an, ez
lehenagoko egunean eta ez hurrengoan zein beste edozeinetan? Euzkadik
berak zioenez efemeride gogoangarria zelako uztailaren 14koa. “El
14 de julio de 1904 ondeó por primera vez la bandera bicrucífera,
entonces bizkaina hoy vasca por aclamación proveniente de los cuatro
confines de nuestra tierra”, zioen Euzkadik.
Alde batera utzita gurutzebikoaren diseinua norena zen-eta hargatik
haserre egoteko motibo faltarik ez zuela Luisek, nago 1935ko udan
norbait Nikoleren etxera agertu zela, gurutzebikoaren urteurrena
behar moduan ospatzeko ezer ba ote zeukan galdetzera, eta horrexek
sutu zuela hura. Alderdian zegoen Nikole, Luis bera ia-ia ez. 1937ko
epaian hartaz eta Magdalena Tribis-Arrospez “su filiación
nacionalista (...) y que han hecho manifestaciones contrarias a
nuestra causa” zioen, beraz, salatzaileak bazekien herriko
batzarrean parte hartzen zuela, edo. Bide batez ez dut uste epaiketa
uztailaren 31an izan zenik, epaiak hala dioen arren, dokumentuaren
zigilu militarrak “entrada 28-7-37” eta “salida 30-7-37”
dakartzanez gero.45
Laburtuz, Luisek besterik esan arren, gorpuzkiak, zein hobia bera
ere, alargunarenak ziren. Sabinoren alargun bakarrarenak, nahiz eta
hori pertsona hori berori beste baten ere alarguna izan gero.
Total! Galdetzera joan zitzaizkion.
Baietz esan zuen.
Atera zituzten.
Eraman zituzten.
Gorde zituzten.
Agur!
Auskalo non ziren zeregina bete zutenak; erbestean, kartzelan ala
hilda. Bat, esan dugu, etxean eta kakatan ziurrenik.
Hilda, Busturiako zazpi; abuztuaren 5ean fusilatuak, tartean
eguneroko honetan txitean-pitean aipatzen ari naizen Elisa
Kaltzadaren aita, Doroteo Kaltzada Ispizua. Hilda, Mundakako alkatea,
Alejandro Mallona; Nikole bera-eta libre geratu baino astebete ez
zela. Hilda, Foruko hiru fusilatuak; Juan José Basterretxea,
Santiago Pinaga eta Serapio Urrutxua, azken hau gure lagun min
Joserra Utretxen osaba.
1937an artean ere kapera aldean zegoen hilobia, haren ate
aurre-aurrean apur bat alborantz beharbada. Beraz, kanposantuko
atze-atzeko aldean. Gero kanposantua handiago egin zen-eta, norantz
luzatu zen litzateke jakin beharrekoa. Atetik herrirantz, hau da,
hegoalderantz luzatu zen, ala kaperatik Mundaka alderantz,
iparralderantz.
Egitasmoa 1958-1960koa da.
Halaxe ageri da haren fitxa Bizkaiko Foru Agiritegian on line:
“Expediente de la subvención de las obras
de ampliación y reforma del cementerio
de la localidad de Pedernales.
Argigarria den oharra dakar egitasmoaren
fitxak Foru Agiritegian: Reprografía del
plano de planta del cementerio y del sótano. Itxialdia
amaitutakoan egin beharreko beste ikerketatxo bat. Oraingoz esango
nukeena da iparralderantz luzatu zela, Sabino Aranaren hilobi-burua
zegoen hartan hasita. Bitartean oroitu egin behar.
Ahalegina eginez gogoratzen zaidana da hezurtegia kanposantuko
sakonenean zegoela, hango behea baino beherago, bai, kaperaren azpiko
aldean. Sastarrak botatzera haraino iristen zen gurdiarekin
barranderoa. Halako batean sastarren lekura obra-hondakinak botatzen
hasi ziren. Hondakinon gainean eginez luzatu zuten ziurrenik gunea.
Norantz ere luzatu zen kanposantua, hilobia gaur egun bide
erdi-erdian kokatua denez hartan ibiltzeko Sabino Arana Goiriren
oroiz ezarri dutena saihestu beharra dago. Ez dirudi horretan haren
azken nahia bete dutenik. Leku hori, izatez, jatorrizko hilobiarena
izan litekeen arren, badiot. Batak ez du bestea kentzen.
Hori bai, gaur dagoen horretan ageri den gizon-aurpegia, harrian
landua, emaztearen hilobira begira dago, horrela jarri zutenek diodan
honen berri ez bazekiten ere. Orain arte ez dut esan Nikoleren
gorpuzkiak non egon behar duten, eta esango dudan ere ez dakit.
Senar Zaharraren hilobiaren hariari berriro oratuz, haren jatorrizko
lekua argiro ikusten da 1907ko uztailaren 14ko argazkian, Etxebarria
batek sinatua dena, bide batez esanda. Kaperaren eraikintxoaren
aurreko aldean dago. Erakin hori horrelaxe ezagutu genuen guk, 1960.
urtea aldera.
Jatorrizko hilobira itzuliz, geroago ere, 1922an egin zioten
omenaldiko argazkietako batean hain zuzen, kaperako ate harexen
aurrean ikusten da. Bide batez, hileta egunekotzat jo nuen argazkia
da diodan hori, jendetza hura bidean gora kanposanturantz igotzen
ikusten dena hain zuzen, urte horrexetakoa da, 1922koa. Sabino Arana
Goiri fundatzailearen aldarrikapenak berriro indar hartzen hasia zen
sasoikoa.
Gerraondoko urteetan Nikole, ordurako Sabinisie eta
Atsobaltza Elisarentzat eta herriko beste neskato haientzat,
kanposantura joaten baldin bazen, eta joan ere joan egingo zen, hala
egitea ezin ziezaiokeen ezein legek ukatu, hilobiaren lekua hutsik
ikusiko zuen. Leku hura berea zen baina, nori erreklamatu?
Zer egin behar zuen?
-Beitu, zera, betiko be ez gara eta, egunen baten neu hilko naz, eta,
zera, ba, horko leku hori neurea da. Hor enterratea gura dot.
Bai zera!
Gaur egunean |
Sabino Arana Goiriren gorpuzkiak Sukarrietako beren hilobitik
aterata beste norabait eroan behar zituztela erabaki zutenean, hala
egitea erabaki zutenek Busturiako hiru morrosko bilatu zituzten lan
hartako lehen faserako. Gorpuzkiak ateratzeko; gauez.
Egin egin zuten morroskook, zer egiten zuten jakitun. Egindakoa
isilean gordeko zutela, ahoa, ezpainak josita egongo zirela zin
eginda.
Halaxe itzuli dira hiru morroskoak zein bere etxera, edo hirurotako
bat behintzat, eta sartu baino ez-eta non diotson etxeko batek,
“bakigu zertan ibili zarean”.
Hartu eta ospa joan zen.
Ameriketara.
Ikararen ikararekin.
Franco hil arte ez zen itzuli.
Halaxe kontatzen aditu nion Julen Kaltzadari Etxebarriatze
baserrian.
1960 |
Ramon Saizarbitoriak gorpuzkiak ateratzearena fikzionatu egin zuen
Gorde nazazu lurpean bildumako “Asaba zaharren baratza”
izenekoan.
Ez naiz sartuko narrazioaren sakoneko esanguraren azterketan, nondik
ekin eta zer hausnartu ugari duen arren. Bakar-bakarrik esan, inork
narrazio irakur baleza ere -eta irakurtzea gomendatzen dut- faxistek
Busturia, Sukarrieta eta Mundaka apirilaren 29an hartu zituztela.
Gaurko lako egun batez alegia.
Saizarbitoriak narrazioan aipaturik utzi digun prentsako
erreportajean, 1989ko urtarrilaren 3ko Deia egunkariaren
alekoan alegia, hobitik ateratzearen akta Abandon sinatu zen,
apirilaren 29an. Hori gogoan, eta gogoan baita ere gorpuzkiak gauez
atera zituztela, edo 27an edo bestela 28an burutu zuten burutu
beharrekoa. Logikoena 28ko gauean egin zutela pentsatzea da, ez baita
ulergarria oso 27an eginez gero zertan ez zuten akta 28an sinatu.
Haren narrazioan deigarri egin zait, bestalde, lehen pertsonan
kontatzen duenaren izena Polikarpo izanda, idazleak ez aipatzea,
pertsonaia horrexen ahotik, noski, Sabino Arana Goiri, bataioko izen,
Sabino Policarpo zuela.
“Asaba zaharren baratza” narrazioko Polikarpok zelan kontatzen
duen bere aitak mindurik bizi izan zituela bizitzako azken urteak,
gorpuzkiak atera zituztenenen artean bere izena aipaturik ageri ez
zelako -Deiak argitaratu zuen 1937ko apirilaren 29ko aktan
hain zuzen-, ez!, hartan txoferra bera izan zen arren, nik orain gau
hartan lanean ibili zen igeltseroaren izena aipatu behar dut. Juan
Uribe, Busturiakoa, familiaz Muxikakoa.
Hilobia 1907 |
Igeltseroa behar behar izan baitzuten gorpuzkiak atera ondoren zuloa
berriro estaltzeko eta han inoiz ezer egon ez balitz bezala uzteko
lekua.
Harekin izan ziren beste morrosko bien izenak ezin ziurtzat jo eta,
nahiago dut ez arriskatu, harik eta ondo ziurtatu arte.
Azkenik, urteak dira Sukarrietako kanposantua itxita dagoela. Hara
sartzeko giltza eskatu behar da.
Saizarbitoriaren iturriak zein izan diren ez dakit, narrazioan
bertan aipatzen dituen prentsakoez gain esan nahi dut. Nik neuk,
badiot, ahoz ahokoak aditu ditut, horien artean Fundatzailearen
gorpuzkiak atera zituztenean hantxe banatu zituztela hiru zatitan. Ez
dirudi hala izan zenik.
Gogoan daukat bestalde hezurren kontu horrekin hara eta hona ibili
nintzen garaian norbaitek esan zidala -izena ez dut esango baina,
gaiari buruz gehien zekiena bera zelakoan nago- lehenengoetan zati bi
egin zirela, baina gero zatietako bat bere aldetik bitan zatitzea
erabaki zutela. Azkenotako bat Derioko kanposantuan gorde omen zuten
baina, hura non zegoen zekiena hil zela-eta, akabo haren arrastoa.
Beste batek esan zidanak etenarazi zizkidan ikerketatxook.
-Hildako hainbeste gudari dago mendietan batek daki non lurperatuta
eta Sabinoren hazurren bila zabilz?
Hantxe amaitu ziren hezurrei buruzko nire burukominak.
Zergatik ekin diodan orain berriro gaiari bihar edo kontatuko dut,
osasuna lagun.
1937ko irailean etxera itzulita Nikolek inguruko beste askok legez
eutsi behar izango zion. Ez dut begiratu bera salatuen artean izan
zen epaiketan kartzela zigorra ezarri zieten haiei zer gertatu
zitzaien. Fusilatuen familiek zelan eroan zuten zerbait badakit,
esanda nago hurbileneko izenak. Erbesteaz zer esan.
Ez zen geratu egia ofiziala ez zena nork ozen kontatu.
Dena isilpean gorde behar.
Halaxe, Nikolek Mentxu Aizpuruari eta inguruko besten bati edo
besteri kontatuko zizkion bere oroitzapenak eta bizipenak.
Eta nork daki, gerraondoan neskato haiek, Elisak-eta,
Agurtzanek-eta, goitik behera beltzez jantzita ikusten zuten
emakumea, Nikole, agian Erramona Jatetxera joan etorrietan ikusten
zuten, eta ez zekiten hala zenik. Ez zekitelako, artean ez, 1937an
fusilatu zituzten busturiarren artean hango gizona zegoela.
Azken testamentua Bermeon 1946ako abenduaren 13an egin zuen Nicolasa
Achicallende Iturrik, Gerardo Arriola y Aguirreren notaritzan.
Alarguna -singularrean-, lanbide berezirik bakoa, hirurogeita hamar
urtekoa, testamentua emateko gaitasuna daukana, bere azken nahia
adierazten du, hurrengo ataletan:
Lehena, meza eta hileta primerisimakoak egitea, gehi meza
gregorianoen tanda bat egiteko, eta horietako gastuen kargu Doña
Maria Carmen eta Don Antonio María Aispuru (sic) Ugalde nire lobak
egin daitezela; bigarrena, testamentu emailea bizi den Abiña etxeko
altzariak, arropa zuriak eta ondasunak María Carmen Aispuru Ugalde
lobari uzten dizkiola, salako altzariak izan ezik, horiek beste
lobari, Don Antonio María Aispururi uzten baitizkio; hirugarrena,
bitxi guztiak María Carmen Aispururi uzten dizkio; laugarrena, bere
ondasun, eskubide eta akzio guztien oinordeko aipatu lobak egiten
ditu, zati berdin banaz, oinordetzatik kanpo utzita beste edozein
ahaide, Bizkaiko Foruak xedaturikoa salbuetsirik; bosgarrena, bitan
ezkondurik egon dela (...) ondorengorik utzi barik.
Hil, 1951ko martxoaren 19an hil zen, eguneko honetako martxoaren
19an esan nuen legez.
Senar Zaharra hil zela berrogeita hamar urteak betetzean, 1953ko
azaroan hain zuzen, Alderdi aldizkariak gai bakarreko alea argitaratu
zuen.
Gai bakarreko hartan Sabino Arana Goiriren orrialde biko biografian
ez zekarren ezkondu egin zenik.
Emakumearen gaiari eman zitzaion tartean ere ez zuten horren
aipamenik egin. Sabino Arana Goiri bizi zen arteko denborako emakume
bakarra ageri da izan eta guzti aipatua; Miren Lardizabal da. Iñaki
Lardizabalen arreba, bigarrenari lehenengoaren heriotza zela-eta
egindako gutuna dakar Alderdi aldizkariaren ale bereziak.
Nikoleri emakumeei buruz zituen iritziekin eta pentsamoldearekin
idatzi zizkionetatik, hitz erdirik ere ez.
Emanda, prest zeuden, Nikoleren hilobiaren gainean ttu egiteko
kondizioak. Zera, hobe haren oroimenaren gainean ttu egiteko
kondizioak, hilobia zein zen inork gutxik ez zekienez gero. Bitan
alargundua eta hala ere senar gorpurik gabeko hura bera ere gorpurik
gabeko itzal hurruna baino ez zen, gutxi batzuen artean gordea.
Harik eta norbaitek beste norbaiti itzalaren jatorrizko emakumeaz
hitz egin zion arte.
Maiatzaren bian ordubeteko ibilalditxoa egin nezakeen ametsean bizi
izan naiz eta, kale! Astelehena arte itxaron beharko. Bitartean
Urkulluk protesta egin dio Sánchezi. Kontrako manifestaziorik ez dio
antolatuko, hori ez. Debekaturik ez dakit zenbat baino lagun
gehiagoko zerak, zeuk erabaki zerok zein diren, itxuraz ez baitago
argi ezin argiago esan omen dena. Manifak debekaturik direla, hori
fijo. Batzuetan espero zitekeen jendetza berrogei lagunetik beherakoa
izan arren.
Maiatzaren baterako plana?
Etxean geratzea?
1886tik hona manifak egiten, gogoetarako garaia da.
Zer egin, Lenin?
Erosketetara, beste ezertara ezin, maskaratxoaren gainean bandera
gorri ipinita irten?
Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 2020ko apirilaren 29a
Comentarios
Publicar un comentario