2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XLIII)
Emotional Geographic
Indalecio Prieto |
Indalecio Prieto Sukarrietan zegoen 1936an uda ematen. Ohi bezala.
Gogoko zuen lekua. Inguru guztia, egia esan. Koloniara ere joaten
zen. Sarritan. Argazkiak egiten zizkioten, beste batzuei bezalaxe.
Halandabe ez zen horregatik joaten halandabe. Hango Mendieta
medikuaren lagun mina zen. Lan Publikoetako Ministroa izana 1931-1933
tartean, estimu handitan zeukan Kolonia bere osotasunean;
gizarte-proiektua zen aldetik, esan nahi da. Horretaz ez zuen ba
gutxitan hitz egingo ba Julianekin, uler bedi Zugazagoitia!
Prietori ez zitzaion oharkabean pasatuko han aurrean ikusten zen
baserri-etxe zaharraren ondoko txalet politean nor bizi zen. Ez zien
ba egur gutxi eman bizkaitarrei, hala paperean zelan kalean, Bilboko
urte haietan, partiduetako kideek elkarri eraso, batzuk besteen
zentroetan ostiaka sartu, kristalak hautsi eta altzariak suntsitu,
baita tiro egiten ere, halaxe ibiltzen zirenean. Berak orduan jada
pistola zeroan gerrikoan. Bati harexekin egin zioten tiro, eta bertan
hilda utzi. Alderdikideek.
Lehengo lepotik burua andreak! Esana ote zioten partiduaren karneta
zeukala? Egia ote zen?
-Logikoa edukitzea, ezta?
Rafael -Sanchez Mazas- txakurkumea ere ikusten zuen han,
Txatxarramendin eta, putaseme halakoa, falangista alaena, hantxe
aurrean baleuka, zakatzak aterako lizkio.
1936ko uztaileko estatu kolpea |
Sukarrietatik Madrilera bizkor-bizkor joanda, bere burua
Errepublikaren zerbitzurako eskaini zuen. Marinako eta Aireko
Ministro izendatu zuten. Irailean.
Egoera tamalgarrian.
Marinakoak Francoren uretara igarotzen ari ziren, pal-palean, esan
nahi baita astiro baina etenaldirik barik; hegazkinik ez zeukan
apenas.
Goizean Gerrikaitz eta arratsaldean Gernika bonbardatu zuten egunean
bakarra ere zegoen etsaiari aurre egiteko egoeran.
Ulertzen dut zelako ironiaz esaten zuen gure tia Juanik “Gure
Prieto, gure Indalexio”. Beste Indalexio baten alaba zen bera, eta
gure ama, hots, bere koinata, bezain nazionalista. Pena gure ama
maketo batekin ezkondu izana, ezta?
Hegazkinek etxearen aurre-aurretik egin zuten. Itsaso aldetik
erriyoan gora. Behin eta berriro. Eztanden hotsek erriyoan behera
egiten zuten. Oiloak lokatu egingo zirela ematen zuen.
Etxera etorri zitzaizkion. Hurrengo egunean, ala haren hurrengoan
izan zen?
-Handik atera egin behar da, esan zioten.
-Nora eroateko?
Horregatik ez arduratuko, esango jatzu esan behar danean.
Ikaratu egin zen.
Ziztuan joan ziren.
Gernikako bonbardaketa |
-Kartak-eta, zer, Mentxu?
Lobari galde egingo zion.
Kartzelan preso zeukaten haren neba, Antonio Maria.
Galdames ontzian harrapatu zuten, hantxe aurrean, Matxitxako
aldean izan zen batailan. Itzela izan zela diote.
-Nestorreri emon! Argazkiak gorde ondo, ezkontzakoek ez daukee
peligrurik.
-Seguru zagoz? Eta honeek periodikook?
-Erretzeko. Partiduaren paperak eta, horreek be bai.
-Besteok?
-Honeek ez, horreek bai...!
Erretzekorik ez zen falta.
Galdames ontzia |
Orain galdera zera litzateke, zer zela-eta gorde zituen Nikolek
lehenengo senarraren gutunak, eta non, ezkonduta egon zen bitartean
batez ere, esan nahi baitu Eugenio Alegriarekin ezkondurik bizi izan
zen artean bazeukala gutunok non ezkatatu, edo beharbada ez zuen ezta
ezkutatu ere egin behar, zein zen bien arteko intimitatea, konpontzen
ote ziren ala huts egin zien zera, larruak, harremanak,
mundu-ikuskerak, etxean zer zeukan nork besteari ez erakustekoa,
zera, bigarren senarrak nahikoa ote zeukan itsasoko gorabeherekin,
gizona tabernarakoa zen akaso, batek daki. Bide batez, Eugenio
senarrak ere idatziko zion, ezta?, orduan egiten ziren itsasaldiak
luzeak izaten zirelako, beste ezergatik ez bada ere, alabaina
historia honetan Eugenio Alegria ere absentea da. Hartaz, ez dakigu
ezer.
-Gutunen esklaba, harena,
Nikole?
-Beste nork zeukan halako bildumarik, ia ehun gutun, maitasunezko
berbekin, han!
-Eta gorde zituen beste zerak?
-Ixi! Ez da hori aipatzeko momentua.
Gernikako suen keak artean lainoetan nahastuta Koloniako zerak ere
batzen ari ziren. Metrailadoreei Sandinderen eutsi zieten.
Azken-azken ordua arte. Kanala aldean mugimendua igartzen zen. Ez ote
ziren handik gauez artez bertara etorriko.
Gernikakoaren berri behingoan jakin zen.
Zer egiteko gai ez ote diren!, horrexetara laburtu zitekeen gehienen
buruan zebilena.
Hori, eta Nik zer egin dot ba? Ez dot ezer egin. Ez deuste ezer
egingo.
Laster sartuko zirela ziurtzat jotzen zen. Abiñara hilaren 29an
iritsi ziren.
Lehenak, italianoak.
Kuarteltzat Uhagon etxea hartu zutela aditu zuen esaten. Samikolan.
Inguruetako etxe ederrena, izatez palazioa zena. Kolonian ostera
hantxe zebiltzan falangistak, jefe eginda.
Ikustekoak ziren kamioen ilarak, zaurituak zelan ateratzen zituzten,
autoetan medikuak etortzen, erizainekin, mojak eta abadeak,
anbulantziak-edo zirenak, aginduak ematen zituztenak eta a la orden
erantzuten zutenak. Entzutekoak ziren burbilen laprastadak basatzan,
euriaren hotsa belartzan jotzean goizaldean, tronpeta hotsak eguna
argitzean, makinen burrunbak denbora guztian, mekuenak eta komo hay
diosak. Eta tarteka abioren bat.
Bila etorri zitzaizkion.
Ez zuen uste etorriko zirenik.
Maiatzeko lehenetan izan zen.
Entzunda zegoen arren zelan joan ziren lehenago beste batzuen bila,
zenbat ziren, bost, sei, hamaika? Nortzuk? Zereko hori be?
Ezin sinistu.
Zereko zera be eroan ebenik.
Atera etorriko zitzaizkionik?
Beharbada.
Señora, ¿tiene algo para nosotros? Ba al daukazu ezer guretzat,
andrea?
Naparrak?
“Nuestra Señora de Begoña” zekarten banderan idatzita.
Bai. Gora jainkoa eta gora foruak!
¿Qué decis, requetés de mierda?
¿A que te parto la cara, falangista?
Allora...
Agintean italianoak ziren, ikusten zen.
Moruak!
Lehenengo goizean ikusi zituen. Katuak legez garbitu begiak, Kanala
aldera belaunikatu eta ozen, Oxala!, Oxala!, esaten.
Eroan egin zutenik, ostera, ez zuen uste izango
Ala bai?
-Acompáñenos.
Larrinaga ezagutzekotan zegoen.
Abinako Kolonia ospitale bihurtuta
|
Larrinaga kartzelan Sabino Arana Goiri zelan bizi izan zen obsesioa
da, bai orduko ereduzko falangisten artean eta bai oraingo are
ereduzkoagoak diren haien ondorengoen multzoan ere. Horretan
mugarria Diccionario para un macuto liburua izan zela esango
nuke. Lehen-lehen orduko falangista izan zen harena.
Makuturako hiztegian falangista zaharrak hurrengoa dakar:
“Don Sabino murió de una indigestión sufrida como consecuencia
de un banquete de Navidad que se dió en la cruel prisión donde los
sicarios de España le atormentaban dejando que comiese hasta
hartar.”
Hori, hasteko. Hona hemen hurrengo lerroak:
“Da gusto ver la celda donde vivía, que era como el cuarto de un
hotel de primera, y que, comparada con las celdas y los bodegas de
los barcos donde sufrieron prisión catolicarra (sic) los españoles
de 1936, resultaba algo así como los palacios actuales de Ibni Saud
al lado del barrio de las Latas.”
Lerrootan falangista nafarrak ez zuen esan noiz izan zen kartzelan
Don Sabino, hori geroago eta ez guztiz artez esan zuen. Ez zuen esan
lehengoan aipatu nuen kazetari emakumezko sinpatika horrek ere
Bilboko egunkari serio bakarrean menuaz idatzi zuen
hartan. Bigarren horrek ez bide daki menuarena -1895ekoa ala 1902koa,
anderea?- faxisten klasiko bat dela, lotsatu egingo litzateke
bestela. Ala ez?
“El honesto tripaundi
y alucinado traidor se zampó lo que sigue en compañía de su
hermano Luis y otros dos amigos, a los que la opresión española
toleró que fuesen a la celda para juerguearse decorosamente con
Sabino: <Entremeses, aceitunas y anchoas, ostras, sopa de chirlas,
ensalada de alubias, bacalao en salsa roja, angulas, besugo,
bermejuelas, merluza frita, caracoles en salsa roja, vino de
Aramburuzabala, chacolí blanco, Jerez, Oporto, Chartreusse, compota
de manzana, postre de pastel (pudre ruso), mazapán, turrón (Jijona
y yema) y café.”
Falangistak menuaren iturria ere aipatzen du: Ramón Sierra
Bustamante haren Euzkadi liburua. Ramón hori, Bilbon 1898an
jaio, monarkikoa, egun serioaren jabea den komunikazio talde
berekoa den El Diario Vasco egunkariko zuzendaria 1935an,
Gipuzkoako Gobernadore Zibil izendatu zuten faxistek gerra hastean.
Beraz, menuaz jolas egiten duelakoan Sabino Arana Goiri defuntuari
ziria sartu nahi dion emakume kazetari horretaz El Diario Vascoko
zuzendariaren “enborreko ezpala” dela esan dezakegu, berak
orain idazten dueneko egunkaria, Bilboko egunkari serio
bakarra, eta Gipuzkoakoa bestea, biak baitira jabe batenak eta
betidaniko demokratak.
Diccionario para un macuto |
Gezurren ereintzan goiz hasita, falangista nafarrak Sierra
Bustamenteren liburutik -lehen edizioa 1941ekoa da- hurrengoa ere
kopiatu zuen: “Los nacionalistas sostienen que
(Sabino) contrajo en la cárcel la enfermedad que le llevó a la
muerte. Es posible; pero no tendría nada de extraño que su
enfermedad se iniciara el día de Navidad de 1895, despachado ese
menú pantagruélico, que tuvo como remate tanta exquisita confitura
'maketa'.”
Faxistak haren jabe egin zirenean kartzelak Larrinaga izenari
atxikitzen zion arren, utzia zion Sabino Arana Goiri han izan zen
aldi bietan izan zena izateari; epaileek ezarritako zigorra betetzeko
lekua izan zena, epailerik gabeko zigorrak betetzen hasteko lekua
zen. Hasteko, diot, zeren eta handik Derioko kanposanturako ormetara,
eta ormetatik gorpu zulo anonimora jaurtita burutuko baitzuten
Espainiako Berriko justizia justuak aurreikusitakoa.
Epaiketak uztailean hasi ziren.
Larrinagako kartzelan Nikolek berea noiz izango zen itxaron beharko
zuen. Gogoratuko ote zen lehenengo senarrarekin? Damutuko egiten ote
zitzaion hari bisitan hona etorri ez izana?
Ez zegoen bakarrik.
Kolpisten paper ofizialen arabera uztailaren 31an, San Inazio eguna,
1 zk.ko Gerra Kontseilu Iraunkorra bildu zen, Bilbon, “errebeldia
lagundu eta sustatzeko balizko delituengatik bideratu den larrialdiko
prozedura sumarisimoa ikusteko eta erabakitzeko, hurrengoen kontra
bideratu izanik delako prozedura kasu honetan:
Federico Bilbao Zabala, 50 urtekoa, ezkongabea, Susana Arrasate
Avendaño, 35 urtekoa, ezkongabea, jostuna, Celia Arrasate Avendaño,
30 urtekoa, ezkondua, etxekoandrea, Nicolasa Achicallende Iturri, 56
urtekoa, alarguna -ez dio norena; salatzaileek ez zuten datua eman?-,
etxekoandrea, Pedro Arrasate Erezuma, 79 urtekoa, ezkondua, arotza
-Sabino Arana Goiriren testamendu ematean testigu-, eta Magdalena
Tribis-Arrospe Asteinza, 30 urtekoa, ezkondua, etxekoandrea, denak
ere Pedernaleseko auzotarrak. Autoen berri emanda, Fiskalaren eta
Defentsaren txostenak aditurik eta prozesatuak berton direlarik.
Erresultatzen da...”.
Sinistekoa ere ez zen aditu behar zutena. Egun batzuk lehenago, 9an,
alboko Busturia herriko hamabiren kontra, eurotariko hamar ezkonduak,
egin zen gerra kontseiluaren berririk baldin bazeukaten, eta
bazeukatelakoan lepo jokatuko nuke, jakin behar zuten zazpiri
heriotza zigorra eta besteei kastigu gogorrak eman zizkietena.
Busturiako fusilatuak |
“Respecto a las procesadas Elena Bajineta, Nicolas Achillande y
Magdalena Tribis Arrospe no aparece más que su filiación
nacionalista y que las dos primeras han hecho manifestaciones
contrarias a nuestra causa durante la dominación rojo-separatista
sin que se acredite que hayan realizado ningún hecho de
participación en la rebelión que se persigue (…) que debemos
absolver y absolvemos a ELENA BAJINETA AVENDAÑO, NICOLASA
ACHICALLENDE ITURRI, PEDRO ARRASATE EREZUMA y MAGDALENA TRIBIS
ARROSPE ASTEINZA del delito por el que se les sigue la presente
causa, llamando la atención respectuosamente a la Autoridad Judicial
por si entiende precedente interesar de la gubernativa la adopción
de alguna medida de esta índole respecto de ls procesadas Bajineta,
Achicallende, y Tribis-Arrospe.”
Pedro Bilbao Zabala, Susana Arrasate Abendaño eta Cecilia Arrasate
Avendaño hamabi urte eta egun bateko zigorra ezarri zitzaien, “como
autores de un delito constante de auxilio a la rebelion.”
Emakumezkoen kontrako zigorrak eta errepresioa oro har ez da
sinestekoa, aipatu ere egin izan delako, zein tamainatakoa izan zen.
Mundakan, gure amuma Desideria Ibinagarriaga eta haren lagun Karmen
Venturoso atxilotu zituzten, eta Santoñara eraman. Amumak ez zigun
esan zergatik, galdetuz gero beti erantzuten baitzigun euskara eta
gaztelania nahasten zituztelako izan zela, zera, solorako bidean
goardiazibilekin topatu zirela, eta gaztelaniaz galde egin zietela,
eta hizkuntza hartan zekiten berba bakarrak si eta no zirela, eta si
esan behar zenean no esan zutela, eta no esan behar zenean ostera si,
eta hargatik eroan zituztela kartzelara. Si ala no erantzun beharreko
galdera biak zein ziren ez zait gogoratzen. Pasadizoa klasikoa
delakoan nago.
Amuma eta Karmen, seina hilabete Santoñan; Mundakako Casilda
Garro Izagirre, hirulabete Santoñan; Eleuteria Oleaga Kalzada,
hamahiru urteko kondenarekin urbete egindakoan libre irten, semea
zeukalako, eta Iparraldera ihes joana; George L. Steerrek Genikako
arbola liburuan aipatu zuen beste emakume Mundakar hura; testegintza
galdu zaigun besteak.
Nicolasa Achicallendek, zorionez tribunalarentzako
Nikole izan ez zena, libre ez zuten epaiketan absolbitu eta behingoan
utzi.
Duesoko (Kantabria) presondegia
|
Irailaren 7an, Caferino Mendietak, lehenengo
lerroetan aipatu dugun Koloniako medikuak alegia, "zegokiokeenari"
idatzi zion, Nicolas Achicallende, "hirurogei urtekoa"
-epaiketan berrogeita hamasei zituela esan zuten- osasun egoera
gaixorik zegoela fede eman zuen, eta "pairatzen duen
gaixotasunak ohean egotera behartzen duenez" etxean egon beharko
zuela zioen. Egun berean utzi zuten libre.
Berrogeialdia maiatzaren hogeita laura luzatzeko
asmoa omen daukate.
Astunegia?
Nor zaren da gakoa.
Inguruotan bada gaur udako etxera bisita egitera
etorri denik.
Ez naiz inoren espiotzan ari.
Idazten ari naizen artean itsasoa ikusten dut
lehietako batetik, eta itsasoaren
eta neure etxearen
artean itsasartzea pribatizatuz eraiki dituzten etxeak beste
bietatik.
Nahi gaberik.
Esan dute ba, itxialdi honetako ereduzko filma Rear
Window dela.
Ez niretzako.
Auzotarretako batek bart kamera jarri zuen, argi
eta guzti, baratzean, gauez inguruetan zein patari ibiltzen den
jakitearren.
Grabazioa ondo joan da.
Kirikolatza, bareak eta baraskiloak irentsi eta
irentsi. Soinu eta guzti.
Gaur dena da Emotional Geographic.
Kirikolatza |
Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 2020ko apirilaren 29a
Comentarios
Publicar un comentario