2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XLII)


Harako hura norena den






Julián Zugazagoitia Mendieta 
(Bilbao, 1899 -Madrid 1940)
Fusilatu egin zuten. Faxistek. 1940ko azaroaren 9an. Gerra amaitu ondoren, bai. Parisen erbesteratutik zelarik Alemaniak Frantzia okupatzean, Paris hain zuzen, atxilotu egin zuten, eta Espainiako Estatu Berriko poliziaren eskuetan utzi. Companys bezalaxe. Errepublikan ministroa izana gerra garaian; Gobernaziokoa, hots, ordena publikoarena. Madrileko Ekialdeko Kanposantuko hormaren kontra josi zuten tiroz.

Abokatua, idazlea eta PSOEko kidea, Pablo Iglesiasen eta Tomas Meaberen biografiak idatzi zituen; horiez gain prentsan kolaborazioak, nobelak eta bestelako liburuak. Azkenon atalekoa da Pedernales, 1929an argitaratua. 

Liburuaren edukia, estiloa eta teknika azpitituluan doaz: Itinerario sentimental de una colonia escolar. Sukarrietako koloniaz bihotzarekin idatziriko ibilbidearen kronika, horra zer den Pedernales. Irudiz hornitua, horien egilea Ricardo Arrúe (sic) da. 25.000 ale atera zituen argitaratzaileak, Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Bilbao erakundeak alegia. Halako tiradarekin zalantzarik ez liburuaren helburuaz. Ahalik eta irakurlerik gehienen eskuetara iristaraztea.

Liburuko testua Julian Zugazagoitiak handik hamar urtera fusilatuak sinatu zuen. Bilbon jaioa, 1899ko otsailaren 5ean, ez dago alferrik haren aita langile xumea izan zela esatea, gero berak abokatu ikasi eta politikan gora egin bazuen ere. Etxetik zekien Pedernales liburuaren mamia zena. Hain zuzen ere, langile klaseko seme-alaben egoera Bizkaian.
Pedernales, liburua
Begiak hegoaldera zuzendurik zituela eraiki zuten. Ulerturik eraikinen begiak leihoak eta balkoiak direla. Ala sudur-ahoak dira balkoiak eta eurotako atea,, beste leihoak baino handiagoak, arnasa etxe barruraino irits dadin hantxe ezarriak?

Zabalera oso zabal eraiki zuten, aurrean zeukana besarkatu nahirik bezala. Oiz mendia egun argietan besoetara etor zekiokeela zirudien.

Aurrealdean lorategiak atondu zituzten, eraikinera iristeko leku nahikoa zabala utziz. Albo batean 1903ko eukaliptoa zegoen, tantai bilakatzeko bidean nahikoa aurreratua. Baketan utzi zuten.

Lorategien kanpoko aldean lehenengo bide zaharra ukitu gabe utzi zuten. Zor den bidea esaten zaiona zen. Hots, jabetzako komunekoa, komunala, herriarena, ezin pribatizatu zena. Desagerturik dago zer den bide hori. Forua erabat desagertzen ez den artean eskubidezkoa izaten segituko du.

Bideaz beste aldean baserri-etxea zegoen. Zein-eta Abiña. Haren ondoan Nikole, Nicolas Achicallendera leheneratua, etxea eraikitzen ari zen. Aurrekoan esan nuenez, hango lanetan hil zen Eduardo Ugalde. Sukarrietako familien genealogiak egiten urteak eman dituen Miguel Ángel Caballerok dionez, gerra ondoan etxe haren paretik pasatzean hantxe ikusten zituen kristalak -zuri, berde eta gorriak- eta zurtz eginda geratzen zen, bazekien-eta koloreok ez zirela onartuak ezta gerrikoetan ere.

Leiharren koloreen horrek etxearen proiektua nork egin ote zuen, noren ideia izan ote zen koloreok ipintzearena eta, oro har, Nikolek lehenengo senarraren ideia politikoez zer iritzi ote zeukan, galdera ugari eragiten dit.

Eta beste ororen gainetik irudi haluzinagarria -literalki- begitantzen zaidana da emakumea han bere etxean baratzarekin eta soloekin inguruko erakina zelan hazten zen ikusten, eukaliptoa ere beti han gora eta zabalera hazten, eta koloniako neska-mutilak handik goitik begira; berari, baserriari, landei eta soroei, hurrunagoko beste baserriei, hondartzari, ibaiari, gabarrei, trenaren keari, gurdiei, mundu berriari begiratzen eta mundu berriko hotsak aditzen;gurdien kirrinka, trenaren lurrun-hotsa, gabarretako biraoak, oiloen monotonia, hontzaren gaueko uhuriak, goizaldeko arrantzaleen boz isil gurakoak, mundu berria.
Koloniako eraikina
Barrualdea kanpoaldearekin bat zetorren. Argitasuna eta eguratsa bertan bizitzeko egituratua zegoen. Hara etortzekoak zirenei beste ezeren gainetik behar zutena emateko. Jateko lekuak jateko gogoa pizten zutenak, lo egiteko lekuak lo egiteko gogoa eragiten zutenak, jolasteko lekuak jolasteko gogoa areagotzen zutenak eta, pentsa, hondartza artifiziala ere bazegoen. Hara etortzekoak zirenek behar-behar, jateko behinena eta lo egiteko leku duin minimoaz gain, eguzkia baitzen. Natural zein artifiziala, hori Zugazagoitiak polito azaldu zuen.

Etortzekoak zirenen bizi-egoerak ondo ezagutzen zituen idazle, abokatu eta politikari bilbotarrak. Eraikin eta inguruko multzo guztiaren erabiltzaileek artapen integrala behar zuten. Higienismoa bete-betean. Aldean zekartzaten gaitzak ziren, besteak beste, azpi-elikaduraren eraginezko azpi-nutrizioa gehi jangura eza, birikietako gaitzak hezetasunak eragindakoak, urdaileko minak eta saminak jan ezaren ondorio eginak, lo eza lo egiteko toki egokiaren ezak ezarria eta pozaren falta nabarmena, inguruko tristurak dena baitzien irentsia.

“El día que estos niños vuelva a sus casas, sus familias tardarán en reconocerlos. No será sólo el cuerpo quien se haya mofificado, ganando en peso, en vitalidad, en equilibrio; será también el espíritu, educado en un ambiente de libertad, de consentimiento, pero, por la mismo, de respeto para todo cuanto tiene un valor y nada hay que esté destituido de él, por pequeños que sea”
Koloniako Neska-mutilak

Arkitektoak eraikina ez zuen biluzirik kontzebitu nahi. Irudi eskatologikoagoak erabiliz, eta hura katoliko sutsua omen zela gogoan, jaio beharrekoa jantzirik jaio zedin nahi izan zuen. Bada, jantziekin eta denarekin taxutu bere obra.
Esan izan da, XXI. mendean hain zuzen, Ricardo Bastidaren eraikinak ez daukala halako balio berezirik, hots, ordezkagarria dela. Zera, eraitsi eta orubean beste zerbait eginez gero ez litekeela gauza handirik gal.

Zugazagoitia fusilatu egin zuten, eta hura fusilatu zuten berberek utzi zuten Bastidaren eskuetan Gernika berreraikitzeko planeamendua arkitekturan aldetik.

Eraikina ez zen osorik batera egin. Erlojuaren dorrea eta hortik mendebalderako hegala 1928koak dira.
Abiña txaleta
Urteak igaro ahala Kolonia politikarien bisita-leku bilakatu zen. Alfontso XIII. 1930ean, haren ordekotzat tarte batez diktadore jarritako Primo de Rivera, Niceto Alcalá Zamora II. Errepublikakoa, hara gerra aurrean agerturiko batzuk dira. Hots handiz etorriko ziren, literalki, autoetako klaxonak eta adarrak joz. Soloko lanetan ibiliko zen Nikole.

Bisitak izaten zituen, Mentxuk halaxe esan zigun. Argazkiak ere bazeuzkan, gerra aurrekoak, emakumea lagunekin taldean ez dakit non, begiratu egin beharko dut hori ere.

Nazionalista guztiek ez zeukaten ahaztuta. Fundatzailearen ohetik marinako kapitainaren ohea joan izan arren. Lehenak kendu ziona kendu ziolarik, bigarrenak ezin hori kendu. Nago ostera kontua ez ote zen beste honetara begiratzen zutela: lehenari emandakoa ezin hura hilda gero inori eman. Esangabeko arau sakon sustraitu, sendo bat urratu gabe: jabetzarena. Norena zen hura, lehenengoz hari eman ziona hura, bai, harena baino. Betiko. Hura beste inori emanda delako hura hura ez zen harena, edo haren jabe bakarra behintzat ez den fundatzailea, eta haren jabe bakar bat ez baldin bazegoen, balizko jabe bakarra fundatzailea ez bazen, biologikoki haren jabea zen Nikole bera ez zen Fundatzailearena, beraz, ez zen alderdiarena. Alderdiak paso egin zezakeen.
-Exageratua zer zara zeu gero, Jimenez!
-Andaluzaren semea, ba'kizu!
-Española.
-Inondik bez. Gure aittari ez neutson inoiz aitu esaten bera española zala.

Ez zuen erabat paso egin, egia, baina goazen pausoz pauso. Pendulu kosmikoaren joera erakutsi zuen alderdiak osatzen zuen galaxiaren portaerak. Muturretara jo zuten galaxiko batzuek. Jo dezagun, esaterako, Errepublikako urteetara, lehenagokoez badiot-eta ezer ez dakigula.

Euzkadik 1933ko azaroaren hogeita bostean, hau da, Sabino Arana Goiriren heriotzaren hogeita hamargarren urteurrenean, “Recuerdos de su vida” artikulua argitaratu zuen. Jatorrizkoa ikusi ez dugu egin, bai hartatik aterata omen dagoen izen bereko atala Historia del Nacionalismo Vasco en sus Documentos bildumako hirugarren liburukian. Honelaxe hasten da:
Descubrir en un mujer un recuerdo grato, es descubrir una emoción acompañada por la ternura: así descubrir las palabras de (…) la hablar de Sabino, ante este mirador que ofrece a la vista del mar, en Sukarrieta, tienen un fervor, una religiosidad, que comprendemos perfectamente, ya que la dama conoció a Arana-Goiri...”

Parentesi artean jarri beharreko izena zen litzatekeen galdetuta “Nikole” erantzungo luke delako Sabinoren ezkontzaz zerbait dakien edonork, zeren eta hura ezagutu zuen “dama” ez zenSandindere ba emaztea izan? 

Bada, ez. Parentesi artean jarri beharreko izena María Kafranga da, berak Andima de Orueta artikuluaren egileari esan bezala, aurrerago ere aipatu dut hori. Dena dela artikuluan Nicolasa de Atxika-Allende (sic) aipaturik da. Aipaturik da, baita ere, Sabinok erosi egin zuela “la pequeña isla de San Dinderi o Sandi Andere”, eta alargunak, Nikolek, 1906an Claudio Urritiari saldu ziola, 15.000 pezetatan. Hori ere Luis anaiak eginda zeuzkan kontuetan sarturik egongo zen.
Sandindereko Irlak

Oi Luis. Laster dator horren txanda penduluaren Oraingoz gera gaitezen datuarekin. Ez zen tabua Nicolasa Atxika-Allende aipatzea, baina, senarra izandakoren heriotzaren urteurrenean ez ziren harengana joan “emakume batengan (zegokeen) Sabinorekiko oroitzapen atsegin” baten bila. Sukarrietan bertan eduki arren. Maria Kafranga hura bezain hurbil. Gainera, zergatik Maria? Sabinorekin tratua izan zuena Maria hura izanik Oruetarekin hitz egin zuena haren alaba Antonia Goitia izan zen.

Penduluak pittin bat luzatu zuen “Nikole aipagarri” polorantz hurrengo urtean, 1934an alegia. Urte 1935ean, Nikolek berrogeita hamalau zituelarik, Ceferino Jemeinek Sabino Arana Goiriren biografia kanonikoa argitaratu zuen, Sabino eta haren ezkontzako argazki eta guzti. “Retrato de boda, hecho en Bayona, después de la enfermedad que pasó en Lourdes, en el hotel Heins”, dio argazkiaren goi aldean.

Argazkia sarreraren ostean dator, hirugarren orrialdean. Halandabe argazkien aldetik liburua ez da zintzoa, hurrengo batean ikusiko dugu zergatik diodan hau.

Hurrengo urtean, 1935ean, penduluak zeharo beste aldera egin zuen. Luis Aranak sakatuta. Hona hemen hark, 1935eko uztailaren 16an Abandon sinaturik Manuel de Egileor lagunari igorri zion gutuna dago lekuko. Horretan Luisek Egileor lagunari ziotsonez, Euzkadi agerkarian, iragan igandekoan, hilaren 14koan, bizkaitar estandartearen irudia agertu zen, eta harekin batera “doña Nicolasa de Atxika-allende viuda de Arana-Goiri” -azpimarratuak, aurrerantzean, jatorrizkoan halaxe daudelako-, zioela eta, kontsiderazio batzuk egin zizkion. Hona:
“Según mi criterio no puede decirse eso, no puede decirse que esa señora sea viuda de mi hermano Sabino como ahí, se dice, sinó que fue viuda un tiempo pasado, en tiempo atrás.
Viuda de mi hermano podía y debía decirse cuando lo era, es decir, desde la muerte de mi hermano hasta que volvió a casarse con el Sr. Alegría.
“Pero una vez vuelta a casarse con éste y enviudar a esa señora señora debe denominarse viuda del Sr. Alegría, y no de Arana Goiri.
Fué, viuda de mi hermano en aquel tiempo pasado, pero ahora, en el tiempo presente, es viuda del Sr. Alegría.
“Tiempo presente, tiempo pasado.”

Horraino, terminologia kontua dirudi. Hortik gorakoa nik haren hura esan diodanaren harira dator.
“Caso curioso de poliandria en el modo de decir de esa leyenda del dibujo, como es el que incurre también en el derecho y la jurisprudencia hispana, cuando a la mujer casada dos veces y sin prole en la primera, la hace dueña del cuerpo de su marido muerto, cuando es dueña del cuerpo de su marido vivo y forman una sola carne.
Luis Aranaren izkribrua
“?No opina Vd. así. Es filosofía aldeana bizkaina que no creo se halle en divorcio con la moral cristiana”
“Aguŕ en Jel de su affmo. Amigo.”
Beraz, ahoberoa ni haren hura dela eta egin ditudan gogoetetan? Ez dut uste. Zer esanik ez Luis Aranak gutunari egin zion post data irakurrita:
“P.S.- Debe valer la sangre por la sangre, ante el temor de posibles repeticiones lamentables”.

Gutuna sinatu zuen egunetik urtebete igarota hasi zuten gerrak argumenturik barik utzi zuen Luis Arana Goiri. Faxistek ez zetozen bat hark alarguntsarekikoan zeuzkan iritziekin. Ezta beste ezertan ere, ez, baina orain eta hemen horrek ez digu ardura.

Emakume hura noren alarguna zen, faxistei horrexek ardura zien.
Horrek, eta inguruotako nor fusilatu.
1940an fusilatzen segitzen zuten, pentsa.
Julian Zugagazagotia! Gogoan zaitut!

Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 202ko apirilaren 27a

Comentarios

Entradas populares de este blog

Ecce Homo: Hemingway

Juan Leon Kruzalegiren 120. urteurrena

Hemingway 2 / 1918-1919: EN LA GUERRA Y EN EL AMOR