2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XVI)
Buztangorri iluna |
Txikiaren geografia
Herenegun ogiarekin itzultzean kaioa han goian, etxeko antenan. Bera
bakarrik aukera-aukerako lekuan, gogoan dudala lehenengo aldiz.
Atzo txepetxa ikusi nuen, eta ezagutu. Hain zuzen ere inguruan
sekula santan ikusten ez den txoritxoa izanik beti noiz ikusiko
ibiltzen naizelako. Kasik argazkietatik ezagutzen dudala esan nezake.
Poz handia.
Gaur itsasoak hango urruneko marran gerrialdeak izarniadura ageri
du, zabalean hedatua.
Sabaia goizak latorrizkoa dauka.
Aro berri batean sartu garela diote, eta niri ostera Frankismoak
ezarri zuen erlojuaren mende segitzen dugula datorkit gogora. Hots,
ordulariek Berlinek erakusten duten ordu berbera erakusten dute,
behin batean, jada kasik mendea bete delarik, Francok halaxe nahi
izan zuelako. Ez dago Espainiako Erresuman bularrik Frankismoari
aurre egiteko, ez-eta erlojuak orduen logikara ekartzeko ere, horra
eldarnioa. Eta gainera atzo aldaketa. Eguzkiari ordu biko iruzurra
egiten diogu, eta? Erlojuz gaur atzo baino ordubete beranduago jagi
naizela.
Mende hasieretan ere aro aldaketez hitz egiten da. Hemeretzikoaren
hogeita hamahirugarren egunean izan zen Nikoleren eta Sabinoren
arteko ezkontza.
Bikotearentzat aro berri baten hasiera, bai.
Munduarentzat?
Erlojuak behintzat ez ziren eguzkiaren engainagarritzat erabiltzen.
Bidasoaz alde bietan ordu bakarra orduan.
Bai, ez zegoen ordularia egokitu beharrik Bidasoa igaro eta batera.
Ordu bakarra eta bera ibar bietan. Eta biak beste norbaiten mende
-menbe, zioen Sabinok-, horrelaxe idatzi zion Aingeru
Zabalari, Lordara egindako bidaia hartatik Bilbora itzuli baino egun
batzuk lehenago, hilaren 10ean: aberria alde bietan zapaldurik dela.
Gutuna Paueko postal halako batean idatzita dago. Irudian, hango
gaztelua: “Amen, irazki onetan, eŕi zitel onen eŕege bat jayo zan
gasteluba: IV. Henri. Geure Abeŕi gaxo ori eŕi ustel biren aŕtian
dago ta eurok menbetuta: Jaungoikoak bakaŕik gaizkatu daike”.
IV. Henriren gaztelua Pauen |
Aberri gaixoa herri ustel biren artean? Larritasunek eta estualdiek
ez zioten hizkera bigundu Arana borrokalariari, adi hurrengoari.
“Asko daude abertzaliak be egiteko, ta onenbeste bat jauparijak (…)
Gaxuak dira France'ren menbian dagozan euzkeldunak: baña gaxuagoak
España'ren menbian dagozanok.”
Horren hurrengo postala, Baionatik martxoaren 12an Zabalari berari
zuzendua, aurrekoaren osagarria zen. Irudian, gizonezko bat, txapela
buruan, blusa soinen, abarkak oinetan, makila ezker eskuan,
jesarrita. “Pays Bsque.- Viellard. - ND Phot.”. Sabinoren hitzak:
Nire aizkide ona: Amen dakutzu zelan geure abendaren semiak Bidasoa'z
onantzian be dirala. Gariana aiztutiak biŕindu gauz ta eŕbeste
biren erpipian zapalduta gaukaz. Ikusi aŕte.”
Postalekoa Josemari Atxikallende izan zitekeen. Euskal baserritarra,
abendaren isla. Laster elkar ikustekoa ziren. Sukarrietan.
Aranaren postalaren berdina |
Martxoaren azkenetarako hantxe ziren ezkonberriak. Etxea bientzako!
Zerbitzuko jendeekin. Zitekeena zen harturik izatea 1899ko urrian,
ezkontaurrekoetan, harekin hitz eginda zeuden Gregori izeneko
mundakarra. Gregori zen ala beste norbait zen, ez dakit bikoteak
arrosarioa errezatzeko deituko zuten. Zeren eta azkenean hantxe
zeuden biak. Arrosarioa errezatzeko, zein beste zerguratarako.
Etxe-aldatzea egin behar zuen Sabinok. Eta egin ere, bizkor egin
zuen. Miatzerako hantxe ziren, zortzian Albizuriri idatzi zionaren
arabera: “Estamos en ya en la casa nueva: Arrospe-gana.”
Zein etxe zen Arrospe-gana? Gero urrian Etxeari buruz Arantzadiri
esan zion berbera ote da, hurrengoa alegia: “(Las fotos) hoy ni sé
dónde están, pues nos trasladamos de casa a la nueva que, cuando
Vds. estuvieron aquí, estaban haciendo en el alto de Pedernales”.
Etxe batean egon ziren ezkondu ostean, Arrospe-gana izenekoan, eta
beste batera, “Sukarrietako gainako berrira” aldatu ziren handik
ez luzera? Ala hasiera-hasieratik izan ziren Sukarrieta gainako
etxean, eta huraxe zen Arrospe-gana.
Ikertzen ari gara, egunekoak blog honetara igotzeaz gainera
argazkiez, datuak bilatzeaz eta aholkuak beti zuhurrak emateaz
arduratzen den Erroxeli Ojinaga, Koko. Orobat gutunen
argitaratzailea den Joseba Agirreazkuenaga busturiarra, txistulari
jaioa eta historialari mundu zabalean aitortua, Sabinesie
izena amaren ahotik aditu zuenetik hona Nikoleren historiaren
sakontzen dabilena. Hiru zoro. Txikiaren geografian galduta
Txikia baita honetan aipatzen ari naizen geografia. Esaterako,
Arrospe-Txiki izeneko etxetik Sukarrietako ganara dagoen tartea
berrehun bat metrokoa da. Zer esan baina txikiaren geografiaren
garrantziaz 19 horrek etxean itxita egoten behartu gaituen honetan?
Txikia da presoaren ziegako geografia eta hala ere handi egin gura
hartan bizi denak, denborak ez diezaion den baino txikiagoa egin.
Txikia da ohera beharturik dagoen Alberto lagunaren logelako
geografia orain, gurpil-aulkian orain arteko geografia ez lar handira
ere irteterik ez daukalako.
Txikia hirurogei metro karroko etxebizitzaren geografia, gurasoek
eta umeek elkarrekin abenturak egunean hogeita lau orduz asmatu behar
dituztenean.
Txikiak dira munduan orain mirariak gauzatzera beharturik diren
berrogeialdi honetako gehienon geografiak.Azalpen bila ibili bide ziren bikotekideak baldin bazeukan hilobira
eraman zuen gizonak zeren susmoa zen.
Aberatsagoenak, ez. Miguel Hernándezek esan bezala, “horiek ez
dira gu”.
Miguel Hernández, Elvira arreba eta beronen alaba |
Nikolasa Atxikallende Yturriren geografia txikia da, izatez, eguneko
honetan lantzen ari naizena, ez inondik ere Sabino Arana Goirirena.
Emakumearena zinez txikia izan zelako. Eta ahaztuta daukatelako
haren izena eta izana inoiz ahaztu behar izango ez zituztenek. Eta
haren izana ahaztuta daukatenetako beste batzuek haren izena zikindu
egin dutelako.
Izaki txiki zikindu edo bestela erabat ahaztu baten geografiaz ari
naiz.
Non bizi izan zen ezkondu ondoren?
Zein ere izan zen etxea, edo etxeak, Lordatik itzuli berritan Sabino
buru-belarri ibili zen bere ondasunak Bilbotik hara eroaten.
Halandabe Sabinok Bilbokoa ez zuen erabat utzi. Ezkondu ostean
emaztearekin, baina hara eta segitu zuen. “Esto de tener dos
casas”, esan zion Aingeru Zabalari hurrengo urteko gutunetako
batean.
Bilbotarrek-eta Sukarrietarekin mendeak aurrera egin-eta, beraneoa
zabalduz eta errotuz joan ahala ohitura bihurtuko zena baino ez zuen
egin Sabinok azken batean; hiri gogorraren eta aldea gozoaren artean
hara eta hona bizi.
Apirilaren zortzian idatzi zion horretaz Nikoleri, gaztelaniaz.
“Hemengo trastu denak behingoz horra ekarri gura ditut eta, bihar
goizerarte ez naiz itzuli. Gaur ez nagizu afaritarako itxaron. Jagon
zure burua eta zoaz goiz ohera. Idatzi eta irakurri egizu apur bat.
Gomutak. Zurea”
Zerbaiten susmoa zeukaten Sabinok eta andreak, ala topikoak ziren
jagoteko eta ohera goiz joateko aholkuak?
Susmo hutsa baldin bazen, gaur arte gorde direnen artean hurrengoa
den gutuna idatzi zionerako, susmotik ziurtasunera igarota behar
zuten. Halandabe gutunak ez zekarren oraindino zer den argitu ez
dugun horren aipamenik (amaitu baino lehen argitzea espero dut).
Ekainaren 15ekoa da gutuna, Madrileko Grand Hotelen sinatua. Goizeko
zazpietan iritsi direla, nobedade barik bera eta Ispizua, bagoi
berean, Ispizua bainua hartzen dagoela, berak laster, kalera irtengo
dela, bizarra egitera eta meza entzutera, hobe ez! Eta iluntzean
zortzietan Navalmoralera abiatuko direla, han Arzua dutela itxaroten,
eta Luis menditik hurrengo egunean jaitsita hantxe batuko zaiela: “Tu
amante marido”.
Navalmoral de la Mata |
Navalmoraletik idatzi zion hurrengoa, ekainaren hamaseian,
gaztelaniaz:
“Ene emazte guztiz maitatua: goizaldeko hiruretan iritsi gara,
iretargi zoragarriarekin (…) ezin duzu imajina hemengo eguzkiaren
gogorra, zelan erretzen duen. Zuhaitz bat ikusteko ere! (…) Bihar
atseden egingo dut eta etzi, astelehena, joan den astelehenean topatu
ziren meategiak ikustera joango gara”.
Cacereseko udalerria da Navalmoral de la Mata, tren bidez Madrili
aspaldi lotua. Hartan baziren meategiak, batzuk orduantxe ezagutuak.
Haien jabeekin negozioetan sartzeko joan ziren hara Sabino eta
gutunean aipaturiko besteak. Ramon de la Sotaren ordezkari, haren
aginduei edota jarraibideei men eginez, azken batean huraxe baitzen
esku artean zerabilten negozioetan ipintzeko dirua zeukana. Gutunean
argiro ikusten denez, meategien -pluralean- berri jakin bezain laster
abiatu ziren haiek ikustera eta negozio aukera aztertzera. “Meategi
hoberena ikustera goaz”, idatzi zion Nikoleri 18an.
Ez dirudi negozioa erraz bideratu zutenik.
“Herenegun ezinezkoa izan zen meategiei buruzko batzarra, batzuk
ez ziren-eta agertu ere egin” -28an esan zion, gaztelaniaz-, “atzo
bildu ginen, hargatik atzeratu behar izan dut etxera itzultzeko
eguna; gaur abiatuko naiz”.
Gutun berean ziotson susmoaren harira zetorren beste hau ere:
“Paulinak ez dit ezer esan aña dela-eta”. Itxura denez
bazeukaten halakoa etxean hartuta baina, zerbait gertatu zitzaien
harekin, hurrengo lerroan zera idatzi baitzion: “Izan pazientzia
eta eskaini egiozu Birjinari disgustutxo hau”. Zein disgustu? Aña
hark etxea utzi zuela? Ez daukat hala izan zenik esateko.
Eman dezagun aña hura Mundakakoa zela, artean ezkontaurrekoetan
zirelarik hartzea hitzartu zutena zela. Hartaz hurrengoak idatzi
zizkion Arantzadiri 1899ko irailaren 6an: “Interina / Nikole y yo
hemos estado esta tarde en Mundaka y hemos hallado una inmejorable.
De unos treinta años, agradable, que ha solido hacer de interina y
de enfermera. Casada. De pocas palabras. Simpática (…) mi
prometida (…) la ha tratado mucho”.
Gregoria
bi ezkondu ziren Mundakan 1890-1899 urte tartean. Biak 1893an, horra.
Bata 1868an jaioa zen
eta, beraz, Nikole baino bost urte nagusiagoa; bestea, 1872an jaioa,
Nikole baino urte bat gazteagoa zen. Sabinok “Nire emaztegaiak
harekin tratu handia izan du” esan zuenez, uste izateko da
bigarrena izatea, hots, Gregoria Antolina
Zorrozua Bilbao.
Harira baina! Zeren susmoa izan behar zuten 1900eko maiatzean,
ekainean, Sabino Navalmoral de la Matara joan zenerako, susmo
izatetik ziurtasun izatera igaro zena?
Arrosarioak errezatu ostekoez ari gara eta, baietz igarri?
Umea izateko bidean zen Nikole.
Bidea ez zuen osorik urratu andreak, jakina. Denok dakiguna da-eta
Sabino Arana seme-alabarik izan gabe hil zela. Eta Nikole?
Hor utziko dugu galdera, amutzat.
Lordakoaren berri emanez urriaren hamarrean idatzi zion gutunean
halaxe azaldu zion Arantzadiri:
“Y ahora qué le diré a V.? Que me encuentro muy bien en el nuevo
estado, y con mi dulce y sencilla compañera. Pero como este mundo es
un valle de lágrimas, la tribulación nos ha visitado ya,
privándonos de ver en nuestros brazos al primer fruto de nuestra
unión. A fines de Agosto, Nikole abortó de cuatro meses”.
Lau hileko? Abuztua, uztaila, ekaina, maiatza, apirila akaso... etxe
berrikoa izan zatekeen umea, jaio izan balitz.
“Pozez gainezko itxaroten izan dugu gure lehenengo semetxoa
-hijito-. Jainkoak ez du duintzat jo guri bizirik ematea -no se dignó dárnoslo vivo-. Bedeinkatua bedi jainkoa”, erantsi zion
gaztelaniaz. Halandabe ez zen horrekin konformatu, itxuraz. Hurrengoa
erantsi baitzuen:
“Sólo podemos decir que en las márgenes de esta ría han
ocurrido, que nosotros sepamos seis casos de aborto en estos últimos
meses. Nikole, afortunademente está bien”.
Zergatik guri? Jaungoikuak halan izatie gure izan daualakon! Ondo.
Santu-jaleak ziren. Halandabe Sabino gizon kultua zen. Mundako
medikua, Pako Arraindiaga aurreratua, lagun miña. Beste herrietakoak
ere ezagunak. “En esta ría”, hau da, ez zuen bakar-bakarrik
Sukarrietan edo Busturian galdetu.
- Sei aborto hile gitxiren buruan asko dira, gero!
Mundakako itsasadarra |
Zelan hartu naturak-edo legetzat ezartzen diguna. Izan sei aborto
denbora tarte laburrean eta leku guztiz mugatu batean, izan izan
izurriak hildako ehunka batzuk Euskal Herrian.
Jada, baina, ez dago naturarik. Humanitatea piztiak aberetzat
kortetan sartuta bizi izaten hasi zenez gero natura zibilizazioaren
parte da. Birusetako batzuk elkar-bizitza horretatik omen datoz. Eta
omen diot, Ojinaga kamaradak gainetik azaldu eta ikusteko gomendatu
didan dokumentala ikusi ez dudalako.
Eta natura eta zibilizazioaren iltzeari sakonago sakatuz, nire
buruari okerreko kolperen bat jotzeko arrisku eta guzti, aipa dezadan
eguerdian guasap zerrendetako baten bidez iritsi zaidan informazioa,
zera, arratoiak etxepean asmatzen dituela, estoldetan inoiz ez bezala
dabiltzala. Eta? Noski. Horiek gure zibilizazio honetan
arrakastatsuak dira. Are orain, noren presentziarekin izutu eta
halaxe ezkutatu beharrik ez duten honetan. Irten egin dira.
Zorionez beste txoritxo batek ere erakutsi du buztana, hegala,
burua, mokoa, txoriak! Haitzetan baino ez eta oso bakanetan ikusten
izan dudana da. Buztangorri iluna. Eguerdian. Etxe aurreko
semaforoaren inguruan. Naturarik zibilizaziora, zibilizazioak
txikiaren geografiara behartu gaituen honetan besteok euron geografia
zabaltzenago eginez.
Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 2020ko 30a
-----------------------------------------------------------
Azalpen bila ibili bide ziren bikotekideak baldin bazeukan hilobira
eraman zuen gizonak zeren susmoa zen.
1900
Otsailak 2: S. Arana eta Nikolasa Atxikallende Abiñako S. Anto-
nio ermitan (Sukarrietan) ezkondu ziren.
Martxoak 31: Higinio Goitia eta Josefa Markaidari erositako lu-
rren eskriturak egin zituzten notarioaren aurrean. S. Aranaren
izenean,
Paulina arreba ageri da.
Uztaila: Gobernadore zibilak euskal kutsuko aldizkariak eta elkar-
teak eratzeko askatasuna onartu zuen.
Comentarios
Publicar un comentario