2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XIV)
Telefonora nik eskatu gabe sartzen zaizkidan berrien artean,
goizaldean, COVID19k kutsaturik hil den batena, izan-abizen eta
guzti. Bere legezkotasuna -legimitatea- abizenetan eta are odol
kidetasunean sustraiturik omen daukan Espainiako Monarkiakoa da
-letra larriz-, hala edo zelan, hildako hori. Egungo Espainiako
Errege denaren lehengusina, antza, auskalo Borboitarrekin. Izenik ez
dut idatzi nahi, egunotan etxean sartuta bizi-eta ez dakidan gerta
horiek honen goiz tekleatzeak hatzetan, eskuetan, eskumuturretan,
besoetan, nik dakit ba non ez, kalteren bat gerta ez dakidan. Itxuraz
beste batzuei Sabino Arana aipatu baino ez-eta gertatzen zaienaren
antzera. Ez zaio ba buelta gutxi eman abizenen kontuari, maketoen
inbasioari eta abarrei. Gure aitak, gaztetako anarkismotik jauzi
eginez bizi izan zen azken hauteskundeetan EAJri eman zion botoa.
Horra preso lan behartuetara kondenatuak, langile arrunt esplotatuak,
andaluzak -eta abar-, nondik pasatu zuen fundatzailearen doktrina.
Pentsatu nahi dut gure ama muinetaraino gerra aurreko jeltzaleak
zerikusia izan zuela. Beldurrak ere izango bere zuen eragina.
Tejerorena izanda ez luzera hil ziren biak.
Harira!
Abiñagako ermitan -zilegi bekit inguru osoari Abiñaga esatea,
halaxe egin dezadan aholkatu didatenez gero- 1900eko otsailaren bian
goizeko zortzietarako bildu ziren haien artean bazen bat abizena
aldaturik zeukana. Luis Arana, Koldobika, haren emazteak. Eguaraz
abizena jarri zion bere buruari, lehengoaren ordez. Euskaldunagoa
zelakoan. Bestela beste denak ehunetik gora apelidu basko-jator.
Tamalez ez zeuden hainbeste apelidudun denak han.
Esan bezala, Atxikallende Yturri haiek zazpi seme-alaba ziren.
Jaiotzaren ordenan bigarren umea zen Francisco, 1896an hila zen.
Laugarren umea zen Pia, hamalau urterekin hil zen. Bosgarrena,
Gabriel, 1867an jaioa, bizirik zen arren ez zen ezkontzan izan.
Lehengoa eta laugarrena geratzen ziren: Gregoria eta Mónica. Hartara
gonbidatua nagusia izan zen, Gregoria, 1857 jaioa eta 1885an,
Sukarrietan bertan, Julián Ugalde Mendozarekin ezkondua.
ABIÑAKO ERMITA |
Orain arteko hau kontatu izana ez dut hala dela-eta kontatu, datuak
ematearren-edo. Sakoneko kontu birengatik kontatu dut Nikoleren
etxekoena. Lehena, ikus dezagun zein erraz edo, nahiago bada, zein
gazterik hiltzen ziren orduan seme-alabak. Aranatarrek eurek bazuten
horretan eskarmenturik.
Lehenengo umea ama erditzean
hil zen; Nicomedes Dolores izena jarri zioten, post
mortem. Bigarrena
jaio eta hamabost egunera hil zen; Tiburcia Ramona bataiatu zuten.
Hurrengoa, Lucila, 1845an jaio eta 1893an hil zen, tira! Hurrengoa,
Francisca, 1847an
jaio eta 1922an hil zen. 1851n jaio zen Juan, eta 1882an hil. Paulina
1859an jaio zen, eta 1921ean hil; ezkontzan izan zen, hurrengoa
eta azkena zen beste
Arana Goiri harekin, Luisekin.
Heriok
sartu-irten ugari egin zituen etxe bietan, Abandokoan eta
Sukarrietakoan. Sabinok eta Nikolek haren itzala txitean-pitean
ikusten zuten, esku-hutsik
sartu eta norbaitekin irteten.
Esan beharrekoa da hau,
egunotan Herioren jantzi berri, ez hain berri, beldurgarri, ez hain
beldurgarri, halako batekin etorri baitzaigu.
Horiez gain, Sabino bera,
bere berrogeialdikoa igarota zegoen. Eta ez nolanahikoa. 1881eko
ekainaren hamaseian azken olioak igurtzi zizkioten, hantxe hilko
zelakoan, ustez hetika -tisia- zen gaixotasun azkar-bizkorrak jota.
Hurrengo urte bietan, ikasketak bertan behera utzita, etxean
konfinaturik bizi izan zela esan daiteke. Eta 1883an, aita hiltzean,
ikteriziak jo zuen.
Ez zela ondo sentitu ezkontzako egun hartan? Eta noiz sentitu zen ba
ondo gizona? Hartan behintzat berak nahi izan zituenak ziren han bere
ondoan. Mónica, esaterako, ez zegoen. Eta hain zuzen ere horixe,
familiaren trapu zikinak hartan ere gakoan eskegi zirela adieraztea
izan da sarrerako guztiaren bigarren motiboa.
Ez zegoen ereduzko familiarik. Bazen herra, herra nahikoa zaharra.
Gorrotoa ez esatearren. Herra eta gorrotoa, gorrotoa eta herra, ez
ditu elkarren sinonimotzat jotzen. Bestalde ezin dena hitzen bidez
adierazi. Sabino Aranak Abiñaga zapaldu eta hartan ostatu hartu zuen
kasik egun berean ernaldu zela izenik ematen ez dakigun zera, gero
sekula ihartuko ez zen pozoi-landarea.
Sabino Aranak Abiñagan egin zituen lehen bost hilabeteetan femme
de chambre -gizonak polito jakin behar zuen frantsesez, Baionan
ikasi baitzuen- harekin maitemindurik -Mónicaren beraren ondorengoen
araberako ahozko iturriekin bat beti ere-, hura berriz handik ez
luzera beste batekin ezkondurik eta azkenean ume baten ama eginik, ez
zuten ezkontzara gonbidatu. Herra eta gorroto hitzak aipatu ditugu,
ostera, eta azalpena merezi dute.
BAIONA |
Herraren aipamenik literalena 1899ko azaroaren batean Sabinok
Nikoleri egindako gutunean dago. Dirudienez gutuna emaztegaiak igorri
dion azkenari erantzunez dator eta, esan dezadan, bide batez,
horrelakoxe zeharkako aipamenei esker ari garela absentearen
erretratua egiten, hots, badirela jakin badakigun baina irakurtzerik
ez daukagun gutunei buruzko aipamenoi esker.
Badirudi urriaren hogeita hamarra baino lehenago, bezperan
ziurrenik, Sabin-i egindako gutun bietako batean behintzat
Nikolek senargaiari Gregoria ahizparen planei buruz galde egin ziola,
eta horri hark hurrengo egunean erantzun ziola esanez “Sukarrietan
zer jazotzen den esateko diostazu?”. Gaztelaniaz. “¿Tanto te
apura el saber si Gregoria ha ido á vivir á la casa nueva ó no?”
Gutunaren jarraipena unetxo batez bazterturik gera gaitezen aipamen
horren oihartzuna aditzera.
Badirudi Abiñako etxauntzatik aparte beste etxe bat eraiki zuela
hangoetariko norbaitek, Gregoriaren senar Julianek beharbada.
Beharko. Abiñako alabetako bi, Gregoria eta Mónica, ezkonduak
izateaz gainera, seme-alabak ere bazituzten eta. Gorde diren
argazkietan ikusten da Abiñako etxe nagusia eta hari atxikirik beste
bat. Hori ote zen etxe berria? Ikusiko da, ez daukat argi. Dena dela
logikoa ere bazen ezkonduek etxea nahi izatea, baita Sabinok eta
Nikolek ere, aipatzen ari garen gutunean dioenarekin bat: “¿Se te
ha ocurrido que prodíamos vivir nosotros en ella hasta concluir la
casa?”
Badirudi Nikole eta Sabino beren artean aipatzen ari ziren etxe
berria norbaitek -Gregoriak eta senarrak, Julianek?-, Busturiako Axpe
auzunean egin zuena ere izan zitekeela.
Bide batez, anaiak egin behar zien txalet-tzar hura, hemen jada
aipatua bera, eraikitzen hasita ere ez zeudelakoan nago, baina tira.
Gutunari ekinez, Sabinok hemen lehenago aipatu dugun susmo bat
berresten digu gutuneko hurrengo lerroetan: “Pero ya te dije en mi
última que no voy á preguntarte nada, pues a ninguna pregunta me
contestas. Casi dudo que de que entiendas mis cartas. Si las
entiendes, eres lo más notable que puede hallarse -azken hori, egia,
ez zen Sukarrietako aldeana batentzakoa-, pues no me contestas, y así
la mayor parte de mis cartas resultan imbéciles.”
Ildo beretik zetorren gizonaren hurrengo gutuna, azaroaren batekoa,
halaxe hasten dena: “Mi muy graciosa Nikole: Anoche al venir a
cenar me encontré con tu chistosa carta”. Hurrengo lerroak
Nikoleren azken gutunaren edukiaz hitz egiten digu: “Conque ¿tus
deseos de saber si tu hermana Gregoria ha mudado de casa eran porque
la quieres mucho, eh? ¿No será porque quieres poco á Mónica”
Zorrotz ari zitzaion senargaia. Bada, are zorrotzago da, eta
Nikoleren barrunbeetan sakonagorakora doana, horren ostean zetorrena.
Luzeago da baina, merezi du:
“Algo ha debido de llegar a tus oídos y debes de saber tú,
corderito mío, que el panadero quiere tomar la casa de Gregori, para
lo cual le ha pedido que le haya (sic) un horno en la planta baja.
Pues te advierto una cosa: corona, y es que si la panadera -Mónica-
va a vivir a la casa nueva casi tendrá mejor casa que la nuestra y
así ella aparecerá una señora, mientras que tú parecerás lo que
eres: una pobre aldeana”.
Burrundararen ostean, Sabinoren eztena Nikoleri igartzen dizkion
sentimenduen bihotzera doa, zizt!
“Sin duda a tí te importa poco casarte pronto conmigo: lo que te
importa es que no sea la panadera la que vaya a vivir a la nueva
casa. ¿No es así, Nikotxu?”
Horra ahizpen arteko herra agirira ekarrita. Agiriagorakoa gutunean
aurrera egin ahala: “Pues bien, angelito mío: no debes guardar
rencor á nadie, que es cosa muy fea, que es cosa que Dios prohibe y
castiga, y es cosa impropia de un corazón noble y bondadoso como el
tuyo”.
Gaitz egiten da bereiztea zer duten hitzok ironiatik, zer egia
zintzotik. Nikole mindurik dena, ondo daki Sabinok: “Si Mónica nos
ha hecho mucho daño y no te quiere como hermana, súfrelo con
paciencia (…), perdona á tu hermana y pide á Dios que la perdone
y que la haga muy buena y feliz.”. Eta geroago, beste hau: “y que
Mónica vaya á vivir a la nueva casa y alégrate de ello”. Eta
otoi egiteko diotso: “(...) un Abe Marija, para que Mónica se haga
muy rica, muy rica”.
Gutuna osorik jarraian irakurtzekoa da, Sabinok orduko ohiturez,
hala nola gazteek kalean elkar gerritik hartzeaz-eta besteak beste,
luze hitz egiten baitu. Errematerako azkenean hitzok idatzi zituen:
“No les acostumbran á juzgar seriamente el asunto y los dejan
abandonados á su instinto natural -gurasoek ezkontzari buruz
seme-alabekin hitzik ez egiteaz ari zen-, y bien sabemos que la
naturaleza humana está, por su primer pecado, inclinada al mal.”
Bilbo 1900ean
|
Ez zegoen Mónica gonbidatzerik. Ez zedin gerta bazkalostera
iristerako agerira etortzea, ezkontza askotan ohi bezala, herrak,
gorrotoak, zor zantarrak izaten diren zor zaharrak, ezin ikusiak,
gaizki ulertuak eta sekula ez-barkatuak eta liskarretarako bide
izaten diren halako besteak. Gerta izan zitekeen halakorik, auskalo,
ezkontzara Gregori gonbidatuta ere, huraxe izan baitzen, ezin beste
ahizparik izan, goizeko zortzietako hartara gonbidaturik zegoen
ahizpa.
Gregoria, mendea amaitu baino lehenago, geroagokoak ezin egoera
honetan kontsultatu, bost seme-alabaren ama zen. Bostak Busturiako
Axpen bataiatuak, han ote zeukaten “etxe berria”? Baietz dirudi,
laster ikusiko dugunarekin bat. Oraingoz esan dezagun hirugarren
semeari, 1898ko ekainaren 23an jaio bera, Sabino izena ipini ziotela,
eta ez dakidala kasualitate hutsez ala ordurako Sabino handia,
Bilbokoa, hango lursail bi erosita zegoelako izan zen. Ala etxeko
ezkongabe bietako batekin ezkontzeko asmoaren berri inguruetan
bazekitelako izan zen izenarena? Ala ez ote zen motibo biengatik
izan?
Batek daki.
Dena dela ez zen harrigarria izango. Mónicarekin ere baketzekoak
egin zituen Gregoriak, Sabinok Nikoleri beste gutun batean azaldu
zionarekin bat: “De Abiña he ido á ver Gregori y Sabintxu. Este
estaba durmiendo. Según me ha dicho Gregori, arrienda la casa al
panadero por 55 duros anuales. El coste del horno pagarán á medias.
La casa con horno y todo, les vendrá á costar á Gregori unas 5.000
pesetas. De manera que vendrá á ganar justamente el 5,50 por 100:
euneko bost eta erdija. Es bastante sacar para propiedad de aldea”.
Beraz, Abiñatik Gregori eta Sabintxu ikustera joan baldin bazen,
seinale Gregori ez zela lehenengo hartan bizi. “Etxe berria”
Axpekoa zen. Mónicaren lau seme-alabak hartan jaio ziren. Gero, esan
bezala, Cardiffera aldatu zen familia osoa.
Axpeko Auzoa (1915) |
Harrez gero elkarren enetik aldendurik ahizpak, agur herra eta
gorroto bideei.
Haziak ereinda zeuden, horregatik.
Ahozkoan iraun egin du orduko esamesen batek edo bestek.
Gurago izan omen zuen Sabinok Mónica Nikole baino, baina, zera,
nahi ez bilbainitoarekin aldeana zaharrenak.
Edonola ere behin Nikolerekin ezkonduko zela erabakita ez zirudien
Sabino esku-liburuetara pasatzea mereziko lukeen senargai-eredutik
aldentzeko asmorik zeukanik. Aipatu dugun azken gutun horretan
konejuei buruz hitz egiten zion, bihotzetik bihotzera bezala:
“Los dos conejos se han escapado de la isla. Al uno lo atraparon
los de Santarena -hango gertuko etxaldea- y lo comieron
tranquilamente. ¡Que buenos amigos son los de ese caserio! Al otro
lo encontraron los perros de Marcos, yendo éste de caza, y recibió
un tiro”.
Errukigarria ahots pasibo hori konejuaren heriotza bortitza
aipatzeko. Eta hala ere agintzaile azken lerroan gizona: “Para el
Gabon vendrás á casa. Así se lo he dicho á tu madre.”
Ordu honetan, 12:15, Mundakako txistulari ezaguna etxeko leihoak
zabalik txistua jotzen hango beste aldeko frontean. Errepertoriokoak.
Bejondeiola!
Gregoria zeremonian izan zen.
Sukarrietan egin zen haren ostean tartetxo bat igarotzen utzita
bazkaria egin zuten. Ezkontzakoak beranduenez jota bederatzietan
amaituta eta orduko ohitura zena betez bazkaria eguerdian izan baldin
bazen, hiru ordu zeuzkaten. Lehenagokoetan esan legez haraino
bolanderak eta txupinak su eta fuego jaurtiz joan zen Luis anaia,
Koldobika.
Hark ere ereinda bide zeukan herraren hazia. Lehenengoetan
ezkontzaren aurka arreba bezala grinatsu agertu ostean, ordurako
anaiarekin bakea eginda zegoela eman arren. Bestela ea ba noren
ahotik irten ziren Nikoleri buruz senarra hil ostean zabaldu ziren
faltsukeriak.
Bazkaria baketsua izan zenetz, ez dakit. Non izan zen ere ez da
geratu idatzirik. Nire ustez Txatxarramendin izan zen. Karlisten
ohitura zen San Roke egunean Gernikan biltzea eta ekitaldi politikoen
ostean bazkaltzera hara joatea.
Txatxarramendiko hotela eta osagarriak 1896an amaitu zituzten
egiten. Jabea Gandarias huraxe zen. Sabino Aranaren aurkari zuzena
politikagintzan, harenera joan ote zen ezkonberria ezteietako
lehenengo eguerdian. Madozen hiztegiaren arabera XIX. Mendea aldera
erdi aldera “benta” zeukan eta, uste izatekoa da mendearen azken
aldera, trenarekin eta turismo-usadio berriekin, ez zela non
ezkontzako bazkaria egin falta izango. Parajearen ederra orduan!
Txatxarramendi 1900 urte
aldera
|
Gogoa egiten zait haraxe joateko. Txatxarramendira derrigorrezko
etxean egote honek hari egin bide dizkion mesedeak ikustearren.
Bego.
Asko gara munduan. Naturaren kontuak egiteko Txatxarramendi inguruan
pertsona bakoitza bat, edo bi, edo hiru, edo lau, edo bost, edo batek
zenbat izaten da.
Bertan bizi dena, bat bakarra dena. Urtean zehar Bilbon eta udaldian
han bizi dena, herrialdearen antolamenduaren aldetik bi dena. Urtean
zehar Bilbon, negualdian tarteka eski-lekuan eta udaldian bizi dena,
naturaren eta herrialdearen antolamenduaren aldetik bi eta hiru dena.
Hiru izanik lau izatera igarotzen dena, tarteka asteburuak estranjeri
aldean pasatzen dituelako. Ea abar. 19 Adarbirusa? Laborategitako
asmakeria? Ez adarrik jo! Ikusiko duzue horrenak igarota gero berriro
larrupe berean bi-hiru-lau-bost direnak -baita ere makien aldetik:
autoa, 4x4koa, ur-motorra eta itsasontzitxoa atunetarako, adibidez-
beren jaujau! mundura itzultzen direnean.
Zeren eta irudi baitu honen ostean pobreak pobreago eta aberatsak
zein aberats gurakoak, larrupe berean lau diren horiek, lehengora
itzuliko direla. Hainbeste mezu ergel sareetan, oraindik ez dut ikusi
“damu naiz” dioenik, aberats txaletero natura hondatzaile
urdaibaiero bakar bat ere ez dut aditu “zer egin dugu?” esaten.
“Izaitetik
hek bezala / Ortzi jaunak zaint'
nazala”.
Gaur Mirande tokatzen da.
Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 2002ko martxoaren 28a.
Comentarios
Publicar un comentario