2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XIII)
Salvador Etxeita |
Alternatiboen ezkontza
Gogoan daukat Demikuko ezkontza. Ezkontideak, jonki ohiak. Ermitan
baina. Eta abadea, progrea. Gurasorik ez zen etorri. Batek ama zeukan
bizirik. Beata hutsa, gazteri alargundua. Besteak ere bizirik ama
zeukalakoan nago.
Arratsean izan zen. Demiku non den ez dakienarentzat, Mundaka eta
Bermeo arteko harako muinoan, itsasoa ikusteko apartekoa lekua.
Udalerriz auzunea Bermeo da, eta Elizaz Mundaka. Halaxe, Mundakan
abade zegoen Javier izan zen zeremonia bideratu zuena. Kanpotik
jarraitu nuen, tarteka.
Ez daukat gogoan han izan ginenetako zenbat eroan zituen handi ez
luzera beste VIH orduko Herriaren Etsaiak. Txitxo daukat gogoan, zein
roilo ona zeukan. Ikusi egin nuen, kasualitate hutsez ikusi ere,
etxetik anbulantziara eroaten.
Elkar agurtu ginen.
Eskua luzatu nion.
Oraingo honetan Ezan izango genukeen halakorik egin.
Beste batzuk astiroago joan ziren. Eta niretzat modu isilagoan, ez
bainituen handik aurrera askotan ikusi. Ez eta gau hartan edertasun
itsugarri bat erakutsi zidan hura ere.
Nahi izan zuen. Jakin nezan zer zeukan.
Behin batekoa baino izan ez zen hartaz ere naiz ahaztu. Egiptoko
harrietan zizelkatu edo ebaki zituzten perfekzioek, hari ostuak
dirudite.
VIH harenak argi utzi zigun garrantzikoena zera izan zen, sistema
honek, kapitalismoak ez duela bihotzik. Handik hona ez diote organo
horren transplanterik egin-eta -nondik, zein beste sistematatik?
Kubako medikuen irudiak Italiara iristen iritsi zaizkit,
hunkigarriak!-, sistema honek bihozgabe segitzen du, orain
globalizazio bezalako globo-hitzekin entretenituz bihotz oneko jende
jostariak.
Esango nuke bihotza zela abade hark, Mundakan gazteen artean
arrakasta izan zuena ni neu nerabea nintzelarik, maizen erabiltzen
zuen hitza.
Bizi da oraindino abadea.
Abade progreak jada federik gabeko kristau bataiatu progreak
ermitetan ezkontzera makurtzen, egokitzen?, ziren. Azken batean
artaldeko galduak elizaren abarora itzultzea zen. Iluntze batez baino
ez bazen ere. Ereintza.
Demikuko ermita |
Bada, iragan mendeko 60ko hamarkadan modan jarri zena egitekotan
ziren Sabino Policarpo Arana Goiri eta Nicolasa Achicallende Yturri.
Ermitatxo batean ezkontzea. Ermitatxo pribatua gainera.
Tradizioak dioenez, eukalipto ale bat landatu zuten.
Ez zaitezte ikustera joan.
Duela urte gutxi batzuk bota dute.
Nork, aurrerago kontatuko dut, ez baita sinistekoa.
Kontatzen ari naizen bezala ez zen erraza izan ezkontzarena. Ezin
konta ahala oztopo behar izan zuten gainditu. Lehena Sabinok berak
Nikoleren apeliduarekin ukan zuena. Lehenengoetan ez zion euskarazko
jator garbia izan. Allende hura!
Zorionez hori ez zen abizenaren jatorrian zegoen Atxika etxearen
historiari loturiko huskeria bat baino. Zera, ba omen zen Errigoitin
Atxika izeneko etxea baina, beste Atxika bat bazenez, harago-edo,
harago hori “allende” itzulirik erdaltzale halakoek, Atxikallende
egin bide zuten. Emaztegaiaren erroetan ibili zen Sabino egia
sakonaren bila, eta halaxe topatu zizkion Nikoleri ehun eta hogeitaka
erro euskaldun.
Aberriaren lurretan sustrai ezin bikainagoetatik ernaldua zen lore
hura.
Edonola ere kontua ez zegoen guztiz garbi. Atxika-allende, ez al zen
mistoa?
Bai. Eta? Hona zer ziotson Sabinok Arantzadiri orain artekoan
hamaika aldiz aipatu dugun gutunean, hain da-eta argigarria delako
gutuna:
“Acordado estaba en
el partido nacionalista de acá que los mixtos se han de tener por
puros euskéricos para los efectos de clasificación de los
individuos: pero así y todo estaba yo muy intranquilo. Me propuse
recorrer los libros de bautizados antes de que transcendiera al
público...”
“Bizkaian bakana den apelidua”, halaxe esan zuen Atxika hartaz
Maisuak.
ERRIGOITI |
Ezkontza noiz egin lotzea ere ez zen erraza izan, esanda nago.
Badirudi halako batean Nikole zuzen-zuzenean galdetzen ausartu
zitzaiola, Sabinok erantzunez hurrengo idatzi baitzion azaroaren
seian, “Nikole mía” sarreraren ostean:
“He recibido tu carta
de ayer. ¿Quieres, pues, que te diga cuando (sic) se va á casar
Sabin? Ahora mismo te lo diré. Si Dios quiere, Sabin se casará tres
o cuatro semanas después que Nikole salga del colegio (…) Saldrá
cuando haya aprendido bien la Doctrina Cristiana, á leer bien, á
escribir con facilidad, á tratar á las gentes, á hacer cuentas y á
remendar bien la ropa”.
Beterik zegoelako ikasketa programa, eta erabat beterik ez bazen ere
gaixorik zegoelako Pygmalion, zergatik ere izan zen, ezkontzaren
eguna, esan bezala, erabakita zegoen. Urtarrilaren zazpian,
hamalauan eta hogeita batean, hirurak igandeak, proklamak argiratu
ziren, Abandon eta Sukarrietan, bietan.
Adituta nago proklamak esaten Mundakako elizan. Niri neuri dardara
moduko bat eragiten zidaten, hain begitantzen zitzaizkidan solemneak.
“Halako eta halako ezkontzekotan direla eta inork horrekin
eragozpenik edo horren kontrakorik izan, eduki edo jakin baleza...”
Irudi zuen hangoen artean norbait zutundu eta esango zuela: Neuk!
Hargatik dardara. Eta hizkuntzaren beraren solemnetasunagatik.
Erdaraz izaten ziren proklamok, jakina.
Gabon jaietarako Pygmalion libre zegoen.
Libre-edo.
Hogeita hiruan hura eta bere Higgins partikularra Loiolara joan
ziren, exerzizio laburrak egitera. Hiru Egunekoa, triduoa,
egitera. Trenez, agi denez.
Bilboko Atxurin hartuta trena, Zumaiara, eta Zumaian zalgurdia edo
bestela diligentzia hartua, Loiolara. Artean eraiki gabe Urolako
trena, 1920an inauguratua.
Elkarrekin bidaiatuz eta ostatu hartuz hala ibiltzen zirelarik ezin
egiazkoagoa zirudien Arantzadiri zorioneko gutun hartan esan ziona,
alegia, “nada nuevo nos traera a nosotros el matrimonio como no sea
lo que Dios sólo por este sacramento permite y ama”.
Bost aste falta ziren
hartarako.
Atxuriko geltokia |
Konpondu beharreko beste alderdi bat abadearena zen. Ezkontza
Nikoleri zegokion parrokian egitekoa izan balitz, Sukarrietako Ander
Deunaren elizan alegia, edo bestela Sabinori zegokion hartan, San
Bixente -egun Done Bikandi!- parrokian hain zuzen, arazorik ez.
Ermita hartan, baina. Nongo distopia zen hura? Ez ziren XX. mendeko
60ko hamarkadan bizi.
Hariak mugitu beharko ziren. Bateko eta besteko presbiteroek ermitan
egiteko baimena eman beharko zuten, argituko beharko zen ermitak
bazeukanetz ostia-ogia Kristoren odol eta haragi bilakarazteko -ez
nabil adarra jotzen- ezinbestekoa zen harria, aldareko harria, “ara”
deritzotena, inskripziorako paperak eta liburuak bertara eraman
beharko ziren edo bestela zeremoniaren ostean parrokiara joan, ez zen
bideratu beharrekorik falta.
Serapin Albizuri abade alderdikideari idatzi zion. Ezkontzako
abadea izateko eskatuz eta eguna aipatuz: otsailaren
bia, goizeko zortzietan.
Katolikotasunaren
aginduak ezagutu ezean orduari, goizeko zortziak, egungo beste
ikuspegi batzuetatik begiratuz zorakeria iritz dakioke. Alabaina,
ezkongaiek ezkontza-mezan komunioa egin beharra zeukaten, eta
komunioa egiteko zenbait ordu barautan egin beharra zegoen. Mokadurik
egin gabe eta, estuenek, urik ere edan gabe hartu ohi zuten Kristo
berragituaren odola eta haragia zen ogi legamiagabe -ostia- hura.
1900. urtean komunioa egin aurreko baraualdia gauerdian hastan zen,
hau da, aurreko eguneko hamabietan. Eta egon ere kontakizun honetan
1900ean gaude. Ezkontzaren orduaren berri ematen dioneko gutuna urte
horretako 22koa da.
Ezkontza egunerako hamar
egun falta eta abaderik ez oraindino. Eta
dirudienez galde
egindako Albizuri haren aldetik ezetza
hartu zuen. Norengana jo? Zamudio-Arteagara, dirudienez.
Serapin
Albizuriren liburua
|
Abadearena senargaiak noizko eduki zuen lotuta, ez dakit. Zazpi egun
lehenago? Goitik jota hori. Ezkontzarako bost egun falta zirelarik,
urtarrilaren 28an, ezkongaiak Bilbon ziren, eta hantxe ospatu zuten
Sabinoren urtebetetzea, 26an izana. Azken horretan Loiolan ziren.
Hiru Egunekoa egiten. Hartan zirelarik konpondu ote zuten auzia?
Senargaiek ezkontza bezperetan izan ohi dituzten nerbioak, hutsaren
hurrengoak bikoteak izan zitzakeenen aldean.
Zeremonian abade egon zenaren izena ez da gorde.
“El cura de Arteaga”, idazten dute biografoek, kito.
Jakitekoa litzateke Gautegiz-Arteagan zenbat abade ziren 1900ean.
Beti aipatu izan den Arteaga horixe balitz, Arratikoa barik.
Topatu dut nor egon zen Arratikoan abade urte hartan, San Martin
parrokian: Domingo Ignacio Abona. Bestean, jai artxiboetan.
Historiarako izen bat litzateke.
Norbaitek haur irakurriz gero, noski. Osalanekoek, ez du ematen.
Aldamioetan gaur eguerdian bi ari dira, soldadurak egiten.
Interneten bidez Bizkaiko Foru Agiritegian barrandatuz atera ahal
izan dudana hutsaren hurrengoa izan da, zorionak dena dela nire
buruari -Zorionak, Jimenez jauna!-, ahaleginagatik. Berrogeialdiko
denbora-pasak.
Abadearena konpondurik, alternatiboen ezkontzarako aita-ama bitxiak
beharko ziren, hartan ez zegoen hippyena egiterik, ezta nahi ere.
Senargaiak, amarik ez-eta, amabitxitzako arrebetako bat har
zezakeen. Halaxe egin zuen. Bizi zitzaizkion arreba bien artean,
Francisca eta Paulina, berau, gazteena, izan zen hautatua.
Emaztegaiek aita hartu ohi zuten aitabitxitzat. Ari garen kasu
honetan ostera horren aldeko hautua egitea arriskutsua bide zen.
“Pozaren pozaz” -Sabinok
halaxe esan zion gaztelaniaz Arantzadi 1900eko urriaren 10eko hartan-
“ez zuten ahoa itxita eusten jakingo”. Beraz, hobe ezer ez
esatea eta, horretarako ezin aita-ama bitxi izango zirela esan.
Noiz arte eutsi ahal izango zioten hainbesteko sekretuari
ezkongaiek?
Niloren aita-amek, eta era berean etxeko besteek ere, ezkontzaren
goizean bertan jakin zuten, behiak jetzi ondoren edo, zeremonia
handik gutxira izatekoa zela. Zortzietan.
-Zortziretan, ene bada! Eta zer ordu da, ba?
Ezin, bada, aitabitxi Nikoleren aitak egin. Eta ez zeukan nebarik.
Zer egin?
Aitabitxia Luis izan zen, anaiak ordurako Koldobika bihurtua.
Horiez gain, Nikoleren ahizpetariko bat -hiru zituen eta, gero
esango dut zein-, lehengusina bat eta Sabinoren lau loba izan ziren
Abiñako San Antonio ermitan Kandelari egunean goizeko zortzietan.
Goizegi? Baraurik egon beharraren aldetik baita berandu ere.
Halandabe eskerrak. Senargaiari ez zitzaion-eta erraza izan egun
hartako goizaldean jagitea. Bezperan makal sentitu omen zen, baita
emaztegaia ere. Hotzeria larria, egun trankazoa esaten diotena.
“Al volver de Bilbao acá la víspera de la boda me sentí malo en
el tren, de suerte que no me senté a la mesa a cenar con mi novia,
mis hermanos y sobrinos. Ya tenía el trancazo a cuestas: por lo
aparatoso de los primeros síntomas (nauseas fuertes) más parecía
tifus o catarro gástrico”.
Zenbatekoa Bilbo-Sukarrieta tartea? 1908an, eta uste izatekoa da
lehenago ere, Correo trenak ordubete eta hiru laurden eta mistoak
ordu bi eta minutu bi behar izaten zuten. Pentsa trenean larrituz
gero. Harritzekoa ez zena. Haiena bai aztoramena eta zorabioa.
Ezkontzarako jantziak isilpean ekarri zituzten. Larri sentiarazi
zuen tren harexetan ziurrenik. Azken trena 19:15ean izaten zen eta,
pentsa negu gorrian, berokuntza sistema kontrolaezin harekin. Hori ez
bazen aurrekoan izan, Bilbon 14.24an abiatzen zen arratsaldekoan. Ala
goizeko bietako batean izan zen? Jantziak isilpean ekarri zituzten,
bada, “emaztearen etxera” -azaldu zion Arantzadiri 1900eko
urriaren 10ean egindako gutunean-; “hantxe jantzi ginen, eta inor
ez zen ohartu harik eta aktoa
amaiturik egon zen arte”.
Ezkontzaren emozioa tarteko izanik ere Sabinok ez zuen onera egin.
“Ezkontzaren eguna tenteldu eman nuen, burua hutsik baneukan
bezala”, aitortu zion Arantzadiri. Tenperaturak Bilbon 20º eta 1º
-itzalpean- artekoak izaten ari ziren otsaileko hasiera hartan.
Ermita ondoan goizeko zortzietan hurbilago egongo ziren 1º hartatik
bestetik baino.
Arantzadi berari esan zion hurrengoa ere:
“Beste ahaide batzuei eta lagun hurko batzuei ez dizkiegu
honelakoetan ohikoak diren abisuak helarazi. Horietako batzuk
tintontziaren uztearen beldur nintzen. Senideren bat edo beste
haserretu egin zitzaidan. Lagunetako batzuek ostera opariak egin
zizkidaten, abisua hartu ez izan arren”.
Arantzadiri 1900eko urriko hamar hartan eginiko gutunean Sabino
Arana alternatiboa bere hoberena ematen ageri zen. “Creí, como
siempre, que en estas cosas debe romperse con la rutina y moda, y
ajustarse a la razón, y por esto omití el aviso”.
Iragan mendeko hirurogeiko hamarkadan indar hartuz joan zen joera
haren aitzindaritzat jo litezke hitzok. Askok eta askok sina
zitzaketen, gehien-gehienek esan egiten zituzten.
Beste motiborik ere bazeukan Sabino Aranak hala erdi edo oso
ezkutuan ibiltzeko.
“Sukarrietara itzuli ginen -ziotson Arantzadiri-, bazkaltzera,
kohetez eta txupinez zeruko hegazti guztiak izutuz. Bitxia zen Luis
han ikustea, txisteraz eta lebitaz, koheteak botatzen. Banekien nik
asko zirela Gernika, Mundaka eta Bermeon ikustera etortzeko asmoa
zeukatenak, ikustearren zelan ezkontzen nintzen aldeana batekin, eta
ez nien gustua egin gura izan”.
Erabaki gogorra Sabino Aranera.
Mundakan zeukan alderdiak bere lehenengo alkatea, 1899 maiatzaren
14ko hauteskundeei esker hautatua. Salvador Etxeita, Jose Manuel
Etxeita kapitain idazlearen seme bakarra, horra. Edo harekin batera
lehenengo Bizkia Buru Batzarrekoa izan Fabián Ispizua beste
mundakarraz. Eta ezta horiek ere. Zer esan bada Arriandiagaz eta
besteez. Aingeru Zabala eta Arteagoko bost zinegotziaz. Edo Bermeoko
beste bostez.
Hura benetan, ezkontza alternatiboa izan zen.
Halandabe izan ziren ezkontza haren beste inguruabar eta nondik
norakoetan tradizio-tradiziokoak ziren beste gorabehera batzuk.
Esaterako, haserrekuntzak eta bekaizkeriak.
Bostak jota. Balkoira irten naiz. Udaltzaina hortxe, bidegurutzean,
zutunik; autoko argi birakariak piztuta. DYAko ibilgailu bitxi bat,
txikia. Horren ostean beste bat; gaixoak mugitzekoa, ez da
anbulantzia ohikoa, handiagoa baino. Egoitza iristeko zer egin behar
duen esan dio Andonik, udaltzainak, txoferrari.
Berrogeialdiko mugida gogorrak etxe parean.
Ez dira gogorrenak, inondik ere, ez naiz kexatzen.
Zera da, lehiotik begiratuta itsasoa gaur hain dagoela eder, elizako
kanpaidorre neogotikoa hain dotore eta han bestaldean tenisean ari
diren biak hain John Cheever-en narrazioren batean bezala, ze munduak
mundu ez dela ematen du. Hain gitxi gara! Udaltzaina, hari parean
geratu zaizkion auto bietako txoferrak, tenisean ari direnak,
aldamikoak eta ni neu.
Balkoira itzuli naiz.
Orain Andoni eta biok baino ez gara. Desagertu dira besteak.
Berriro joango naiz balkoira.
Ziur nago udan Andonik isunen bat edo beste barkatuko didala.
Orain kuxkuxean legez egiten diodan konpainia eskertuz.
Ez dut anbulantziarik zenbatu nahi. Orain arte sei, uste dut.
Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 2020ko martxoaren 27a
Comentarios
Publicar un comentario