2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (XII)
Printemps (Paris) |
Parisekoak
Bart guasapak su hartu zuen,
esaten dena. Herrian ditugun egoitza bietako bat Covid16
deritzonak jotakoak hartzeko egokitu behar dutela diote. Hartan diren
egoiliarrak, berriz, ondoko herriko bestera eroango omen dituzte.
Goizaldeko bostetan, gaur, egoiliarrekin batera egoitzako langileak
ere joango direla esanez guasapa. “Izua atean” egoerara iritsi
garela da gure zerrendako guasapetan idatzi dutenei igarri diedana.
Lafayette ttippiaren armadore dabilen anaiari deitu behar diot.
Bitartean beste mezu batzuk
iristen dira. Batek dio berak daukala, bai?, gripe hau hogeita lau
ordutan gainditzeko formula, ez dakit nondik nora zabaltzen dituzten
lagunek horrelakoak. Egia balitz, zertan dira gobernuak? Harpidetuta
nagoen egunkari bietako batek pandemiaren balizko zabalkundeak
milioika heriotza eragin dezakeela dio. 1918ko hark bezala.
Hark bigarrenez alargundurik
utzi zuen Nikolasa Atxikallende, lehenengoz ezkontzekotan zelarik
laga genion eguneko honi, eta haraxe egingo dut irudimenaz. Hura ere
bere berrogeialdian bizi zen, senargaiaren gutunak ez ezik haren
bisitak ere hartzen zituelarik baina.
Ezkontzaren eguna erabakitzea
gizonari zegokion, eta faktore biren mende egin beharra zeukan.
Lehena, egoera politikoak agintzen zuena; bigarrena, bere Nikoletxu
bihotzekoaren berrogeialdiko zereginek jarritako helburuak eta
aurreikusitako xedeak erdiesten dituzten, edo noiz erdiesten
dituzten. Senargaia presaturik dabil. Eta esandako bi faktore horiei
familia bere aldera ekartzeko egin behar duen ahaleginak arrakasta
erdiesten duen ala ez, hori ere erantsi behar zaio. Horretan, baina,
gizona aurrera egiteko prest. Anaia Koldobikak eta arreba Paulinak
osatzen duten oposizio-fronteak dioena dioelarik.
Eta ez da huskeria, eta hala
ere ahaztu egin zait kasik. Zeremonia non eta nork egingo erabakitzea
falta zen. Esan gabe doa osasunarena eta hori guztia.
LUIS ARANAREN FAMILIA ARGAZKIA |
Data eta prestakuntzak
elkarri loturik zihoazen. Prestakuntzen zerean familiarekiko
harremana. Ezkontzaren aurka dago. Hasiera beretik. Halaxe bada
urriaren hamarrean Nikoleri “Mariari eta Paulinari ez diet esan
oraindino kolegioan zaudela” ziotson, “Jakin badakite, dudarik ez
daukat, baina ez didate ezer esaten; halandabe ados direla ematen du
(…) noiz haiei hitz egin ahal izango egokieraren zain nago”,
erantsiz. Anaia, berriz, “jakitun” zegoela ziotson, eta harekin
hitz egiteko ere egokiera noiz izango zegoela.
Trapu zikinak aspalditik
zeuden eskegita Aranatarren Abandoko balkoi eder hartan.
“Es
tanta la injusticia que con nosotros han cometido y tanto he sentido
yo su comportamiento, que todavía no he tenido el valor para
hablarles de tí con franqueza, por temor de recordar los disgustos
pasados”.
Gutunetan ez du ematen
Sabinok etxekoei aurre egiteko kemena eta adorea, horietatik soberan
zeukanik. Akuilua behar zuen: “Zeuk aginduko bazenit -gaztelaniaz
ziotson- egoera triste hau apurtzeko eta zuri buruz ezer gertatu izan
ez balitz bezala hitz egiteko, orduan, eta orduan baino ez, eta zuri
plazer ematearren hain zuzen, egin egingo nuke, hau da, egiteko
ausardia izango nuke”.
Minaren hedakuntza birikoa
izana zen, barka hitza egoera honetan. Denak zeuden mindurik. Hori
urrian. Abenduaren hamaikan egin zion gutunean egoerak bideraturik
zirudien: “Ahora hablo con toda confianza de tía con hermanos y
sobrinas”, ziotson eta, horren hurrengo, “Hoy les he enseñado en
el Catálogo las ropas que hemos pedido a París para tí.”
Bada, familiaren fronteko
gerran mugimendu estrategikoak egiten zituen aldi berean, horiek
baino atseginagoak egiten ziharduen ezkontzari buruzko gainerakoetan.
Familiaren horrek, bide batez, beste burukomin bat kentzen zion
bikoteari, zera, Bilbon erosketetan norekin irten Nikolek, garai
hartan ez baitzen señoritarik ikusten kalean señoraren edo
halakoren batek lagundurik ez bazen. Behar moduko jendartean, esan
nahi da. “Ya no tendremos (sic) dificultad para que andes en Bilbao
las compras necesarias. Las hermanas o las sobrinas te acompañaran”.
La plaza del Palacio Real (Paris) |
Bai, Sabin ezkontzari
buruzkoetan buru-belarri sartuta zebilen. Eskutitzetan emakumeen
modaren jakile legez ageri zaigu gainera. Horretan antologikoa da
azaroaren 23an -anaia-arreben artekoa artean inola ere erabat
konpondurik ez zegoelarik, adi!- egindako gutuna. Egun hartan,
ostegunero bezala, bisita egin zion eta, dirudienez, ezkontzarako
jantziez hitz egin zuten:
“Nikole amada: Tan pronto
como he llegado á casa de vuelta de tu visita, he escrito á los dos
Almacenes de París: el Louvre y Printemps, pidiéndoles los
Catálogos á nombre tuyo: de suerte que los recibirás ahí un día
de estos”.
Eraztuna, mantilarako orratza
eta orain Pariseko moda, ez zebilen txikikerietan maitemindua
maiteminarekin. Une goxoak bizitzen ari ziren, eta laster goxoagoak
bizitzea espero. Hasteko, hurrengo bisitaldian: “Creo que en la
próxima visita podremos ya examinarlos y pedir lo que por ahora nos
haga falta. Sirven pronto”.
“Hemen etxean badaude
katalogoak, baina ez dira nireak”, ziotson.
Norenak ote ziren, bada?
Aranatarrak, anaia Koldobikak eta beronen emazte Mariak, bion
sema-alabak -“los sobrinos” gorago aipatuak-, arreba Paulinak,
Parisera agintzen ote zituzten jantziak etxera ekartzeko? Interneten
daude katalogook eskegita.
Gutunetan zioena sakon
aztertzeko beste tresnarik ezean hitzei huts -hutsik kasu eginez gero
Sabino Arana kasik connsaisseur irizten zaien horietakoa zela
esan liteke.
“Deabruaren hotzak jasaten
ari zarenez ez duzu beste erremediorik -itzultzen ari naiz-
soingainekoa erostea baino, eta gustuko izan duzun horri kapa
irizteak ez du esan nahi izango oinetarainoko kapa, ezta?, ez bada
ere katalogoko teknizismoetan collette deritzon beste hori baino”.
Luxuzkoa izan barik ahalik
eta dezenteena erosteko eta diruari ez begiratzeko ziotson horren
ostean. “Gogoko izan baduzu eta besterik ez badaukate, eros ezazu;
dendarien aitzakiak izaten dira besterik ez daukatela esatea, eta
laster edukiko dutela, prezioari ez deritzot larregizko”, eta
horren hurrengo, hona hemen connsaisseur edo jakilea berriro,
irakasle. Lehenengo ikasgaia:
“Que
sea serio y elegante: la elegancia está en las formas, y en el
color, no en sus adornos. Estos y la extraordinaia calidad del género
constituyen el lujo, pero no la elegancia”.
Txikitako gure munduan
elegante hitza magikoa zen. Amumaren ahoan batez ere. Elegantzia
esaten zenik ez daukat gogoan. Bigarren ikasgaia:
“Los
adornos y los colorines resultan cursis, pues revelan pretensiones
que no se pueden satisfacer”
“Horrek
dekoz pretentsinuak”, esaten aditzen genuen eta, negatibo berba
hori! Hirugarren ikasgaia.
“Buen
genero: en esto lo barato sale caro. Buen genero, pues, sin ser
excesivo, sin ser precioso, como la piel de zorro plateado ó las
plumas de colibrí”.
Zilar-azeriaren
larrua eta kolibri lumak? Exotismoaren gailurrak. Laugarren ikasgaia:
“Corte elegante; abrigo que abrigue; color serio (el azul oscuro
es muy bueno)”.
Azularen horretan Bilbok ez dio sekula uko egin bere “azul
Bilbao”, Bilbon hain ospetsua den koloreari. Hurrengoa:
“(...) y adornos, los correspondientes, sin llegar á ser pichis,
porque estos no son elegantes, porque no son artísticos.”
Emiliano Arriagak, 1896ko Lexicón bilbaino
sonatu hartan, “pichi” euskaratik zetorrela -Pichi (Del e. inf.
Bitxi, adorno.)- eta zer esan nahi zuen -“Objeto que deslumbra por
sus colorines ó espejismos”- utzi zigun idatzita, Sabini ez
zitzaion arrotz izango liburua, gutxiago egilea. Emiliano, jatorretan
jatorra, Euskaldun Batzokijaren lehenengo burukidea izan zen.
1909an Begoñako Amaren Ereserkia idatzi zuen, Sabino Arana Goiriren
letra baliatuz, bego datua.
Burua joan zait. Maisuaren azken ikasgaia Nikole hogeita bost urteko
ikasle monjen kolegioan ezkontzarako falta direlarik, zenbat aste,
edo egun?
“El buen gusto en el vestir de la mujer agrada á todos y es señal
de buena educación. El descuido y abandono, por el contrario, es
señal de que hay desorden en casa; y el lujo y boato, por su parte,
es señal de cabeza ligera y de poca educación”.
Eta norbaitek ikasgaia hitza gutunaren edukiari aplikaturik
erabiltzea neure asmakeria izan dela uste izango balu, oker galanta
horrena:
“Con esta leccioncita
-ikastalditxo?-, á más de las indicaciones de la M. Aspiazu creo
que ya estarás en disposición de lanzarte á comprar tu abrigo; y
así fijado tu criterio y tu gusto no repares en el precio, como no
se trate de un comerciante judio (…) Yo no te reñiré por tus
derroches, pues tengo confianza en tí”.
Zenbat merkatari judu zegoen Bilbon 1899an, ez dakit. Esateko moduan
esan ote zuen ere ez dakit. Nolanahi ere harako kantu txinbero
hura, “A aquel ladino francés le ha tocado la loteria” dioena,
ez dabil egiatik urrun. Bilbon baziren ladinoak garai hartan. Askoz
lehenagotik.
Berriro joan zait burua.
LOUVRE KATALOGOA |
Ez da berrogeialdiko honetan orain arte bizi izan ditudan beste
goizak bezalakoa gaurkoa. Oraindino etxetik kanpora ezertarako irten
gabe ni, balkoipean daukagun errepidea azkenetan baino isilago
asmatzen dut, neure irudipena da beharbada. Mikak bai, ikusi ditut;
azken egunetan ostenduta ibili dira.
Gehien igartzen dena hornikuntzako kamiotzar horien hotsa da. Guztiz
berezia. Ibilgailuak zein luzera, halako tartea hartzen du haren
melodiak pasaeran. Denboraren denboraz halako makinen hotsak horraino
bereizten ikasi dut.
Laburtuz, goiza isilik doa.
Idazten segitzeko lehenengo anaia armadoreari deitu behar diot.
Pozik igarri dut.
-Etxean?
-Garajean. Lafayette ttipiari mastak egiteko material bila, argitu
dit.
Goiko egoitzaren mugida aipatu diot. Lasai-lasai erantzun dit,
baietz, horkoak Busturiara joatekoak direla, edo dagoeneko joanda
daudela. Hutsik utzi dituzten lekuak gaixoak ekartzeko direnetz,
ideiarik ere ez. Etxe ondoan paseatzen ibiltzen naizela aipatu diot.
-Zoaz kanposanturaino.
Atzo joan nintzela, eta atea itxita barruan entzerratuta zelan
geratu nintzen kontatu diot. Baita ere zelan irten nintzen handik
kanpora.
-Ene! Hurrengorako jakin egizu atearen ondoan barruko aldean hura
irekitzeko botoi elektriko dagoela.
Gauez ondoko obrako isurketek ateratzen izan duten zarata kendu egin
dutela esan dit, pozik. Azaldu dit zelan.
-Ideia ona!, esan diot, insomnio eragiten izan dion zaratari udalak
eman dion soluzioagatik.
-Neuk proposatu nion alkateari.
Harentzako papera neuk idatzi nion eta, gogorarazi egin diot
protestek ez dutela beti huts egiten. Pozegi dago azken horri
garrantzia emateko.
QUINA |
Ezkontzarako planak. Abenduaren hamahiruan Sabinok hartu duela azken
eskutitza diotso Nikoleri. Eta Louvrekoak hamalaurako iritsiko
direla. Horren hurrengo, anaiak eta besteek ezkontza onartu dutela,
goian esan bezala. Zer geratzen da? Gabonetarako planak egitea
geratzen da. Horri loturik, noiz arte kolegioan, hori erabakitzeko
zegoen? Eta horren mende erabaki behar zen ezkontzaren eguna? Ala
alderantziz zen, eta ezkontzaren eguna erabakita zeukan erabakitzeko
agintea zeukanak?
Hilaren hogeita hirua arte han egon beharko duela, argi dauka
senargaiak. Gabon gauaren ostean zein egun batzuk beranduago itzuliko
den, itzuli egingo zelakoan zegoen kontua. Ez zen hala izan. Iritzia
behintzat eskatu zion:
“Espero que el jueves me diŕas tu parecer. No me contestes lo que
tú quieras como acostumbras: dime tu parecer, y luego yo veré si
conviene hacer lo que a tí te parece ó lo contrario”.
Zeharkako bidez gutunak ezkontzarako oztopoak deseginez doazela
ziotson: “Las hermanas y la sobrina volvieron muy satisfechas de tu
visita. Largo rato estuvimos hablando de tí.”
Hartan zirelarik, ziotson Sabinok, batek Nikole “guapa” zela
esan omen zuen. Horri erantzunez arimako “guapura” aipatu zion,
egun ere boladan segitzen duen platerean gaztelania jaki nagusi eta
euskarazko hitz batzuk apaingarri:
“Ya sabes que la belleza del corazón es la que más me enamora:
el corazón puro, noble, humilde y generoso: garbi, zinzo, otzan eta
apatza.”
Gorago egin dugun galderari erantzunez, gutunaren amaierak diosku
egun hartarako erabakita zegoela noiz ezkonduko ziren:
“Te advierto que no debes decir á nadie cuando nos casamos. Si te
lo preguntan, puedes contestar que antes de Carnaval”.
Halaxe izan zen. Otsailaren bia, Kandelari, Aratuste eguna izaten
zen Busturialdean. Dena dela hartara iristeko bidea azkartu beharra
zegoen. Sabinok Nikole kolegioan urtarrilaren erdialderaino gera
zedin eta ondoren exerzizio espiritualak egin zitzan nahi bazuen ere
-”los ejercicios que por lo regular suelen alterar los nervios y
debilitar”, diotso- gabonen ostean ez zen itzuli monjen kolegiora.
Abenduaren hamalauko gutunean aipatu zionez, zelan Paulinak eta
Mariak hala Luisek ere “argaldu eta kolorearen aldetik
desmejoratuta” ikusi zuten.
Ez al zen konturatzen, maitemindua? Urriaren bertan idatzi zion
Nikoleri, esanez hark bidaliko gastu-kontuetan zelan ikusi duen
bederatzi pezeta quina erosi duela, eta ea ba quina hura zertarako
zen, buruko ilerako ala hartzeko, zeren eta hartzeko izan bada
gaixorik egon den seinale, eta hala izan bada zer-dela eta ez dion
esan.
Zer esan behar zion gaixotasun zantzurik inondik ere igartzen ez
zion osteguneroko maiteminduari? Zer, Paulinak eta Mariak behingoan
igarri eta bera ikusteko gai izan ez zen argaltze eta kolore galtzeaz
jabetu ez baldin bazen? Ez dakit hori azken hori erabakigarria izan
ote zen ala ez.
Zena zelakoagatik, egonaldia ez zen luzatuko.
Ezkontza noiz egingo zen, erabakita zegoen.
Azken batean Sabinok gogoan zeukana ezkondurik andrearekin bakartan
egon ahal izatea zen.”¡Qué ganas tengo de tenerte en casa, de que
seas las señora de mi casa”, urrian. Eta abenduan berori, beste
erotismo molde batez. “¡Qué deseo tengo, Nikole mía, que llegue
el día en que recemos los dos juntos y solos el Rosario!”.
Formalidade hutsa?
Urratu beharreko bidea zen formalkeriena.
Bien arteko distantzia murriztu beharra ikusten zuen Sabinek.
Halaxe esan zion azaroaren hiruko gutunean, kolegioan ordurako
Nikolek berrogei egun zituelarik eginak.
“Oye Nikotxu: no me pongas más apreciable en las cartas. Me
parece palabra muy estudiada. ¡Algunas vueltas le habrás dado al
libro de cartas escogerla!
Apreciable ala apreciado, zelan ote zekarren liburuak. Ez dirudi
karta-liburuan apreciable señor irakurriko zuenik. Apreciado?
Euskaraz, preziatua?
Ez al zen berba polita “preziatua”?
“En vez de apreciable, ponme otra cosa en euskara, lo primero que
se te ocurra, y la carta la sigues escribiendo en español”.
Errosaria behintzar euskaraz izango zen.
Han beste aldean fatxada konpontzen ari diren langileek kasko barik
segitzen dute.
Jausiko da baten bat eta orduan komediak.
Hortxe aurrean makina eta guzti gazte latinamerikar hura jausi
zenean legez.
Istripua izan ondoren jarri zituzten halako obra guztiek behar
dituzten seinaleak, seguritate baliabideak eta enparauak.
Aldamioetan gora eta behera dabiltzan kasko gabeko langileei tarteka
nahi gabe begiratuz, Franz Kafka maisua etorri zait gogora.
“Orduan iritsi zen gure mundura txinar harresia eginda zegoela
zioen albistea. Atzeratuta iritsi zen, hogeita hamar urteko
atzerapenaz. Uda arratsa zen. Ni, hamar bat urtekoa, aitarekin
nengoen, ibai ertzean. Ordu horrek, maiz aipatu den bezala, horrek
duen garrantziagatik, xehetasun txikiekin ere gogoratzen naiz”.
Ni neu ere gogoratuko naiz gaurko arratseko eguzkiarekin eta
oraintxe bertan aldamiona goi-goian ez kaskorik ez segurtasun beste
ezer barik diharduen langilearekin. Imintzioengatik pozik dirudi.
Berrogeialditik salbuetsita bera, Osalanen bisitaldietatik
salbuetsita Mundaka.
Bego!
Edorta Jimenez Ormaetxea
2020ko martxoaren 26a
Comentarios
Publicar un comentario