Bertoko baserrietatik eskualdeko ikasgeletara

GERNIKA LUMO ORTULehen sektoreko ekoizleen lanak eta tokiko kontsumo arduratsuak duten garrantzia azaleratzen du Nekazariak Eskolan proiektuak. Ikasturte honetan Busturialdeko bost ikastetxetan landuko dute.

Baserritik ikastetxera. Lehen sektorea eta hezkuntza elkartzen ditu Nekazariak Eskolan proiektuak. Liburuetatik ikasi daitekeenetik harago, lehen sektoreko ekoizleen ahotik ezagutzen dute umeek batzuentzat hain hurre baina besteentzat hain urrun dagoen errealitatea.

HAZIren landa mundua hirira gerturatzeko Nirea proiektuaren barruan dago Nekazariak Eskolan. Lehen sektorea ikasgeletara hurbilduta, ikasleek lehen sektorea ezagutzea eta nekazarien lanak eta tokiko kontsumo arduratsuak duten garrantziaz jabetzea dira helburuak. “Gure nekazarien lanak duen garrantzia ikasleei ikusaraztea da helburu nagusia, elikagaiak ekoiztu ez ezik, hainbat funtzio betetzen dituztelako, osasuna, kultura, jasangarritasuna, nortasuna, paisaia ingurumena eta abarrekin lotutakoak”, azaldu du Dafne Mazo Urbaneja Urremendiko lehen sektoreko teknikariak. Kontzientzia hartzeko eta interesa pizteko euren inguruko nekazariekin lotura afektiboa lantzen dute, beraz, ikasgeletan, nekazariek eurek hitz egiten baitiete euren lanbideaz eta bizimoduaz.

10-12 urte bitarteko umeei (LHko 3. zikloa) zuzendutako ordubete inguruko tailerrak dira, eta irailetik maiatzera bitartean eskaintzen dituzte.

Araban eta Bizkaian
2012an Araban hasi zuten proiektua, eta nahikoa arrakastatsua izan zenez, Bizkaira zabaltzea erabaki zuten. Mazok gertutik jarraitu du proiektua: “HAZItik Bizkaiko landa garapen elkarteekin jarri ziren harremanetan. Proiektua aurkeztean, Bizkaiko landa garapen guztiok ikusi genuen proiektu honen garrantzia, eta Bizkaian martxan jartzeko aukera zegoela ikusi zen». Bizkaian zelako harrera zeukan ikusteko, 2017-2018 ikasturtean proba pilotua egin zuten. 2018ko maiatzean, zazpi baserritarrek hamalau tailer eman zituzten Bizkaiko lau hezkuntza zentrotan. Horietako bat izan zen Gernika-Lumoko San Fidel ikastola. Eskualdeko bi ekoizle joan ziren hara; bata eztizaina eta bestea ortua eta kiwiak lantzen dituena.
Eskualdeko ekoizleek tailerrak ematen dizkiete 10-12 urte bitarteko ikasleei
HAZIk eta Bizkaimendi Bizkaiko landa garapen elkarteen sareak koordinatzen dute proiektua. Hastapen probaren balorazio positiboa egin zuten bi aldeek; hezkuntza zentroen bataz bestekoa 5 puntutik 4,5ekoa izen zen; baserritarrena, 4,75ekoa.

Arrakasta ikusita, 2018-2019 ikasturtean programaren barruko tailer denak Araban egin ordez, Bizkaia eta Araba artean banatu zituzten.
Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxea izan zen parte hartu zuen Busturialdeko zentro bakarra. «Eskola jantokiak bertoko produktuetan oinarrituta egoteko Jangurie proiektua lantzen dutenez, interesgarria ikusi zuten horregaz lotuta lantzea. Tailer nahikotxoa egin zituzten», zehaztu du Mazok. Halaber, bertoko ekoizleek eskualdetik kanpo zenbait tailer eman zituzten.

Proiektuak Busturialdean indar handiagoa hartzeko ardura daukatela dio lehen sektoreko teknikariak: “HAZIri beti eskaini diogu gure laguntza. Ikastetxeak pixka bat gehiago bultzatu behar genituela ikusi genuen Urremendin. Oso proiektu interesgarria izanda, eta bertoko ekoizleek parte hartuta, pena ematen zigun proiektuak aurrera ez egitea. Ikasturte honen hasieran, HAZItik bidaltzen dituzten mezuez aparte, telefonoz deitu genuen bertoko ikastetxeetara, proiektua azaltzeko”.

Ikasturte honetan programa Busturialdeko hainbat udalerritara zabaldu da. 2019-2020 ikasturtean eskualdeko bost zentro hauetan emango dituzte tailerrak: Busturiako J.M. Uzelai ikastetxean, Gautegiz Arteagako Montorre eskolan, Arratzuko Barrutia ikastetxean, Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean eta Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxean. “Guztira, 330 bat ikaslek parte hartuko dute”.

Gaur egun, eskualdeko zazpi eskoizle daude programaren barruan: “Frutagintza, eztizaintza, ortugintza, okintza, esneketaria… denetik daukagu. Hiru hasi ziren, eta hasieratik bik jarraitzen dute; bat atera egin zen, ez dagoelako sektorean”. Aniztasun horrek proiektua aberasten duela argi daukate denek.

Proiektua garapen iraunkorraren helburuekin lotu dute ikasturte honetan
Kontsumo eta ekoizpen jasangarria bultzatu asmoz, garapen iraunkorraren helburuekin lotu dute programa ikasturte honetan. HAZIk 100 tailer atera ditu, eta horietatik 60 Bizkaian emango dituzte. Bertokoei dagokienez, Allende Salazarreko tailer guztiak urrian egin zituzten, eta gainerakoak urtarriletik maiatzera egingo dituzte.

Lehentasunak

Ikastetxeen curriculumen arabera antolatzen dituzte saioak. “Batzuek Agenda 21ekin lotzen dute, beste batzuek, agian, eskualdeko ingurumenaren gaia lantzen dutenean eman nahi izaten dute”. Ze ekoizle mota gura duten ere zehazten dute zentroek: «Ikastetxeek lehentasunak zehazten dituzte, eta lehentasun horien barruan ze aukera dauden ikusten da”. Ondoren, baserritarren lanaren eta ordutegien arabera ipintzen dituzte tailerren egun eta orduak. “Adibidez, ekoizleek azoka egunetan ezin izaten dute”.

Saioak bukatuta, ebaluaketak egiten dituzte. Horrela, ekoizleen, ikasleen zein tutoreen iritzia jasotzen dute. “Ikasleei gehienetan irudi bat egitea eskatzen zaie, zegaz geratu diren jakiteko… Hor ikusten da azaldutako gauza guztien artean zer den gehien harritu dituena”.

Zelako harrera izan duen jakiteko balio izateaz gain, zer hobetu edo moldatu daitekeen jakiteko ere balio diete ebaluaketek.

Mazoren berbetan, ekoizleek era didaktiko batean eta beraiek sentitzen duten modura egiten dituzte saioak. “Aurkezpenak egiteko hiru ildo nagusi dituzte: ekarpena, komunikazioa eta lankidetza”. Tailerrak prestatzeko askatasun osoa daukate, baina, irizpide modura, hainbat helburu didaktiko zehaztuta dituzte. Irizpide horien inguruan garatzen dituzte tailerrak; landu beharreko gaiak azpimarratzeko baliagarriak dira.

Esaterako, jarduera horretan familiak duen pisua azaltzen dute, hemengo nekazaritzaren ekoizteko modua eta bizimodua familiari lotuta baitaude. “Era berean, nekazaritza beharrezko lanbidea dela eta duintasunez bizitzeko aukera ematen duela ikusarazten zaie ikasleei. Ekoizteko moduaren alderdi onak aztertu eta baloratzen dituzte; lurrari lotuta dagoelako eta lurra errespetatzen duena delako. Produktu bakoitzak garai eta leku egoki bat duela ere erakusten dute, haiek ezagutu eta preziatu beharraz konturarazteko”.

Kontsumo arduratsuaren garrantzia erakustea da tailerren oinarri nagusietako bat: “Tokiko nekazaritzari eutsi nahi badiogu, denok egin ahal dugu eta egin behar dugu zerbait kontsumitzaile gisa. Gure lurraldeari eta ongizateari eusteko garrantzia handikoa da kontsumo arduratsua”.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Ecce Homo: Hemingway

Juan Leon Kruzalegiren 120. urteurrena

Hemingway 2 / 1918-1919: EN LA GUERRA Y EN EL AMOR